Arazoak eta konponbideak
Zigandak sendotasun falta dagoela uste du
Entrenatzailearen ustez, taldeak ez du «sentsazio txarrik ematen» baina sendotasun faltagatik, «errazegi» ihes egiten diete partidek eskuetatik
GARA | IRUÑEA
Urteko azken txanpari ekingo dio Osasunak bihartik aurrera. Garrantzia handiko txanpa, gainera, taldea zer-nolako egoeran dagoen, zenbat partida jokatu behar dituen eta aurkariak zein diren kontuan hartuta.
Gorritxoek, noski, aste hauetan hoberantz egitea espero dute, Gabon lasaiak pasatzeko. Hala, helburu hori lortzeko, Jose Angel Zigandak bere taldeak agertu izan dituen arazo nagusiak aztertu zituen atzo, baita horien konponbideak ere.
Entrenatzaile nafarrararen ustez, Osasunari «sendotasuna» falta zaio, batez ere. Horregatik, eta gol askorik ez dutela sartu onartu arren, talde iruindarrak, lehenik eta behin, defentsa indartu behar duela uste du. «Zelai-erditik gora hobetu dezakegu, beharbada, baina partidak galtzearen arrazoia atzealdea da. Golak errazegi ari gara jasotzen -azpimarratu zuen Zigandak-. Sendotasun handiagoa izatea lortu behar dugu».
Gabezia horren ondorioz, «aurkaria baino okerrago aritu ez bagara ere, hainbat partidek eskuetatik ihes egin» diete gorritxoei, beren entrenatzailearen aburuz. «Taldea gutxitan sentitzen da menderatuta, edo zelaian galduta; hori ez da sentsazio txarra, baina ez dugu irabazten. Sentsazioa da partidek errazegi ihes egiten digutela. Horrexegatik, atzealdetik hasi behar gara -errepikatu zuen-. Partida on bat egitea falta zaigu, golik ez jasotzea, eta sendotasuna edukitzea». Baita ere, «ehunetik ehuna ematea partida osoan, lehen unetik denak emanda, minutuak oparitu barik».
Egoera eta sentsazioak onenak ez izan arren, Zigandak ez du urduritasunik nahi eta, zorionez, taldean ez du somatzen komenigarria ez den presiorik. Horregatik, hurrengo jardunaldiak erabakigarriak direnik ez du uste. «Garrantzitsuak bai, baina denbora asko daukagu aurretik eta galduta ere, ez ginateke Bigarren Mailan», gogorarazi zuen. Ildo berean, baikortasunez begiratzen dio egutegiari: Osasunak oso partida zailak jokatuko dituela esan beharrean -hala dela onartu arren-, nahiago du «aste baten barruan puntuak lortzeko hiru aukera izango ditugula» pentsatzea.
Hamaikakoa
Biharko partidari dagokionez, igandean jokatu zuenaren «antzeko hamaikakoa» erabiliko duela aurreratu zuen Zigandak. Hau da, Betisen aurka jokatuz gorritxoen azken garaipena lortu zuen hamaikako bera, gutxi gorabehera. Partida hartan bezala, Riazorren ere «oreka izatea, baloiaz jabetzea eta sentsazio positiboak aurkitzea» espero du entrenatzaileak.
Gaur egingo du Deportivoren aurkako partidari begirako azken entsegua (ondoren, 9.45ean, Galiziara bidaiatzeko), atzo suspertze lana egin baitzuten iruindarrek Tajonarren. Talde osoa aritu zen saio hartan, minduta daudenez Coruñara bidaiatuko ez duten Josetxo, Igotz Garde eta Javier Flaño izan ezik.