GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Batzuk irten ahala besteak sartu

Okerreko norabidea hartu izanak horixe dauka: aurrerapausoak kalterako direla. Eta Iraken okerreko norabidea hasieratik hartu zen. Gainera, militarrak tartean direnean, endredo gehitua izaten da, gauza jakina baita infanteria zintzoak ezin duela atzera egin, 180 graduko itzuliarekin ez bada (bestelako armaden kasuan, zeresanik ez). Eta horrelako jira-bueltak ez dira gloriatsuak.

Aurrerapauso batzuk ematea lortu du azken zortzi hilabeteotan Petraeus jeneralak Iraken. Hildakoen kopurua murriztea lortu du, adibidez. Baina ez horrenbesteraino bere agindupeko tropa estatubatuarrei dagokienean (eta horrexek erabakitzen du hauteskunde urtean sartu den metropoliko iritzi publikoaren gero eta ezkortasun latzagoa); nabariagoa izan da irakiarren arteko elkar hiltzeak jo duen beherakada... herio eskuadroien jarduera eragotzi duelako, atentatu masibo eta indiskriminatuak gutxitzea bezala. Siriara edota Jordaniara ihes egindako dozenaka mila errefuxiaturen itzulera ere lortu omen du... Irakeko Gobernua haiek hartu eta berregokitzeko ez dela gauza egiaztatu ahal izateko. Betiko mihi gaiztoek, bestalde, esaten dute erresistentzia sunnia osatzen duten talde nagusiak Al Qaedarekin erabat etsaitzea ere lortu duela...

Berri on samarrak iristen hasterako erabat gortu egin dela dirudien iritzi publiko estatubatuarra batere samurtu ez duten albiste hauek, ordea, itxuroso samar agur esateko aukera paregabe moduan hartu dituzte hanka egiteko abagunearen zain-zain zeuden aliatuek. «Gauzak ondo samar doazkizunez, ez gaituzu gehiago behar, ezta?». Australiarrak izan dira oraingoz azkenak, joan zen igandeko hauteskundeek derrigortutako iraulketa politikoaren ondoren: Azoreetan bildu zirenen patu biderkatua nozitu du John Howardek, R. Murdochen laguntza guztien gainetik. Eta Gordon Brown hasi da kontuak ateratzen, alajaina, datorren urteko hauteskundeetarako.

Arazoa da, itxuraz, Irakekoa bezalako operazioek horror vacui moduko bat sortzen dutela, eta ateratzen ari litezkeenen lekua hartzea sartzeko prest daudenak datozkiola gainera Petraeusi. Lehenengoak turkiarrak, PKKko gerrillarien aurka aritzeko aitzakian; baina edonork daki Irak iparraldean sendotzen ari den egitate politiko kurdua dela turkiar armadaren benetako jo-puntua, hango petrolioarekin batera.

Eta hasi besterik ez dela egin lasterketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo