GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko azoka

Badoa aurtengo azoka ere, salmentei dagokienez berrikuntza handirik gabe

Azokaren azken eguna da gaurkoa. Azken hilabeteetan, eta bereziki egunotan, egindako lan mardularen gaineko errepasoa egiteko unea. liburu argitaletxeak oro har, kontent ageri dira saldutakoarekin, nahiz eta iaztik hona ez duten aldaketa nabarmenik sumatu. Musikari dagokionez berriz, Ken Zazpiren «Argiak» izango da, ziur asko, aurtengo lanik salduena.

p052_f03_148x084.jpg

Anartz BILBAO-Rebeka CALVO

Azokari oraindik ordu asko geratzen bazaizkio ere, liburuen salmentei begiratu txiki bat egiteko garaia iritsi da.

Argitaletxeekin hitz egin ostean, badirudi salmentak ondo doazela, batek baino gehiagok eskaerarik ere egin du, hala ere: «Azokaren hurrengo pausoa eragina nolabait ere mundu honetako profesionalei zabaltzea izan beharko litzateke, hau da Mexikon egiten den liburu azoka oso garrantzitsu batean egiten duten antzeko zerbait; goiza profesionalen -literatura irakasleak, liburuzainak edota kultur eragileak, besteak beste- txanda da, eta arratsaldea publiko zabalarena. Gainerako denboran kultur ekitaldi asko egiten dituzte gainera. Topagunea egin behar dugu Azokan», esan digute.

Gainerakoan salmentak gutxi gorabehera iazko berak izan direla diote. Batzuek, iazko urtea «ahul» xamarra izan zela eta aurten pixka bat gehiago saltzen ari direla gehitu dute. Horiek hala, hauxe argitaletxe desberdinek esandakoa.

Ereinek gehien saldutako liburua Mariasun Landaren «Festa aldameneko gelan» da, Jesus Lasak itzulitako euskarazko edizioan gainera, nahiz eta jatorrizko bertsioa gaztelaniazkoa den. Ereineko beste bi izarrak Pako Aristik prentsan argitaratutako artikuluekin egindako «Udan lana egiten zuen gizona» liburua eta Felipe Juaristiren «Ez da gaua begietara etortzen» dira.

Idazleak espero ez zuen zalaparta sortzen ari dena, Xabier Silveiraren «A las ocho en el Bule» da. Txalapartako erakusmahaian argitutakoaren arabera, 1.200 ale atera zituzten eta berehala saldu dira. Atzo ez zen ale bakar bat ere geratzen. Gauza bera gertatu da Joxean Agirreren «¿Cipayos? Policía vasca o brazo armado del PNV» liburuarekin. Atzo agortuta ziren kaleratutako ale guztiak. «ETA, medio siglo de historia» lana ere asko ari da saltzen, Iker Casanova egilea 18/98 sumarioaren harira atxilotu ostean aurkezterik izan ez bazuten ere. Euskaraz berriz, Edorta Jimenezen «Azeria eta Lehoia»k oso harrera ona izan du.

Txalapartako erakusmahaiak gainera, bazuen atzo beste erakargarririk ere. Izan ere, 2008an 20. urteurrena ospatuko du argitaletxeak eta bere zeinu eta logotipoa dena errealitatera ekarri dute, Juan Gorritik egindako «Ur-ttakun» eskulturari esker. Eskultura, erosleen eta bazkideen artean zozketatu zuten.

Elkar argitaletxea, Karmele Jaioren «Zu bezain ahul» ipuin bilduma ari da saltzen gehien. Atzetik ditu Xabier Montoiaren «Euskal hiria sutan», orain gutxi Euskadi Literatura Saria irabazi duena. Elkarrera jotzen duten erosle asko gainera, «zerrenda moduko» batekin iristen direla argitu dute argitaletxekoek: «gehienek argi dute zer eraman nahi duten etxera».

Alberdaniaren txanda da. Bere azken argitalpenen artean «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» John Boyne irlandarraren Mirentxu Larrañagaren itzulpena saldu du gehien orain arte. Atzetik du Patziku Perurenaren «Dakiguna Ikasten» saiakera. Alberdaniak kaleratutakoen artean, urteak igarota ere, Joxean Sagastizabalen «Kutsidazu bidea, Ixabel» lana ez da oraindik modaz pasatu. Badirudi euskal literaturan klasiko bihurtzeko bidean dela. Iaz kaleratutako Angel Lertxundiren «Ihes betea» ere ongi saldu da.

