SOKATIRA
Abadiñok lehen postuan amaitu du, baina oraingoan Amaiurrekin berdinduta
J.L. | DONOSTIA
Abadiño A eta Amaiur B berdinduta geratu ziren 290 kiloko lehen jardunaldian. Lehia gogorrak izan ziren pisu honetako lehen jardunaldian, eta hiru talde sailkapenean berdinduta geratu ziren.
Abadiño da pisu honetan ere garaipena eskuratzeko faboritoa, baina Amaiurren etxeko taldearekin berdinduta amaitu zuen. Gainerako taldeei irabazi zien, baina beraien arteko deman, berdinduta geratu ziren. Hirugarren posturako ere lehia itzela izan zen, eta hor ere bi talde berdinduta geratu ziren. Sokarrik eta Abadiño B-k aurreko bi taldeekin galdu egin zuten, eta gainerakoei irabazi baldin bazien ere, beraien artean berdindu egin zuten. Badaiotzek aurreko laurekin galdu, eta atzekoei irabazi egin zien. Amaiur A taldeak, 6 Conceyos eta Gaztediri irabazi zien, eta besteekin galdu egin zuten.
6 Conceyosek eta Gaztedik, aldiz, talde guztiekin galdu egin zuten, eta elkarren artean berdinduta geratu ziren, bakoitzak tiraldi bana irabazi zuen, alegia.
Sailkapen nagusian, Abadiño eta Amaiur berdinduta geratu ziren lehen postuan 7,5 punturekin. Hirugarren postuan ere berdinduta geratu ziren Sokarri eta Abadiño B 5,5 punturekin. Bosgarren, Badaiotzek lau puntu batu zituen; Amaiur izan zen seigarren 3 punturekin, eta azkeneko bi postuetan 6 Conceyos eta Gaztedi geratu ziren, eta puntu eta erdi batu zituzten.
Finalerako estreinako seiak sailkatzen dira, baina oraindik jardunaldi bat falta da, eta badirudi atzoko azkenak direla kanpoan geratzeko hauatagaiak.