GARA > Idatzia > Kultura

Georgia? Ze orgia!

Hedabide espainol batek berriki deskubritu du euskaldunok geure buruari ere barre egiten diogula. Lehenagotik egingo ez bagenu bezala...

Haritz RODRIGUEZ
Kazetaria

Ez dezatela gaizki har Tbilisitik iritsi diren lagunek, ezta bisatu arazoengatik iritsi ez diren idazle georgiarrek ere. «Soweto? Hemen baino hobeto!» zen Napartheid komiki fanzine bikainak erabiltzen zuen lelo ezagunenetako bat eta, nik, aurtengoa umorearen azoka dela ikusirik, nolabaiteko simila egin nahi izan dut, euskaraz ohi dugun legez, errima eginez.

Orgia hutsa baita Durangoko Azoka. Euskal kulturaren merkatuaren orgia. Liburuak eta diskoak xirriak egin eta egin ari dira bazter guztietan. Ez soilik liburu eta diskoak... Euskal Herriko star system txikiko idoloak musuz josita irtentzen dira Landakotik eta.

Xabier Silveira, esan didatenez, erakustazokara iritsi baino lehen abordatu zuten aurrekoan, eta autografo orgia batean galdatu zen bere jarraitzaileekin aterpera irsitsitakoan. Fermin Muguruzarengandik gertu, eskerrak Afro-Basque Fire Brigade zegoen, hartara Bulean ikusi izan ditudanak baino indartsuago piztutako suak itzaltzeko, abeslari irundarraren fan-ak urtu baino lehen...

Ez dakit Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak orgia batean murgiltzeko moduan ikusiko ote duten beren burua, baina haiek ere ekitaldi erotikofestibo batean bildu ziren atzo Euskal Herriko kulturgintzaren beste hainbat aurpegi ezagunekin batera, Plateruenan.

Hedabide espainol batek berriki deskubritu du, antza «Vaya Semanita» ikusi ostean, euskaldunok geure buruari barre egiten ere badakigula. Andoni Agirregomezkortak ekarri zuen gogora azokaren hasiera ekitaldian. Lehenagotik jakingo ez bagenu bezala... Edo haiek geure umorea ezagutzeko gaztelaniaz egin beharko bagenu legez...

Bada, ustezko umorez idatzi nahi izan dudan zutabe honen bitartez, gonbidatu nahi ditut gaur bertan Durangoko Kafe Antzokian egingo den «Bertso Trama» saiora joan daitezen, edo Paya anai-arreben «Oroimenaren Lupa» ikus dezaten. Hori bai, umorea ulertuko badute, ekar dezatela itzultzailea edo ikas dezatela euskaraz. Euskal Herrian, telebista iritsi baino askoz ere lehenago egiten da bat-bateko umorea eta: Plazan, taula gainean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo