Kunka telebista, Interneten umoreaz gozatzeko aukera
Kunka antzerki eta telebista ekoiztetxeak proiektu berri bat aurkeztu du oraintsu: Kunka telebista, Interneten ikusgai izanen den hedabide berria. Eloi Beato eta Josean de Miguel antzezleek zuzenduko duten proiektuan umorea izango da nagusi.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Telebista berri bat dago martxan Interneten iragan den ostiraletik aitzina. Eloi Beato eta Josean de Miguel antzezleak dira proiektu berritzaile honen sortzaileak. Duela urtebete Gorka Aginagalde antzezlearekin batera Kunka telebista eta antzerki ekoiztetxea sortu ondoren, www.kunkatv.com eratu dute orain. Eloi Beatok azaldu duen bezala, «Orain gauza berriak egiteko gogoa genuen eta guk geuk egindako telebista eratzea pentsatu genuen Josean eta biok. Gure helburua ez da kalitate teknikoa lortzea, bi arrazoiengatik: alde batetik, Internet kalitate handirik eskatzen ez duen hedabidea delako (kamera digital batek ematen duen kalitatearekin aski da); eta bestalde, edukiari garrantzi handiagoa eman nahi izan diogulako».
Hori dela eta, zortzi saio ezberdin dituen Kunka telebista jarri dute martxan. «Hasiera batean, martxa hartu arte, programazioa hamabost egunero aldatuko dugu, baina gero helburua astero edukiak berritzea izango da», azaldu du Eloi Beato antzezleak. Jende guztiari zuzendutako telebista bada ere, «jakin badakigu Interneten gehien ibiltzen direnak gazteak direla, ondorioz gazteak izango dira gure ikusle nagusiak». Ikusleekin hartu-eman zuzena izan nahi dute eta horregatik «El ombligo del mundo» deituriko saioan ikusleek norberaren zilborrari ateratako argazkia bidaltzeko aukera izanen dute eta ondoren, jasotako argazki guztien artean, sari interesgarri eta gozoak zozketatuko dituzte: Cadizen asteburua igarotzeko aukera, Arabako odolkiak eta Errioxako ardoa, esate baterako.
Telebistako saioak egin ahal izateko, laguntzaile ezberdinak izan dituzte Kunka telebistakoek. Horietako batzuk Gasteizko Ortzai antzerki eskolako ikasleak izan dira, «A todo gas» umorezko telesailean parte hartzen baitute. Iraupen laburreko parodiak izanen dira, bizpahiru minutukoak asko jota, kalean grabatutako egoera barregarriak.
Beste laguntzaileen artean, Ramon Monje eta Belen Nevado antzezleak topatuko ditu internautak, baita «Los viejos rockeros nunca mueren» saioa sortu eta egin duen Galder Perez esatari eta antzezle bizkaitarra ere.