GARA > Idatzia > Musika

Maliko kontuak

p059_f01_97x100.jpg

Sei urte igaro dira Habib Koitek azken lana kaleratu zuenetik, baina itxaronaldiak merezi izan du. Lan berriak «Afriki» izena du -Afrika Maliko bambara hizkuntzan- eta kontinente beltzeko hainbat osagai jaso ditu. Habib Koite, Afrikako mendebaldean kokatuta dagoen Mali herrian jaio zen 1958. urtean. Griot sendikoa da; hau da, festak eta ospakizunak alaitzen dituzten trobadoreen semea da. Aitonak ngoni jotzen zuen, lau sokako instrumentua. 1988. urtean Bamada taldea osatu zuen -bamada, Mali hiriburuko Bamakoko biztanleak izendatzeko erabiltzen den izena da eta, era berean, «krokodiloaren ahoan» esan nahi omen du-. 1992. urtean, «Natale» kantuak arrakasta handia izan zuen Estatu frantsesean eta horri esker Afrikatik kanpo kontzertuak eman ahal izan zituen taldeak. Euskal Herrian ere bere zuzenekoarekin gozatzeko aukera izan genuen.

Argitaratu berri duen diskoa hiru kontinentetan grabatu du eta musika munduko kolaborazio ugari izan ditu; horien artean, Ali Farka Toure musikariarekin lan egin zuen Hassey Sarre biolin-jotzailea, edo James Brownekin aritutako Pee Wee Ellis haize sekzioan. Habib Koitek estilo propioa garatu du; Maliko musika tradizionalean oinarrituta dago -«Nta Dima» kantuan, adibidez, animalien hezurrekin egindako haize instrumentuak entzun daitezke-, baina mendebaldetik iritsitako eraginak ahaztu gabe. Oinarrian, gitarraren maisu honek, musika atsegina eta goxoa eskaintzen du, klixeak diren afrikar perkusio bizietatik urrun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo