Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria
Euskararen normalizazioa 2.0
Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna da. Euskaldun egiten gaituen hizkuntzaren nazioarteko eguna. Izan euskal herritar edo ez. Gaurkoan, euskararekiko gure harreman sentimental eta emozionala mundu osoan zabaldu nahi izaten dugu. Mugarik ez duela, eta bizitzako aspektu guztietan erabilgarria dela aldarrikatzen dugu; gure hizkuntza kuttuna dela; gure ondarea, gure diamante preziatua. Eta gu bere hiztun. Bere existentziaren arduradun. Bere eboluzioaren oinarri. Eta nazioartean, mundu mailan, entzun, ulertu eta errespeta gaitzaten defendatzen dugu. Hori eta gehiago oihukatu behar dugu gaur. Eta oihu hori eremu guztietara zabaltzea ere, gure ardura da, euskal hiztunona.
David Crystal, Cambridge-ko Unibertsitateko irakasle batek, 2004an, zera esan zuen: «eremu urriko hizkuntza batek aurrera egingo badu, bere hiztunek teknologia elektronikoa erabiltzen dutelako izango da». Eta ez zaio arrazoirik falta. Hizkuntza baten nazioartekotasun izaera hori, nonbait edo nolabait errealitate bilakatzen bada, hori Interneten eta teknologia berrien munduan gertatzen delako.
Globalizazioaren garaiotan, eta euskararen etorkizunaz ari garenean, Internet eta teknologia berriak arriskutzat har ditzakegu. Eta arriskutsuak izan, badira. Baina gustuko izan edo ez, arrisku bat suposatu edo ez, euskal hiztunok ahal dugun neurrian geure egin behar ditugun tresnak dira teknologia berriak, halabeharrez. Eta eremu elektroniko, digital edota birtual horretan, Internet eta software librea dira euskal hiztunok ditugun arma eraginkor bakarrak.
Internet informazioaren autopista da. Eta printzipioz, ordainlekurik gabea. Munduko ia txoko guztiak konektatzen dituen abiadura handiko errepidea da. Hizkuntza edota bestelako bideak erabiliz (irudiak, bideoak...), mundu mailako komunikazioaren dimentsioa irauli duen tresna da Internet. Komunikaziorako kanal bat gehiago. Baina aurreko kanalek beren baitan biltzen ez zituzten ezaugarriak oinarritzat hartzen dituena.
Internetek denboraren eta espazioaren zentzu eta dimentsioak eraldatu egiten ditu. Dena gertuago dago eta dena azkarrago doa. Internetek euskara klik bateko distantzian kokatzea ahalbidetzen digu. Euskararen erabilgarritasun eta balio sozioekonomiko eta kulturalari beste aukera bat irekitzen dio. Internetek ateak irekiak ditu euskararentzat. Internetek, espazio birtualaren muga lausoetan, euskara mundu mailako hizkuntza bilakatzen du. Mundura begira jartzen gaituen leihoa baita, munduak gu ikusteko leihoa den neurri berean.
Software librea da euskarak teknologien mundurako irekita aurkituko duen beste atea. Eremu urriko hizkuntzen garapen teknologikoa bermatu ahal duen teknologia mota bakarra baita software librea. Euskara gainontzeko hizkuntzen maila berean kokatzen duen informatikaren eremua da. Software librea informatikaren mundua ulertzeko beste modu bat da. Askeagoa, irekiagoa, etikoagoa. Eta lankidetza eredu kolaboratiboan oinarrituz, hizkuntza guztiekiko elkartasuna bermatzen du.
Software libreak ez du euskararen balio ekonomikoa neurtzen. Ez du euskararengan «merkatu» bat bilatzen. Alderantziz. Software libreak eleaniztasuna sustatzen du eta, beraz, eremu urriko hizkuntzen garapenari bultzada ikaragarria emateko aukera eskaintzen du. Ezagutza informatiko minimoekin, programen itzulpena ahalbidetzen du. Ez du kosturik suposatzen, denboran eta esfortzuan ez bada. Baina ordainsaria mugagabea da: ordenagailuarekin euskaraz eta modu libre eta etikoan lan egitea aukera erreal bilakatzen baitu.
Orain arte aipatu kontu guztiek, «euskararen normalizazio» kontzeptuan eraldaketa bat eskatzen dute: duela hamar urteko eta egungo egoera normalizatuaren definizioa ezberdina baita. «Euskararen normalizazio» kontzeptuak euskara bizitzako aspektu guztietan erabiltzeari erreferentzia egiten dio. Euskararen egoera normalizatuan, euskarak edozertarako balio behar du. Eremu guztietan funtzionatu behar du. Balio sozioekonomikoa izan behar du, duen balio kulturalaz gain.
Egun, «zortzigarren probintzia» deitzen zaion Internetek hamasei urte inguru beteak dituen honetan, euskararen erabilgarritasun eta balioak Internet eta, oro har, teknologien mundua bere gain hartu behar ditu. Hortaz, «euskararen normalkuntza» kontzeptuak teknologien eremua ere bere baitan bildu behar du.
Egun ezin da Interneten eta informatikan euskaraz bizi gabeko euskararen egoera normalizaturik irudikatu. Eremu bat gehiago da. Baina zeharkakoa, transbersala, beste eremu guztietan eragiten duena.
Egun nahikoa da osasun-zerbitzu publikoko langileekin euskaraz komunikatu ahal izateko eskubide zibila exijitzea, edota langile horrek bere ordenagailuarekin euskaraz lan egiteko eskubidea ere aldarrikatu behar dugu? Egun, Interneteko leihotik begiratzen dugunean, beste hizkuntzekiko errespetuaren oinarrian, ez genuke euskararen eremu birtuala indartu beharko? Ez genuke euskarazko Wikipedia entziklopedia libre, euskaldun, potente eta erreferente bilakatzea helburutzat finkatu beharko?
Euskara egungo mundura egokitu behar dugu. Euskal hiztunok eraldaketaren beharraz jabetzea ezinbestekoa da: horri begirako helburuak finkatuz eta, noski, baita ardura hori gure gain hartuz ere. Hortik dator «euskararen normalizazioa 2.0» izenburua.
Estatu propioa duten hizkuntzak ez daude desagertzera kondenatuak. Eta zentzu horretan, euskararen herriaren egungo egoeratik abiatuz, lagun batek esan zidan moduan, «euskara mundua ikusteko era bat» da oraingoz. Nik, «euskararen normalizazioa» kontzeptuaren egokitzea oinarri hartuta, Internet eta software librea euskararen territorio teknologiko libre bakarrak direla gehituko nuke.