GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Esperantzara kondenatuak

Eskubideen urraketa Gobernuaren hautu politikoa da arazoei aurre egiteko, edozein antolaketa zainketa pean jarriz.

Gariren azken lanak bete-betean jotzen du gaurko egoeraren definitzeko. Heldu zaizkigun berriek benetan abertzaletasuna zurrunbilo gogorrean murgildua dagoela erakusten digute. Gure haurrak handitzen ikusten ditugunok badakigu gure hats bakoitzari esker hazten direla, gure eskua luzatzen diegularik nola kurritzen ikasten duten. Une bakoitzak aztarnak uzten ditu beraiengan. Etxe askotatik, familia askori hats horren gozamena lapurtu diete. Eskubideen estatutuak omen dira, ez dira horiek euskaldunen eskubideak. Eta gisa guztiz aski dute beste lege baten bozkatzea, eta hori ere baliatuko dute eskubide urraketen salatzeko.

Erreakzio bateratua lortua izan da Ipar Euskal Herrian gertatutako atxiloketen ondotik errepresio abiadura emendatzearen salatzeko. Giza eskubideen aldeko Euskal Herriko komitearen deialdiari erantzunez alderdi abertzale guziek erantzun dute, ezkerreko alderdi batzuekin batera. EAJren presentziak egoeraren aitzinean erantzun bateratuaren beharra indar eta Pariseri erantzuten gaitasun berria eskaintzen du.

Euskal Herria bai koalizioak bultzatu nahi lukeen dinamika litzateke. Ducasse sukaldariaren aurkako atentatuek bizkar zabala dute azken asteetan maila eta eremu guzietako atxiloketak baimendu baitituzte. Iheslariak ere nahasi dituzte atentatu horiekin. Informazio guziak putzu berean prentsak ematen zituen orain arte, badirudi epaileek ere bide horretatik joan nahi luketela. Oso jarduera egokia hemengo biztanleen zorabiatzeko eta edozein elkartasun oztopatzeko. Horrek aski lan txarra manatua izan dela ematen du, sobera gaizki muntatua sinesgarria izateko. Abertzaleak ez dira tronpatu eta ederki erantzun dute Garaziko manifan. Haatik, Parisetik erranen dute hemen ez dagoela konfliktorik, delinkuentiza hutsa dela. Horrela erantzuten baitute Pariseko ederki ordaindutako teknokratek edozein arazoren aurrean. Arazo politikorik ez dago gehiago, gaizkileak baizik. Ondoko asteetan ukanen ditugu denak banan- banan hau Frantzia dela esplikatzeko, horrelako ekintzen aurrean behar diren neurriak hartuko dituztela, eta gaizkileak kondenatuko dituztela. Eskubideen urraketa Gobernuaren hautu politikoa da arazoei aurre egiteko, edozein antolaketa zainketa pean jarriz.

Ez omen da dirurik kutxetan, hori da oso era dinamikoan Sarkozyk adierazi diguna, lan gehiago diru gehiagoren lortzeko. Gauaz edo asteburuetan lan egin beharko dugu, beraz. Berak dirurik ez duenez, euskal kulturari kentzea erabaki du, Euskal Kultur Erakundearen desagertzea programatuz. Lamassourek esplikatu digu Parisen ez dutela ulertzen hemen nortasun berezia badagoela, aski dela esplikatzea eta ulertuko omen dute. Lamassourek uste du artaldea garela eta inuzenteki sinetsiko diogula. Hemen ez da sekula deus kasualitatez lortu, hortzez eta haginez irabazia defenditu behar izan dugu, kasu honetan gertatuko den bezala. Ez da inondik ere bere laguntzari esker etorriko. Lanean jarraituko dugu, esperantzara kondenatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo