Errugbia Ohorezko Maila
Galdu arren, itxura bikaina erakutsi du Getxo Arteak
Bizkaitarrek puntu bat gutxienez lortzeko modua egin zuten
Jon LEUNDA | GETXO
Garaipenaren zaporea uzten duen porrota jasan zuen atzo Getxo Arteak. Aurrez aurre, Ligako talderik onena zuten. Orain arteko partida guztiak oso erraz irabazi zituen, baina atzo horiek puntu bat eskuratu zuten, eta ez dago batere gaizki.
Partida zaila zuten bizkaitarrek, oso zaila, baina talde lan bikaina egin zuten Asier Basterretxeak zuzetzen duen taldeko jokalariek, eta azkenean zerbait gehiago lortu ote ziteken errezeloa ere utzi zien zaleei, baina gauzak nola joan ziren ikusita, puntu bat ere ez da txarra aurrean zein zuten ikusita.
Getxok presio handia egin nahi zuen zelai erditik aurrera, eta Valladolideko taldea desoroso ibili zen zelaian. Hala ere, Gasconek aitzineratu egin zituen entsegu bati esker. Gero, bigarrena etorri zen lehen zatiaren erdian, nahiz eta tartean zigor bat ere gauzatu zuen etxeko taldeak, eta 3-12 aurreratu ziren kanpotarrak.
Getxoko jokalariek, ordea, ez zuten etsi, eta lanean jarraitu zuten. Aurrean lan bikaina egiten jarraitzen zuten,baina lehen zatiaren amaierara heltzen ari zirela, kanpotarrek zigor kolpe bat bihurtu, eta aldea gehitu egin zuten, eta 3-15ekoarekin joan ziren atseden hartzera. Zaleak oso gustura zeuden atsedenean. Bazekiten irabaztea oso zaila izango zela, baina Ligako talderik onena estu eta larri hartzen ari ziren, eta hori berri oso ona zen, nahiz eta oraindik zati osoa geratzen zen, eta aurkaria ikusita, oraindik asko zegoen jokatzeko.
Bigarren zatian Getxo erasora atera zen, galtzeko gutxi zegoen, eta arriskuak hartzeko hautua egin zuen Basteretxeak, eta zortzigarren minutuan Rodriguezek merezitako saria jaso zuen entsegua egin da. 8-15ekoarekin itxaropenak bere horretan jarraitzen zuten, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.
El Salvadorrek nahi zuena zeukan, garaipena eskuetan, eta ez zuten gehiegi egin. Getxok, aldiz, puntu bat ziurtatuta zeukan, eta zerbait egiten saiatu zen, baina ezin izan zuen kanpotarren atzealde sendoa gainditu, eta emaitza ez zen gehiago mugitu.
Amaieran, poza nabari zen etxekoen aldean, galdu arren, itxura oso ona eman baitzuten Ligako talderik onenaren aurka.
Ohorezko Mailan dabiltzan hiru euskal taldeak jaitsiera postuetatik libre daude, baina ez daude loak hartzeko moduan. Hiruretan okerren Ampo Ordizia dabil, baina bi puntu gehiago bakarrik ditu Getxo Arteak. Bizkaitarak oso ongi hasi ziren, baina azkenaldian ez dute garaipenik erdietsi, eta beheko partera joan dira.
Behetik gora etorri dena, Spyro Bera Bera izan da. Oso gaizki hasi zen, baina azkenaldian gorantz egin dute. Hala ere, oraindik Liga luzea da, eta deskuido gutxi batzuk nahikoak dira jaitsiera postuetan sartzeko, beraz, adi ibili beharko dute.