Hainbat ezezagunek Getxon autobus bati eraso diote eta erabat kiskali da
Bi kale eraso egin zituzten ezezagunek larunbat iluntzean. Lehenbizikoa, Villabonan; hainbat edukiontzi gurutzatu eta bi kutxazain automatiko erre zituzten. Bigarrena, Getxon; hainbat kaputxadunek autobus bati su eman zioten eta zeharo kiskali zuten.
GARA | GETXO
Bizkaibus enpresaren autobus bati eraso egin zioten hainbat ezezagunek larunbat iluntzean Getxon, Bizkaian; ondorioz, erabat kiskalia gelditu zen. Villabonan, ostera, larunbat gauean ere, hainbat edukiontzi gurutzatu zituen kaputxadun talde batek, eta ondotik, bi kutxa automatikori eraso zieten.
Lakuako Barne sailak atzo jakinarazi zuenez, larunbat gauean, 22.30ak inguruan, hiru kaputxadunek biribilgune batean geldi zegoen Bizkaibusen autobus bati eraso zion. Lehenik eta behin, gidaria jaistera behartu zuten eta, segidan, une hartan hutsik zen autobusari eraso egin zioten. Ertzaintzak aditzera emandakoaren arabera, ezezagunek autobus erdian isurkari sukoia gordetzen zuen poltsa bat jarri zuten, eta ondoren su eman zioten. Istant batean hartu zuen su ibilgailuak.
Nahiz eta Bizkaiko Aldundiko suhiltzaileak azkar bertaratu, eta sua amatatu zuten, ezin izan zuten ekidin ordurako autobusa erabat kiskali izana. Getxoko Gobelaurre auzoan jazo zen aipatutako erasoa.
Bi eraso Villabonan
Getxoko alkate jeltzaleak, Imanol Landak, gogor gaitzetsi zuen erasoa; baita udalerriko PPk ere. «Oraindik pertsona batzuek nazio eraikuntza denon ondasunei eraso eginez, mehatxatuz eta erailez» egin daitekeela pentsatzea salatu zuen Landak.
Bestalde, Villabonan ere hainbat eraso egin zituzten ezezagun batzuek larunbat iluntzean. Hala, Ertzaintzak esandakoaren arabera, gaueko 21.30ak inguru zirela, hainbat ezezagunek edukiontziak gurutzatu zituzten Gipuzkoako udalerri honetako kaleetan. Segidan, bi kutxa auto- matikori eraso zieten koktel molotoven bidez.