GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

18/98 sumarioa

Herrigintzako inurri langileen aitorpena

18/98 sumarioan auzipetutako pertsonen lana ezagutzea azken 30 urteotan herrigintzan egin den ibilbidea errepasatzea da. Ekologian, kulturan, emakumeen eskubideen garapenean, gizartearen ikerketan, preso politikoen eskubideak babesteko borrokan, euskalgintzan, gatazka politikoa moldatzeko elkarrizketetan... Denetariko arloetan isuritako izerdiaz jabetzea da gizon-emakume hauen ekarpena ikustea. Baina baita gaur-gaurko proiektuen berri izatea eta etorkizunari begiratzea ere, gatibu harturiko lagunok ez baitziren geldirik egoteko jaio eta anitzek buru-belarri jarraitzen zuten Euskal Herria egiten.

altuna.jpg

Maider IANTZI

Errandakoaren froga garbia Olatz Altunaren kasua da. Atxiloketa aginduaren berria jaso zuenean, 2006ko euskararen kale erabileraren neurketa aurkezten ari zen Soziolinguistika Klusterreko bertze zenbait kiderekin batera, eta, hauek azaldu dutenez, neurketak egin beharko lukeen bidea mugatu edo oztopatu dute horrela. Zigortutakoen lan itzela aitortu eta omenaldi txiki bat egiteko asmoz, GARAk beren lankide eta lagunen adierazpenak jaso ditu orriotan.

Sabino Ormazabal

Martin Anso kazetariak gazte-gaztetatik ezagutzen du Sabino Ormazabal, 14 urte zituenetik. Orain 44 ditu eta Ormazabalek hamar gehiago, 54. «Ni ere ekologista nintzen. Beno, pajaritologoak ginen gu, ekologistak izatera ez ginen iristen. Txoriak eta zuhaitzak gustuko nituen, eta Sabinok beti erakutsi izan du horrekiko ere sentsibilitate handia, baita sentsibilitate ekologikoa eta antinuklearra orain bezala bat ez zetozenean ere. Txusterra talde ekologistan ibili zen», ekarri du gogora. Gazte mugimenduarekiko ere sentsibilitate berezia izan du Ormazabalek, eta Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokan eta NATOren kontrako herri mugimenduan ibilia da. Hiru ardatzok -ekologikoa, antinuklearra eta antimilitarista- Eguzki elkartean batu ziren, eta sortzaileetako bat izan zen GARAko kazetaria.

Azken urteotan bereziki kezkatuta egon da desobedientzia zibilarekin eta indarkeriarik ezaren politikarekin, eta gatazkak sortutako sufrimenduarekin ere bai. Horren adibide, Manu Robles Arangiz Institutuarekin kaleratutako «Sufrimenduaren mapa (osatugabea)» liburua aipatu du Ansok, alde guztietako biktimen berri ematen duena.

«Herri mugimendua sustatu izan du beti; horregatik inplikatu zen Joxemi Zumalabe Fundazioan», jakinarazi du. 1996an sortu zen ekimen hau, Euskal Herrian eraldaketa sozialean lanean ari ziren herri mugimenduen kultura indartzeko asmoz. «Ez da mugimendu agente bat, agenteen arteko elkarlana ahalbidetzeko eta bitartekari lana egite- ko tresna baizik». Hiru ildoren arabera garatzen du bere proiektua: ekimenak, aldarrikapenak, gogoetak eta proposamenak bildu, ordenatu eta plazaratzen ditu ikuspegi historikoa landuta; lanak aztertu eta balore soziala ematen laguntzen du; eta, azkenik, eraldaketa bilatzen duten eragileek komunean dutena lantzeko elkarlana bultzatu eta egitasmo zehatzak martxan jartzen ditu, heziketa eskaintza bereziak egiten ditu, baita gai zehatzen gaineko jardunaldiak ere. Erraterako, 1997an eta 1998an ahalik eta talde gehienen datuak bildu eta eskuragarri jarri zituzten elkarren arteko komunikazioa ahalbidetzeko. Kolaboratzaile sare handia aritu zen elkarrizketak egiten eta 1.500 mugimendu ingururen datuak jaso zituen. Buru-belarri ibili zen Ormazabal lanean, inurriak bezala handik eta hemendik jasotzen.

Ansoren hitzetan, indarkeriarik eza «konstante bat» da bere bizitzan, jendearen arteko harremanekiko zaletasuna eta bertzeen larruan sartzeko joerarekin batera.

Iñaki O'Shea

«Oso pertsona sentikorra eta malgua da eta denetariko gauzak egiten ditu. Ziur naiz kartzelan ere gauzak egiten jardungo duela». Horrela hasi zaigu Iñaki O'Sheari buruz mintzatzen Txema Uriarte lankide eta laguna. Auzoan, Barakaldoko Lutxanan, oso lan garrantzitsua egiten ari zela kontatu digu adibide gisa. «Arazo urbanistiko batzuk izan dituzte bertan eta etxe zaharrak bota dituzte. Lan pila bat egin zuen auzoa dinamizatzeko eta Udalaren proiektu desegokiari aurre egiteko. Antzina labe garaiak egon ziren, langileontzako toki berezi bat prestatu zen eta orain hori guztia botatzen ari dira. Auzokideek plataforma bat sortu zuten babesteko, baina gau batean hondeamakinekin dena puskatzeko agindu zuen Udalak. Iñaki dinamizatzaile handienetakoa izan zen auzokideen mugimendu horretan».

Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea (GITE) sortu zuen duela 30 urte. Urtemuga ospatzen ari dira oraintxe. Denbora horretan denetariko lanak egin dituzte: 36 liburu argitaratu, ikerketak, hitzaldiak... Une honetan jardunaldi batzuekin ari dira. Iaz hasi zuten proiektu horretan, hilabetean behin elkartzen da jende nahikotxo gogoeta orokor bat egiteko Euskal Herrian sozialismoa izatekotan nolakoa izan beharko litzatekeen hausnartzeko. «Esparru ekonomikoa aztertzea da ideia, gizarte garapenerako arlorik nagusienetakoa baita; politikan eta gizartean ere jarriko dugu arreta, eta goiko partean superestruktura edo ideologia egongo litzateke. Sarrera bat egin genuen iaz bakoitzarekin eta emaitzak nahiko onak izan ziren», azaldu du Uriartek.

Urritik hona ekonomiaren arloa jorratzen aritu dira Antxon Mendizabal, Antxon Borja, Rosa Andreu, Iñaki Gil de San Vicente eta bertze lagun batzuk, eta heldu den urteari begira bigarren arloari eutsiko diote, politikari eta gizarteari. Udaberritik aurrera ideologia edo superestruktura jorratuko dute.

Hain zuzen, hortik sortu da berriki bukatu duten historia ikastaroa. «Jende ugarik proposatu zigun historian zehar izan diren ekoizpen moduak aztertzea eta hori landu dugu azaroan. Azken 30 urte hauetan nolako aldaketak izan diren ikusi dugu, eta gero esklabotza, oinarrizko sozialismoa, feudalismoa... landu ditugu. Alfonso Sastreren `Zergatik jarraitzen dut komunista izaten' hitzaldiak itxi zuen zikloa».

Horretaz gain, gau eskolak animatzen aritu da Iñaki O'Shea. «Bilbon berriz jarri dira martxan gau eskola batzuk, instituzioek ez dutelako bermatzen adibidez etorkin helduek eta beste hainbat jendek euskaraz hitz egitea. Bi gau eskola antolatu ditugu oraingoz GITEn, bata San Frantziskon eta bestea Uribarrin. Kultura-artekotasuna izugarri gustatzen zaio Iñakiri eta jendea animatzen du mundu horretan sartzera, euskaraz egiteko eta integratzeko», azaldu du Uriartek.

Taldean jorratzen duten bertze gai bat emakumeen garapenarena edo feminismoarena da. Emakumeen lan talde bat dago horretarako. Azken boladan, batez ere Emakumearen Mapak egiten aritu dira.

Bilbo Zaharrean liburu bat kaleratuko dute, «El barrio de las cortes, una historia de la palanca bilbaina», eta lan horretan ere lagundu du O'Sheak.

Joxemi Zumalabe Fundazioaren sortzaileetako bat ere bada eta patronatuko kide izan da urte askotan. «Oso sentikorra da herritar mugimenduaren garapenarekin. Bere ideia izan da nola eman herri mugimenduari indar intelektuala, nola eman guk daukagun gogo bizi horri estalkia pentsamendu aldetik, nola uztartu pentsamolde garaikideekin», adierazi du Uriartek, gaur egun patronatuko kide denak. Honakoa gaineratu du: «Hitzaldi ugari eman du bere bizitzan. Milaka. Historia ikaragarri estimatzen du eta sakulako ekarpena egin du, esaterako, Euskal Herriko emakumeen historian».

Egun hauetan emakume palestinarrak etorri dira Euskal Herrira eta izugarrizko gogoa zeukan haiek ezagutzeko. «Abenduaren lehenean etorri ziren eta bezperan sartu zuten kartzelan. Hurrengo batean batean ezagutu beharko ditu. Ekialde Hurbilean sarri ibili gara, Palestinan eta Iraken, eta haiekin harremanak izaten saiatzen gara. Palestinara joan ginen iaz eta orain beraiek etorri dira gurera hango berri emateko. Hunkituta zegoen Iñaki hango egoerarekin».

«Ez da geldirik egoteko gizona, beti buruari bueltaka ari da gauzak nola konpondu, nola aztertu pentsatzen. Aurretik ere espetxean izana da eta eskola bat prestatu zuen presoak alfabetatzeko. Bizia da eta edonon egonda ere ez dut zalantzarik bere nortasun horrekin jarraituko duela aurrera. Edozein arazoren aurrean erantzuna eman behar du, ez da isiltzen den edo buelta ematen duen horietakoa. Bihotz handiko pertsona da eta aurre egiten die arazoei. Hor geratzen da gauzak aldatu arte», ziurtatu du.

Eva Foresti eta Alfonso Sastreri omenaldi bat prestatzen ari ziren atxilotu zutenean eta horretan jardungo du Txema Uriartek O'Shearik gabe. Sastre eta O'Shea hagitz lagunak dira eta, Forest zendu ondotik, lanean eta bizitzan aurrera segitzen laguntzeko eskaini nahi zion ekitaldia.

Olatz Altuna

Soziologiako eta Zientzia Politikoetako ikasketak egina da Altuna. Karreraren amaieran Italiara joan zen Erasmus programarekin eta doktoregoa egiten hasi zen. «Ezagutu genuenean soziologia lantegi batean eta EKBn parte hartua zen. Azken honetan egin zuen lehendabiziko aldiz euskarak kalean duen erabilerari buruzko ikerketaren koordinazio lana. Joxemi Zumalaben ere lanean hasi zen eta euskal soziolinguistika institutua sortzea helburu zuen SEI elkartean sartu zen. Neurketarekin lotutako lanak egin zituen han batez ere. EKB desagertu zenean SEI sortu zen institutu hori bultzatzeko. Hasiera batean Olatz Altuna eta Imanol Esnaola zeuden, eta Olatzek heldu zion nagusiki kale erabileraren neurketari», agertu diote egunkari honi usurbildarraren lankideek, Soziolinguistika Klusterrekoek.

«Soziolinguistika» aldizkarian daude jasota bere artikuluak, bereziki metodologiaren eta emaitzen azterketaren ingurukoak. Metodologia egokitu zuen ikastetxeetan ere neurketak egiteko, eta horren inguruan ere badago argitalpentxo bat.

Horrekin lotuta, herrietako erabileraren neurketak egin izan ditu eta hainbat udalekin izan du harremana ikerketa hori dela medio. Kataluniatik Ofercat izeneko metodologia hartu, egokitu eta Euskaini sortu zuen. Lehenbiziko neurketa pilotoa Azpeitian egin zuen Olatz Olasorekin lankidetzan.

HIZNETen ere parte hartu zuen irakasle bezala eta ondoren etorri zen SEIren garapen gisa Soziolinguistika Klusterraren sorrera. Bertan, nagusiki ikerketa arloari lotuta jarraitu zuen ibilbidea; 2006an burutu zen Euskal Herriko kale erabileraren hurrengo neurketa prestatzen aritu zen. Lakuako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, proiektu bat abiatu zuten Klusterrean ikasleen hizkuntza erabilera aztertzeko, zer faktorek edo aldagaik eragiten duten ikusteko.

Iker Salaberria lankideak kontatu duenez, ibilbide profesionalean nagusiki euskararen inguruko ikerketei eta erabilerari jarri die Altunak arreta. Horretan zebilen atxiloketa etorri zenean ere. Hizkuntzaren inguruan duen kezka, inplikazioa eta sentsibilitatea ezagutu ahal izan du. «Lan profesionala euskarari ekarpen bat egitera bideratu nahi izan du. Kezka nagusietako bat erabilera izan da eta ahalik eta sakonen ezagutu nahi izan du, betiere eragiteko ikuspegiarekin».

Epaiketa prozesu guztia bizi izan zuenean bajan egon zen, baina hala ere Klusterrekoekin zuen harremanari eutsi zion, eta kezka eta interesa adierazten zuen ikerketaren gainean eta oro har Klusterraren gainean.

