GARA > Idatzia > Euskal Herria

Juan Maria Uriartek herriari itxaropena itzuli eta gatazka egoera gainditzeko deia egin du

GARA |

Juan Maria Uriarte Gipuzkoako gotzainak «Itxaropenak beldurra gainditzen du» gutun pastorala argitara eman zuen atzo. «ETAren itzulera gaitzesgarria, kale borroka gordintzea eta jarrera politikoak nahiz instituzioen erantzuna gogortzeak herritar gehienen itxaropenarentzat kolpe gogorra» izan direla jakinarazi du bertan, eta horrez gain, egungo gatazka egoera laster aldatzea espero duela adierazten du.

Bakea lortzeko gaur egun ez du biderik ikusten eta itxaropena berreskuratu ahal izateko, bakearen bidean aurrerapausoak ematera dei egin zuen. Gobernu espainolean eta hainbat alderditan erantzukizun politikoak dituzten kristauei hitz egin zien, bere ustez pertsona horiek «gizartearen ikur» eta herritarren ordezkariak baitira. Horiei «itxaropena sor dezatela» eskatu die; bere hitzetan, hori «alderdiko interesen gainetik gehiengoaren ongizatea bilatzen denean» lortzen da. Bide hori jorratzeko «autokritika egin behar da, beste alderdien mespretxuzko hitzak alde batera utzi eta protagonismo txikiarekin zerbitzu handiagoa emateko».

Komunikabideei deia

Komunikabideek gizartean duten eragina nabarmendu du, eta kezkagarriak edo etsitzekoak diren berriak ematea beren lana dela aitortzen duen arren, interes ekonomikoak edo ideologikoak direla medio errealitatearen alde ilunaren erabilera egitea gaitzetsi; Elizaren komunikabide batzuek izan ohi duten hitz-jario okerra baztertu behar dutela ere adierazi du. Horrek herriaren gogoa etsipenera eramaten duela ikusita, «proposamen eraikitzailea» oinarri duen hizkuntza- ri lehentasuna eman behar zaiola nabarmendu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo