HARRI-JASOTZEA | Marka saiakera
Goenatxok bi aldiz berdindu du 213 kiloko beruna
Azkoitiarrak orain arte inork egin ez duena egin zuen atzo bere herrian. Behin jasota nahikoa zuen, baina bigarren jasoaldia ere eman zion.
Jon LEUNDA | AZKOITIA
Juanjoxe Unanue Goenatxok bete zuen bere helburua, eta bi aldiz berdindu zuen 213ko berun kubikoa bizkarraren gainean, sei minutuko txanda bakar batean, eta marka berri bat ezarri zuen, orain arte inork ez baitzuen tamaina horretako berunik berdindu bizkarrean.
Sekulako jendetza batu zen Azkoitiko plazan Goenatxoren marka saiakera hau ikustera. Azkoitiarrak berak iragarri zuen bere asmoa bi aldiz jasotzea zela, baina justu samar ikusten baldin bazuen bere burua, behin jasoko zuela. Hala ere, gerturatutako inork ez zuen uste markarik izango ez zenik, eta gehienek pentsatzen zuten, Goenatxok bi aldiz gutxienez, jasoko zuela.
Epaileak txistua jo bezain azkar heldu zion berunari, eta ongi berdindu zuen. Marka egina zegoen. Hala ere, Goenatxo bi aldiz jasotzeko asmotan joan zen, eta bigarrenaren bila abiatu zen. Tarte bat utzi zuen, atseden hartzeko, eta bere burua berriro ere prest ikusi zuenean heldu zion berunari. Gerrian buelta ematean, behera samar geratu zitzaion, baina ongi eutsi zion, eta bigarrena ere jaso zuen.
Bukatzerako pozez gainezka zegoen azkoitiarra: «Etxean egiten nuen lana egin nahi nuen hemen ere, eta horixe egin dut. Han bi aldiz jasotzen nuen, eta gaur ere horixe egin nahi nuen, eta lortu dut», adierazi zuen.
Berunak, harriak baino arazo gehiago dituela ere berretsi zuen: «Dena du honek zaila. Tamaina txikia duenez, gerrira ekarritakoan oso behean geratzen da. Gero, bultzaka-bultzaka ekarri behar da gora, baina kontuz ibili beharra dago, bestela ihes egiten baitu. Hala ere, dena ongi joan da, eta oso konforme nago», onartu zuen.
Hemendik aurrerra lasai egoteko asmoa agertu zuen: «Orain egoteko ere ongi nago, bi marka eder egin ditut, eta orain atseden hartuko dut. Erakustaldi batzuk egingo ditut, baina lasai», esan zuen.
Marka ahaleginak ikusi nahi dituenak, urtea amaitu baino lehen hiru ikusteko modua izango du. Hasteko, hilaren 16an Aimar Irigoien arituko da Zizurkilen 152 kiloko kubikoarekin. Hiru minututan Goenatxok duen errekorra gainditu nahi du.
Errezildarrak ez du izango atsedenerako tarterik, 175 kiloko zilindroarekin marka saiakera egingo baitu hilaren 21ean. Bi minutu izango ditu lanerako. Ez dago horrekin markarik. Hilaren 26an, Zestoan, Miren Urkiolak egingo du ahalegina, 120ko zilindroarekin.