GARA > Idatzia > Pilota

PILOTA

Ezkurrak eta Ozafrainek eman dute lehen urratsa

p058_f02_088x128.jpg

J.L. | DONIBANE GARAZI

Paxkal Ezkurrak eta Patrick Ozafarienk Superprestigioko finalerdietan izateko lehen urratsa eman zuten atzo, irabazi egin baitzituzten ligaskako lehen neurketak.

Jaialdiari hasiera emateko, Paxkal Ezkurra eta Thierry Etxeto neurtu ziren. Bi hauek dira lehiaketa honetako azkeneko bi txapeldunak, eta atzo ere beraiek eskaini zuten partidarik onena.

Lapurtarren arteko dema oso polita eta estua izan zen, iraun zuen oren eta laurdenean. Markagailuan oreka asko izan ziren, baina 15-15 egon ostean, Ezkurrak aurre hartu zuen, eta 23-20 aitzineratu zen. Etxetok, berriro ere neurketa adostea lortu zuen, eta bera aitzineratu zen, eta horrela aritu zen, 31-31 jarri bitarte. Tarte horretan, saketik bi falta egin zituen, eta Urruñako atzelariak aprobetxatu egin zuen tartea zabaltzeko, eta 38-32ra ihes egin zion, hain justu.

Etxetori partida erabat gaiztotu zitzaion, baina ez zuen etsi, eta lau kintzetara jartzea lortu zuen, 38-34, baina Paxkalek ez zuen barkatu, eta norgehiagoka amaitu egin zuen.

Oren eta laurden iraun zuen Superprestigioko lehen partida honek. Ezkurrak 7 kintze lortu zituen botetik, eta bat gutxiago Etxetok. Lehen jnokaldi honekin falta bat egin zuen Urruñakoak, eta bi Etxetok. Markagailua, berriz, honela joan zen: 7-7, 15-15, 23-23, 25-30, 30-30, 32-32, 38-32, 38-34 eta 40-34. Ezkurrak datorren astean multzoko bestearen aurka jokatuko du, Sorhueten aurka, alegia.

Waltari, gaizki

Bigarren partida ez zen lehenengoa bezalakoa izan, Ozafrainek aise menderatu baitzuen Waltari, 40 eta 18. Bankako atzelariak nahi bezala eraman zuen norgehgiagoka. Atzo ere garbi geratu zen, kubatarrak bakarka jokatzeko gabezia asko dituela.

Hala ere, partida estu hasi zen, eta hamabosgarren kintzera bitarte berdinketa ugari izan ziren, baina hortxe amaitu zen Waltariren indar guztia.

Ozafarinek hartu zuen partidaren agintea, eta erraz joan zen berrogeigarren kintzera. Saketik min handia egin zion, eta beti atzean ukan zuen, eta baldintza horietan desoroso egoten da Waltari, eta Ozafrainek ere finalerdietan izateko lehen urratsa egin zuen.

Partidak, 50 minutu iraun zituen, eta Ozafraiunek 12 kintze lortu zituen saketik, eta sei besterik ez Waltarik. Partzialak, berriz, hauek izan ziren: 7-7, 9-9, 15-15, 24-17, 32-18 eta 40-18. Ozafrainek datorren asteburuan Kurutxariren aurka jokatuko du, multzoko bestearen aurka, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo