GARA > Idatzia > Herri-kirolak

GIZON-PROBA Desafioa

Plaza erdiagatik irabazi dio Urretxuk Zumarragari

Galdu zuen taldea plazaratu zen lehenengo, eta 17 plaza egin zituen. Atzetik, Urretxu atera zen, eta erdiko aldea kendu zien 1.000 ikusleren aurrean

p058_f01_148x084.jpg

Jon LEUNDA | ZUMARRAGA

Urretxuk irabazi zuen atzo Zumarragan jokatu zen gizon-probako apustua. Beraiek ziren faborito, eta garaipena beraiena izan zen, nahiz eta ez zuten alde handirik lortu, azkenik bi taldeen arteko aldea plaza erdikoa soilik izan baitzen.

Desafio honek sekulako ikusmina piztu zuen, eta atzo ederki nabaritu zen, 1.000 ikusle inguru batu baitziren. Talde bakoitza hamabi lagunez osatutakoa zen, eta 1.000 kilotan sartu behar zuten. Alde bakoitzak, 1.300 euro jokatzen zituen dirutan, eta hogei minutu zituzten lanerako. Harria, berriz, 1.700 kilokoa erabili zuten.

Honelako apustuetan atzetik lanean aritzeak garrantzi handia izan ohi du, eta atzo ere horixe gertatu zen. Zozketa egin ostean, Urretxuk irabazi zuen, eta atzetik aritzea erabaki zuen. Horrela, aurrekoek zer egin zuten bazekiten, eta beraiek irabazteko zer egin behar zuten ere bai. Zumarragari egokitu zitzaion lanean hastea, eta oso ongi aritu ziren. Kirolariak ederki moldatu ziren, eta hogei minutuak amaitu zirenean, 17 plaza zituzten eginak.

Atzetik plazaratu zen Urretxuko taldea, eta hauek aurrekoen lana berdindu zutenean, oriandik denbora zuten jarraitzeko, eta beste plaza erdi bat egitea lortu zuten. Amaieran, beraz, 17 plaza eta erdi egin zituzten Urretxuko taldeko tiralariek. Azkenik, beraz, atzoko garaipena beraientzat izan zen,

Atzoko irabazleari desafioa botata zegoen Ezkio-Itsasoko taldea, baina atzoko giroa eta berdintasuna ikusita, azkenean, hiru taldeen arteko lehiaketa bat antulatzea erabaki dute hiru udalek, Hori bai, talde gehiago ere izan daitezke parte hartzaile, izan ere, Antzuolan eta Legazpian berotuta omen dabiltza taldea ateratzeko. Bi herri hauetatik zale asko gerturatu ziren atzoko desafioa ikustera. Beraz, hil zorian zegoela ematen zuen arren, gizon-proba berpiztu dute inguru horretan, eta hori beti berri pozgarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo