GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ibai gehiago, zubi gutxiago!

Aitortu beharra daukat, aitortzen dudan bakoitzean mina hartzen badut ere: zubiak beharrezkoak dira, momentuz. Baina ez ingeniariek bulegoetan etengabe amesten dituztenak, gero eta gehiago, gero eta handiago, gero eta zubiago; batzuetan erreka barik ere tematzen dira zubia eraikitzen, kosta ahala kosta, geroago inguruko ibairen bat azpitik pasatu arazteko proiektua asmatuko dutelakoan. Ez, ez nago zubi horiez. Abenduak urtetik urtera hasierako egunetan dakarkigun zubiaz nago, beheko estatuaren konstituzioa eta kristautasunaren zaletuen ez dakit zein ama birjina lotzen dituen zubiaz, hain zuzen. Zubi hori barik ez legoke Durangon azokarik. Hori zor diogu behintzat euskaldunok konstituzio horri! Eta ama birjina horri ere! Beraz, hurrengo ziklo politikoan kontu handiz zehaztu beharko dugu euskaldunok jaien egutegi propioa, oraindik ere Durangoko Azokak luzaroko bidea behar duenez zubiak non edo non ipini beharko ditugu eta.

Azokatik azokara, Durangotik Balira. Indonesiako uharte hartan berotegi efektuko gas-emisioen «eskubideen» merkatuaz ari dira egunotan, beste gaien artean. Hau kolpea! kutsatzea, muga batzuen barruan bada ere, eskubidea balitz bezala! Tira! ez nau harritzen, poliziak berak ere auto ekologikoak dituen gizartean bizi gara eta! iraunkor bizi ere!. Zenbat baso tropikoetan soilduak Baliko mahaietan, eta komunetan, papera sobera izan dadin! den-dena agoantatzen duen papera! Touché! Zenbat meatzari Txinako lurpeetan gorpu amaitu, Baliko aretoetako berogailuek ikatza sobera izan dezaten! Touché! Bitartean Nebraskako saltoki handi batean buruan harrikada dezente zeukan citizen batek hamaika pertsona hil zituen lehengoan; apenas nau horrek harritu, saltokiok burua galtzeko leku aproposak baitira, zubi ofizialetan batez ere. American way of life izan edo gaurko «euskal bizimodua» izan. Kontsumo iraunkorra diote, ekonomia ondo joan dadin edo. Lurpekoak gogoan; lur-gainekoak ez hainbeste. Tira! Gabonetako atarian gara eta gabonetan gabonetakoa. Zorionak! Bakea! eta horrelakoak erruz entzungo ditugu datozen egunotan, kartzeletarako zubiak eraikitzearekin batera, gero eta zabalagoak. Bitartean, Hankarterrian potroek Zorri-onak! opa dizkiote elkarri. Bai jatorrak horiek! zorriez nago orain. Ez zubiez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo