Picassoren «Guernica» artelanaren faksimileak Artziniegan ikusgai dira
«Bakearen alde, 70.urtemuga» du izena Picassok «Guernica» artelana prestatzeko egin zituen marrazkiak biltzen dituen erakusketak. Artziniegako Museo Etnografiakoak bertako margolarien koadro eta umeen margoz jantzi du urtarrilera arte ikusgai izango den bilduma.
Josune VELEZ DE MENDIZABAL | GASTEIZ
Pablo Picasso-k «Guernica» margolana osatzeko zirriborro gisa egin zituen irudietatik, 42 jarri ditu erakusgai Artziniegako Museo Etnografikoak urtarrilaren 6a bitartean.
Ez dira «Bakearen alde, 70. urtemuga» erakusketak biltzen dituen artelan bakarrak; Enrique Frances, Pilar Alvarez, Teresa Lafragua, Jorge Nuñez, Jose Maria Pinto, Jose Juan Rivas eta Fernando Ureta artisten lanak ere han izango dira. Gernika, Otxandio, Legutio eta Durangoko bonbardaketak islatu dituzte beren margoetan. Xabier Santxotenak ere eskultura egin du 70. urteurrena abiapuntu.
Baina erakusketak kutsu didaktikoa ere badu. Sei eta hamaika urte bitarteko umeek Picassoren marrazkietan «Guer- nica» artelanaren interpretazio propioa egin dute. «70 urte joan dira Gernikako bonbardaketatik -azaldu zuen Santxotenak-. Guk aurrera egin behar dugu eta umeekin lan egin behar dugu; beraiek baitira etorkizuna».
Picassoren faksimile hauek 1990. urtean eskuratu zituen Xabier Santxotenak New York-eko MOMA museoan. «Egin zituenean zirriborro hauek ez ziren konprenitzen, izugarrike- riak ziren -dio-. Baina merezi du ikustea zer-nolako zorroztasuna zeukan gizon honek lana egiteko orduan. Faksimileetan agertzen den datak hori adierazten du».
Heriotza umeen begietatik
Margo hauek oinarri, Artziniega herriko umeek beren irakurketa propioa egin, eta marraztu dute. «Minotauroa, zaldia, hegazkinak edota zuhaitzak ikus daitezke umeek eginiko lanetan. Marrazki hauekin lan egiteak umeek gerraz duten ikuspuntua erakusten du», ondorioztatu zuen Santxotenak. Oso interesgarria deritzo eskultoreak hausnarketa honi. Marrazki horiek horma-irudietan eseki dituzte, eta Picassoren artelanen artean tartekatuta, Artziniegako Museo Etnografiakoan, denek batera erakusketa osotzen dute.
Santxotenak berak ere eskultura bat egin du erakusketarako. Trilogia da tailerra Artziniegan duen artistak oraingoan aurkeztu duena. 1990 urtean egin eta 15 urtez Gasteizko Legebiltzarrean egondako lana da haietako bat. «Zazpi piezaz osatutako zaldia da», esan zuen.
Bitan banatzen den egurrezko horma-irudia da Xabier Santxotenak ikusgai ipini duen bigarren artelana. «Goiko aldean zeru beltza ageri da, hegazti erdi hilak, bonbek zulatutako hodeiak... -aipatu zuen-. Behean berriz, baserri baten ate bat dago, katuak sartzeko zulo eta guzti. Atearen ondoan hildako abereak daude. Bestetik, heriotza, hildako esku baten bidez da adierazia, baina tinkotasunez eginiko ukabilak gogora dakar herriak bizirik dirauela. Irritzia komunikazioaren adierazle, eta gezia akusatzaile nagusia da», esan zuen artistak.
Eskultore nafarraren artelanaren azken pieza Landetatik ekarritako 37. urteko haritz enborrak osatzen du. Landutako egurrak gudaren aztarna du barruan. «Ikusten den tinta ilun horrek odola dakar gogora», esan zuen. Haritzak hiru argizaiola jasotzen ditu. «Argizaiolak dio hildako jendea ez dugula ahazten, gure pentsamenduan dugula».
Gauzak horrela, Picassoren marrazkiek umeekin historia lantzeko aukera berezia eskaini dute Artziniegan. «Lehenengo aldia da faksimile hauek erakusten ditudala New Yorken erosi nituenetik; eta behin erakusketa amaituta berriro bueltatuko dira betiko tiraderara», zehaztu zuen Santxotenak. J.V.M.
Durango, Otxandio, Legutio eta Gernikan izan ziren bonbardaketak gogora ekartzen ditu erakusketak; umeek zeresan handia izan dute erakusketan, «Haurrak etorkizuna dira», nabarmendu du Santxotenak.
Historiari begiratua eginez, Artziniegan urtarrilaren 6a bitartean ikusgai izango dira hainbat artelan. Besteak beste Santxotenaren lana. «Gure pentsamendua hildakoekin dagoela sinbolizatzen du argizaiolak».