GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ainara Iraeta Eusko Ikaskuntzako Gazteria Saileko koordinatzailea

Euskara, zure aukera pertsonala

Hizkuntza bakoitzaren atzean mundu bat ezkutatzen da, altxor bat eta euskararen altxorra zeuk aberastu dezakezu eta zeuk gozatu.

Gaur, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. 1949an Eusko Ikaskuntzaren barruan sorturiko ekimena da ENE, eta euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko sortu zena.

Ospakizun hauen antzutasunaz mintzatzen direnak badira, hots, hizkuntza baten normaltasuna lortzeko horrelako egunak desegokiak direla ziurtatzen dutenak. Beste batzuek aldiz, gaitzik egiten ez duela uste arren, ez dute parte hartzen. Euskararen eskubideak eta betebeharrak ordea, ez dira gaur egun eta gure herrian gaztelerak dituen berdinak, eta hori errealitatea da. Erabilerari dagokionez, 2001 urteko Euskal Herriko Soziolinguistika Inkestaren arabera, «Nola hitz egiten duzu etxean elkarrekin zaudetenean?» galdera Euskal Herriko 3.045 pertsonari egin ostean, %47k nagusiki gazteleraz erantzun zuen. Iturri berberen arabera, «Nola hitz egiten duzu laneko lankideekin?» galderari %44k nagusiki gaztelera erabiltzen duela erantzun zion, eta eguneroko saltzailearekin %46k gaztelera duela mintzabide ihardetsi zuen.

Datu positiboen artean, aipagarria da D ereduan dabiltzan ume eta gazteen kopuruak nabarmen egin duela gora azken urteotan; horrek eragin zuzena izan du elebidunak ugaritzean.

Datu hauek positiboak badira ere, ezin da ahantzi euskara oraindik ere ahul dagoela EAEn. Alde batetik, kontuan hartu behar da erkidegoko biztanleen erdiek ez dakitela euskaraz. Horrekin batera, ezin da ahantzi 2005. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak eman zituen datuen arabera, D ereduan ikasten zuten ikasleen %68k ez zuela gainditzen 16 urterekin beharrezkoa den euskararen ezagutza maila.

Azkenik, aipatzekoak dira erabileraren inguruan dauden arazoak ere. Zentzu honetan, euskararen alde egin diren ekimen eta kanpainek gurasoak beren seme-alabak D ereduan matrikulatzera bultzatu badituzte ere, hori ez da erabileran islatu. Gaur egungo gazteek, batez ere hiriburuetan bizi direnek, euskaraz aritzeko edota harremanak euskaraz egiteko aukera gutxi dute.

Honengatik guztiagatik eta beste hainbat arrazoirengatik, euskaldun askok ENEren beharra aldarrikatzen dugu datu hauek guztiek, egun batez gutxienez, pentsatzera bultza gaitzaten. Horregatik, gurekin ospatzera animatu nahi zaituztegu, batez ere, gazteak. Horretarako, Eusko ikaskuntzak Uxue Alberdi, Etxabe, Sustrai Kolina, Xabier Paya eta Oihane Perea bertsolariekin grabaturiko hamar bertsoko bideoa ikusi ahal duzue www.gaztea.euskonews.com webgunearen bidez. Bestalde, han euskarari zuen atxikimendua agertzeko aukera duzue, bai eta bertsoen inguruko zuen iritzia.

Azkenik, eta Wall Street Journalen argitaratutako artikuluari erantzuna eman nahian, Eusko Ikaskuntzak zuen atxikimendu guztiekin erantzuna emango dio artikuluari. Euskara beste hizkuntzak bezala erabili ahal dela uste baldin baduzu, lanean, barre egiteko, haserretzeko, adiskidetzeko, akordioetara iristeko... lagunekin eta familiarekin komunikatzeko; ikertzeko eta ikasteko; esna eta lo, amets egiteko; seme alabekin jolasteko, pozteko, maitatzeko, zigortzeko, eztabaidatzeko... ligatzeko, maitasuna egiteko, ongi pasatzeko... zure atxikimendua behar dugu.

Ospakizun honekin bat egitea aukera pertsonala izango da, egunero gizakiak egiten dituen beste hainbat aukera bezala, euskarari bizia ematea edo lo uztea aukera pertsonala den bezala. Zurea. Bakoitzak erabakiko du bere bizitza zein hizkuntzatan egin nahi duen, zein mintzaira erabiltzen duen, baina hizkuntza bakoitzaren atzean mundu bat ezkutatzen da, altxor bat eta euskararen altxorra zuk aberastu dezakezu eta zeuk gozatu. Hemen aitzinean duzu, zure zain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo