GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Ermuako ziklo-krosa

Javier Ruiz de Larrinagak bigarren garaipena lortu du

Hiru itzuliren faltan egin zuen ihes Zuiakoak eta aise nagusitu zen, Karrantzan egin bezala. Euskal challengeko lidergoa sendotu du Spiuk taldekoak.

p047_f01_097x112.jpg

GARA | ERMUA

Denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen atzo Ermuan Javier Ruiz de Larrinagak. Uste baino errazago, Spiuk taldeko zuiarrak aise menderatu zituen bere atzetik sailkatu ziren guztiak. Hala, Karrantzan lortutako garaipena errepikatu zuen. David Secok, bere aldetik, asteburu honetan Galizian izango diren probetan parte hartzea erabaki zuen.

Lasterketa ederra izan zen Ermuakoa. Zirkuitoak ziklo-kroslarien luzimendua lagundu zuen eta hasieratik borroka bikaina ikusi zen. Lehenengo unetik Ruiz de Larrinaga, Unai Yus, Tino Zaballa eta Diez Arriolak osaturiko taldeak hanka egin zuen. Bada, taldean gustura ez eta bi arabarrek alde egin zuten talde hartatik.

Challengeko buruan

Hasiera batean Unai Yus zen tiraka ziharduena eta Ruiz de Larrinaga atzeraxeago zetorren. Alabaina, hiru itzuliren faltan aurretik jarri zen Zuiakoa eta Yus atzean uztea lortu zuen. Garaipena berea zen, gero eta alde handiagoa ateratzen ari baitzitzaion Yusi.

Yusen kalterako, bigarren lekua ere galdu zuen, matxura mekaniko bat eduki baitzuen azkeneko itzulian. Ondorioz, Jose Antonio Diez Arriola kantabriarra aukeraz baliatu eta bigarren lekua kendu zion gasteiztarrari.

Osterantzeko mailek ere emaitza aipagarriak utzi zituzten. Esaterako, elite mailako emakumeen lasterketan Debabarrena taldeko Saioa Olite nagusitu zen, eta Daniel Ruizek goitik behera menderatu zuen junior mailako lasterketa. Bere atzetik Iñigo Gomez sailkatu zen, 39 segundora eta hirugarren, berriz, Alberto Sainz sailkatu zen, minutu eta hogei segundora.

Atzoko garaipenaren ondoren, Euskal challengeko burua sendotu du Ruiz de Larrinagak. Spiuk taldeko ziklo-kroslariak 85 puntu pilatu ditu, Unai Yusek baino 17 gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo