Euskal kultura aurrekontuen lehen biktima bihurtu nahian
Euskal Herria 2020 plana gauzatzeko, hasierako 400 milioi euroen ordez, 230 emateko asmoa du Estatuak. Lehentasunak markatzeko bidean, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) proiektuak zalantzan jarri, eta finantzamendua moztu nahi die Kultura Ministerioak.
Eneritz ZABALETA
Euskal Herria 2020, Estatuaren eta Euskal Herriko hautetsien arteko plana aitzina doa. Proiektuen finkatze fasearen ondotik, Estatuak ekarriko duen finantziazioaz erabakitzeko fasean sarturik dago plana. Azken urteetan, hainbat alorretako edukiak proposatu ondoren (kultura, laborantza, urbanismoa, irakaskuntza, hizkuntza politika...), Estatua, proiektu horiek guztiak gauzatzeko emango duen diru kopurua zehazten ari da. Baina, iragan planean, orotara 400 milioi euro emateko prest bazen ere, Euskal Herria 2020 planean, gehienez 230 milioi jartzeko prest dago. Horiek hala, Kultura Ministerioak aste honetan agertu du proposatutako proiektu guztien artean, zein eramango duen aurrera, eta zein utziko duen finantziaziorik gabe. Frantziar Estatuak, Euskal Herrirako plan berezi horren bidez, euskal kultura arloa, bultzatzaile den Euskal Kultur Erakundea (EKE) aitzinkontu mozketen lehen biktima bihurtu nahi ditu.
Horrela, Kultura Ministerioko eskualde ordezkaritzak (DRAC), EKEri, Euskal Herria 2020 planari begira programa kultural bat eratzeko eskatu zion. EKEk egindako programatik, proiektu bakarra kontuan hartu, eta planaren alor kulturala osoki berridatzi du. EKEren programaren odolustearen ondoan, Euskal Herrian lanean dabiltzan beste eragile kultural unibertsalei (kontserbatorioa, Biarritz Baleta, Baionako teatro nazionala) garrantzi handiagoa eman nahi die DRACek. Azken honen programa kulturalean, EKEk ez luke finantziazio autonomorik, eta EKEtik sortutako proiektu kulturalen finantziazioa, beste egitura unibertsaletatik pasarazi nahi du DRACek. EKE bigarren mailako eragile kulturala bilakatu nahi du DRACek.
Aitzinkontu mozketen parean, beraz, Kultura Ministerioak euskal kulturaren eragile nagusia bazterrean utzi, eta kultura unibertsalaren egiturei eman nahi die lehentasuna. Hori gutxi balitz, DRACek, EKEren kudeaketaren inguruko kontu-ikuskaritza bat agindu du azken aste hauetan, bi eragileen arteko mesfidantza areagotuz.
Hautetsien eginkizuna
Kultura Ministerioaren asmoen aitzinean, Euskal Herriko hautetsien eginkizuna funtsezkoa izanen da orain, Euskal Herria 2020 planaren sinesgarritasuna bermatzeko. Anitz izan dira aste barruan, euskal kulturaren berezitasunaren alde mintzatu direnak: «euskal kultura baztertzen duen plan bat onartzea ezinezkoa da» erran zuen Jakes Aberri Biarritzeko kultura zinegotziak berria jakin ondoren: «DRACen kultura unibertsalaz duten ezagutza ez dut zalantzan jartzen, baina, argi dago herri kulturekiko duten destaina» erantsi zuen. «Zertarako Euskal Herriko plan berezi bat egin euskal kultura ez bada kontuan hartzen?» adierazi zuen Max Brisson Kontseilu Orokorreko kultura arduradunak.
Angeluko eurodiputatu Alain Lamassourek programa kulturala planaren negoziazioaren «puntu gogor» bat dela onartu badu ere, «denentzat onargarria den irtenbide bat» bilatuko duten ustea azaldu du. Izan ere, tokiko hautetsiak Estatuarekin negoziazio fasean daude, azken honek ezarri nahi duen finantziazio apala ikusita. Plana berez abenduan izenpetzekoa zen, baina, lehenagoko planetik hona, aitzinkontua erdira jaitsi denez, izenpetzea luzatzen ari da.
Kulturaren alorreko tirabirak, eta DRACek EKErekiko erakutsi duen mesfidantza eta destainak, planaren inguruko zalantzak bizitu ditu. Planaren arlo guztietan, Estatuak egin ditu bere arbitrajeak, eta aitzinkontua arrunt txikitu du. Kulturan egin duen bezala, gainontzeko arloetan ere erabakiak Euskal Herriko bereizgarrien aurka hartzen baditu, Euskal Herria 2020 planaren beraren legitimitatea kolokan egonen da. Estatuaren jarrerak, Euskal Herriko beharrei erantzuteko ahalak murriztuz, eta Euskal Herriko berezitasuna egiten duten egiturak bigarren planora eramanez, planaren kontra azaldu ziren ahotsei arrazoia ematen diela dirudi.
Kultura Ministerioak euskal kulturaren eragile nagusia bazterrean utzi, eta kultura unibertsalaren egiturei eman nahi die lehentasuna.