GARA > Idatzia > Hemeroteka

BERRIA Koldo Aldabe 2007/12/7

Xantaia Afrikari

Europako Batasunak Afrikako herrialdeei prestatu dien tranpa izugarria agerian geratuko da bihar eta etzi Lisboan egingo den goi bileran. EBko eta Afrikako goi agintarien bilerak dagoeneko protagonista bat ezarri du europarrak prestatzen ari diren xantaia estaltzeko. Zimbabweko lehendakari Robert Mugabe aukeratu dute ikuskizuneko bufoi, eta Erresuma Batuko lehen ministro Gordon Brown ez da joango, «diktadoreak» giza eskubideen aurka egin dituen bortxaketak direla medio.

Hipokrisiaz gain, zinismoa ere bada. Atzo bertan, Erresuma Batuko Gobernuak iragarri zuen, «ustezko terroristak» kargurik gabe atxilo edukitzeko epea 28 egunetik 42ra luzatu nahi duela. Espainia ere prest zegoen errefuxiatu politiko aljeriar bat Aljerko agintariei emateko, gas hornikuntzarekin duten auzia konpontze aldera. Errefuxiatuak ihes egin izanak eragotzi du hura estraditatzea.

Bigarren mailako eztabaida horren aurrean, ordea, EBk Afrikari ezarri nahi dion harreman ekonomiko berria dago. Maila bereko harreman ekonomikoak, bi merkatuak irekitzea; merkataritza askea, Afrika preso edukitzeko, Txinaren esku hartzea gerarazteko.

Hain justu, Afrikako ekonomiak lehen aldiz historian suspertze zantzuak eman dituenean, berriro atzeraka egiteko mehatxua datorkio. Garapenean dauden herriekin egin daitekeen merkataritza bakarra bidezko merkataritza denean, Europa mezu berriarekin dator: nire merkatuei eutsi nahi diezue? Zuenak ireki beharko dizkidazue, nire nekazaritza diruz lagunduak zuena irents dezan. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo