Kapitalismoa eta proiektu txikitzaileak salatuko dituzte hamabost egunez
«Txikizioa gelditu behingoz!» lelopean Hamabostaldi Anti-desarrollista antolatu du Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak. Datozen egunetan, herriz herri egingo diren eztabaidek eta protestek gizarte ereduarekiko kontzientzia kritikoa sustatzea dute helburu.
GARA |
Euskal Herrian eraiki nahi dituzten proiektu «erasotzaileak» salatu nahian eta kapitalismoaren kritika «erradikala» egiteko asmoz Hamabostaldi Anti-desarrollista antolatu du Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak.
«Txikizioa gelditu behingoz!» lelopean, bihar hasi eta hurrengo abenduaren 23a bitarte, herriz herri «egitasmo suntsitzaileen» aurkako hainbat eztabaida eta protesta ekintza andana izango dira.
AHTren Aurkako Asanbladaren iritziz, gauzatu nahi duten «hondamendiak» aurrera egin ez dezan, egungo eredu ekonomiko eta soziala «errotik» aldatzea da gakoa. Hortaz, antolatzaileen esanetan, bi aste hauen xedea gizarte ereduarekiko kontzientzia kritikoa sustatzea da.
Hamaika «txikizio»
Durangon egindako agerraldian, AHT Euskal Herrian egin nahi duten «txikizio» bakarra ez dela adierazi zuten, eta hamaika adibide mahai gaineratu zituzten. Hala nola, urtegiak, errauskailuak, superportuak edota barianteak eta autopistak.
Proiektu horiek guztiak gainera, ekoizpen eta kontsumo kapitalistaren garapen globalaren ondorio zuzena direla nabarmendu zuten. Hala ere, baieztapen hori «inork gutxik aitortzen» duela gogor salatu zuten.
Horrez gain, botere politiko eta ekonomikoek «jasangarritasunaren iruzurra» txoko eta jarduera guztietara hedatu dutela salatu dute AHTren Aurkako Asanbladako kideek.
Horrenbestez, gizarte eredua bera eta pertsonen eta merkantzien mugikortasuna kolokan jartzen ez den bitartean, arazoa «handiagotu» egingo dela nabarmendu zuten. Hala, konponbidea lortze bidean, balizko erosotasuna eta ongizatea alboratu eta duintasuna eta benetako askatasuna berreskuratu beharra dagoela adierazi zuten Asanbladako kideek.
Kapitalismoak eragiten duen «suntsitze eta pozoitze orokorraren aurrean» borrokatzeko beharra defendatu eta Estatu eta merkantzietatik at dauden harreman berriak sortzeko beharra aldarrikatu zuten.
Euskal herritarrak datozen hamabost egunetan herriz herri egingo diren ekimenetan parte hartzera bultzatu zituen AHTren Aurkako Asanbladak. Eta azkenik, hilaren 15ean AHT gelditu! Elkarlanak Arrasaten antolatutako manifestazio nazionalarekin bat egin zuen.
Gakoa, globalizazio kapitalistaren dinamika «lehiakor eta desarrollista» eten eta gertutasunean oinarritutako jendarte autonomoagoetan dagoela deritzo AHTren Aurkako Asanbladak.