Susari erreparatuta, Eider Rodrigezen «Haragia» eta Jose Luis Otamendiren «Erlojuen mekanika» dira salduenak eta salmentei dagokienez «urteroko moduan» dabiltzala diote.

Pamielakoek berriz, ez dute zalantzarik, salduena Iñaki Sagredoren «Navarra, castillos que defendieron el Reino»ren hiru- garren alea da, hau da, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban zehar banatutako Nafarroako Erreinuko gazteluen berri ematen duena. Aingeru Epaltzaren «Bezperaren bezpera» ere asko ari da saltzen, eta baita «Biraoak. Nafarroan bilduak» ere, Patxi Salaberrik eta Juan Jose Zubirik idatzitakoa. Umeei zuzendutako «Pantaleon lagunekin doa» ere ari da saltzen, Patxi Zubizarretarena, eta «Pantaleon badoa» lanaren bigarren zatia dena. Eta argitaletxeko arduradunak harritu dituen bestelako salmentarik ere egon da, nahiz eta idazlea ospetsuenetarikoa izanik espero zitekeen hala gertatzea; «Markak» da lana, Bernardo Atxagak Gernikako bonbardaketaren gainean idatzitako liburua. «Badirudi batzuk orain deskubritu dutela», zioten harrituta.

Bukatzeko, Gaiakeko salmentak: gehien saldu dena «Mariren Erradografia» da, Alfonso Martinez Lizarduikoarena eta Jon Baltzarena. «Sexismoaren nondik norakoak» ere Txubillo taldeak idatzitako liburua, asko ari da saltzen.

Diskoetxez diskoetxe ere izan gara, musika arduradunen aldartea nolakoa den ikusi nahian. Sektore honetan ez da ezusteko berezirik egon egunotan Durangon. Espero bezala, martxa ikaragarria hartu du Ken Zazpi talde gernikarraren «Argiak» disko berriak eta Oihuka diskoetxetik diotenez 3.000 ale inguru saltzera ere irits daiteke, horra marka.

Gor diskoetxe nafarraren eskaintzarik indartsuena Lekunberriko Berri Txarrak taldearen «Zertarako amestu» da , erruz saltzen ari dena. Euskal Herritik kanpo egindako biran ageri da hirukotea. Beste hainbeste gertatzen da Zea Mays bilbotarren «Morphina» bosgarren lanarekin ere. Bonberenea Ekoizpenek argitaratu eta Gorrek banatutako lanak, standean nabarmendu dutenez, diskoa ez ezik DVD bat ere badakar, prezio berean. Ikusentzunezkoak nagusi, beraz.

Gaztelupeko Hotsak zigiluak Petti gizonkote nafarraren «On» eta Surfin Kaos parrandazaleen «Tryphilon» ditu salduenak. Harriturik dira bertan Dantza Baltza bilduma aurkezteko atera duten bildumak duen harrera onarekin. Baga Biga bizkaitarrek bigarren urtea dute azokan, aurrekoa baino hobea gainera. Des-Kontrol punk Oi! taldearen CD/DVDa dute lanik salduena, 800 ale ingururekin. Bide bera darama gaur Plateruenan zuzenean jotzen duen Gose hirukote finak ere. Ritxi Aizpuru Baga Biga zigiluan ari da lanean egun. Gai sakonetan sartu eta salmentez baino musika industriaren ereduaz izan du honek jarduna.

Elkarren arduradun Angel Valdesek, bestalde, publikoari nahi duena emanez gero ondo erantzuten duela esan digu. Katalogo zabal eta oparoaz gain nobedade indartsuak omen ditu aurten Elkarrek eta ongi ari da saltzen, Mikel Laboaren «Lekeitioak», kasu. Babel Musiken Seiren folk talde berriak funtzionatu du ongien. Ideiak Bultzatuz standean berriz, Konter metal taldeak.

Proposamen berezia, ezin aipatu gabe utzi bertsoa eta musika uztartzen duen Gu Ta Gutarrak taldea. Lankuk argitaratu die diskoa eta pozik ziren atzo, 700 bat ale salduta. Metakek, ez omen ditu adierazpenak egiten.

Zerbait mugitzen ari den seinale, gero eta gehiago dira autoekoizpenera jotzen ari diren taldeak eta bakarlariak, hasiberriak zein ibilbide luzekoak. Hala, Gontzal Mendibilek, Mikel Urdangarinek eta Fermin Muguruzak, besteak beste, erakusmahai propioa dute Durangoko Azokan eta gustura agertu dira salmentekin.

Bukatzeko,esan MusikHerriak hausnarketa sakon batera gonbidatu dituela diskoetxeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo