Autonomia, «errepresioarekin bukatzeko bidea» dela esan dute
Euskal Herrian «bizi dugun errepresioarekin amaitzeko gatazka politikoari irtenbidea» eman behar zaiola esan zuten, atzo Baionan, hainbat preso ohik eta senidek Askatasunarekin batera. Konponbidean, «Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala ekarriko lukeen autonomiaren proposamena» ontzat jota, larunbateko manifestaziora dei egin zuten.Arantxa MANTEROLA |
«Errepresio itsu eta bortitzaren bukaera ekarriko duen bidea» badela adierazi zuten, atzo Baionan, presoen senideek, preso ohiek, errepresaliatuek eta Askatasuneko ordezkariek. «Gatazka politikoa konpontzeko», Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarentzat ezagupen instituzionala derrigorrezkotzat jota, berrikitan gaurkoturiko autonomiaren proposamena ontzat eman zuten eta, horrenbestez, datorren larunbatean, arratsaldeko 16.00etan, Baionako Euskaldunen plazatik autonomiaren alde abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu zuten.
Euskal Herri osoan «errepresio fase berria» ireki dela berretsi zuten, horren lekuko hainbat datu eskainita. Horrela, amaitzear dagoen urte honetan bakarrik, 272 euskal herritar -horietatik 57 Polizia frantsesaren eskutik- atxilotu dituztela eta, gaur egun, presondegietan 700 euskal preso baino gehiago (170 Estatu frantsesean) daudela gaineratu zuten.
Munduan zehar dauden ehunka iheslari eta militanteei ezartzen zaizkien kondena «gero eta gogorragoak», espetxeetako bizi-baldintzak, isolamendua eta sakabanaketa, tortura, atxilotze masiboak eta polizi-muntaiak «salbuespen eta amesgaizto egoera batean bizi garela frogatzen duten neurri krudelak» dira euren esanetan.
Errepresioa edo inteligentzia
Egoera horrek euskal gizartearen «zati handiari» eragiten diola baieztatu zuten: «Preseski ezker abertzaleari, gatazkari bidezko aterabide demokratikoa emateko lanean ari garenoi; bakoitzaren eskubideak kontuan hartuko dituen aterabidea bilatzen ari garenok ukitzen gaitu».
Egoera horretatik ateratzeko bi jokamolde daudela irizten diote: «Elkarri terrorista deitzen segi dezakegu, eta gatazkan gero eta sakonago sartu eta sufrimendua gehiago areagotu. Hori da egun gertatzen ari dena, herri honen aldarrikapenei entzungor eginez. Gatazka azkartu besterik egiten ez duen politika hau kondenatzen dugu».
Alta, Askatasunaren eta errepresaliatuen aburuz, bada egoerari erantzuteko beste modu bat: «Zentzuz eta inteligentzia politikoz jokatzea. Gatazkaren zergatiak kontuan hartu eta geure izaera, eskubideak eta hitza errespetatuko duen marko instituzionala onartzea».
Bigarren bide hori da beraiek hautatu dutena. Horregatik, gizarteari dei argia egin zioten atzokoan: «Zirkulu jasanezin honetatik ateratzeko, herritarrei mobilizatzera dei egiten diegu. Gure izatea eta eskubideak errespetatu daitezen, ezagupen instituzionala behar dugu eta datorren larunbateko manifestazioan parte hartzea urrats bat litzateke bide horretan».
Bestalde, «hainbat traba medio, tartean azken asteotan izandako atxiloketa eta ekintza errepresiboak», urtero egin ohi den Elkartasun eguna atzeratu egin dela adierazi zuten. Hurrengoa, beraz, urtarrilaren 13an izango da Larresoron eta errepresaliatuei elkartasuna adieraztera deitu zuten.
Urtarrilaren 13an, Larresoron, Elkartasun eguna egingo da «Aski da! Mespretxutik onarpenera» lelopean. «Erresitentziaren eta elkartasunaren garrantzia» nabarmenduta, bertan parte hartzeko deialdia egin zuten.