Euskararen inguruko adierazleak bildu eta Euskararen Datu Basea osatze lanetan ere ari zela ekarri du gogora Salaberriak. Eguneraketa lantzen ari zen orain, eta hori ere bukatu gabe gelditu da.

«Elkarlanerako sentsibilitatea du eta atsegina da tratuan -baieztatu du-. Hainbat udaletako euskara teknikariekin harremana izan du eta uste dut berekiko tratua ondo baloratuko luketela. Ibilbide bat egina du bere arloan eta jendeak ezagutzen du. Hizkuntzaren inguruko gaiak bereziki kezkatzen zuen, baina sentsibilitate orokor bat ere bazuen. Herri honen arazoarekin konprometitua egon da, eta ez da soilik bere esparru profesionalean inplikatu, ahal izan duen neurrian ekarpena egin du beste arlo batzuetan. Herri mugimenduetan sinesteak eta oinarritik sortutako ekimenak bultzatzeak eraman zuen Joxemi Zubalaben lan egitera. Soziolinguistika Klusterra hortik sortua da, hain justu».

Usurbildarraren zorroztasuna, sistematikotasuna, ardura eta zuzentasuna ere nabarmendu dituzte lankideek. Euskararen kaleko erabilera neurtzen hasi zirenean gauza asko lehenengo aldiz egin behar izan zituzten, ezagutza zientifikotik zegoen oinarria hartu eta zerbait berria planteatu behar zen, nola neurtuko zen erabaki.

«Jende aurrean aurkezpenak egitea egokitu zaio askotan. Sarritan zaila izaten da datuak azaltzea; Olatzek, ordea, baditu dohainak gauzak ulertzeko moduan esateko. Lankide ona da eta gure erakundearen barruan betetzen duen funtzioarengatik, duen ibilbideagatik, langile garrantzitsua galdu dugu. Alde horretatik, hutsunea nabarmena da. Bestetik, neurketaren aurkezpena egin dugun unean bertan etorri da atxiloketa eta horrek neurketak izan beharko lukeen ibilbidea maila batean mugatu edo oztopatzen du, bai zabalpenari begira bai EDBren eguneratzeari begira. Lehendik eragozpen dezente sortu zigun 18/98 prozesuak Olatzek baja hartu behar izan zuelako, eta atxiloketak egoera kaskarragoan utzi gaitu, Klusterrari kalte dezente egin dio. Zaila da bere profila ordezkatzea».

Mario Zubiaga

Zesar Martinez Mario Zubiagaren lankidea da Joxemi Zumalaben eta EHUko Partehartuz taldean. Parte-hartzea sustatzen duen demokraziaren alde lanean ari diren irakasle eta ikertzaileek osatzen dute kolektibo hau. «Pentsalari aparta da, zorrotza eta distiratsua, justizia sozialarekin, euskararekin, herriarekin... konprometitua. Bera bezalako pertsona asko beharko genuke gure herrian, Unibertsitatean, mundu intelektualean. Konpromiso horrek lan egitera eraman du, batez ere unibertsitate arloan, eta ezagutzen duenak badaki ze sortzailea den. Hortik kanpo, mugimendu sozialen alde aritu da eta Joxemi Zumalabe Fundazioan egin dugu topo», nabarmendu du bermea ezarri dioten lagunari buruz.

«Oso pertsona apala, lasaia eta sanoa da; lankide bezala oso atsegina, partekatzeko gogoa duena, elkarlanean aritzen badakie-na. Bai ikasleak bai irakasle lankideak eta Fundazioan berekin aritzen garenok ere pertsona maitagarritzat jotzen dugu. Erraza da beregandik ikastea eta bera ere besteengandik gauzak jasotzeko prest agertzen da. Mariok bezala, 18/98ko beste hainbat kidek zer- nolako ibilbide emankorra eta interesgarria duten ikusita, zenbat ekarpen garrantzitsu egiten dituzten, ezintasun eta amorru handia sentitzen dugu beren jarduera sozial, politiko eta intelektuala kriminalizatu dutelako. Paradoxa handia da. Nik esango nuke Mario bezalako pertsonek edozein gizartek behar dituen elementuak ekartzen dituztela: gogoeta, kritika eta autokritika... Subiranotasunaren eta justizia sozialaren alde, bestelako gizarte eredua sortzeko ahaleginean... Herri bezala egiten dihardugun borrokei ekarpena egiten die, baina gure mugimendu, kolektibo eta jarduerarekiko autokritika gaitasun handia du. Joera du giro alternatiboetan zalantzan jarri ezinezko ideiatzat hartzen direnak ere zalantzan jartzeko. Hori oso aberatsa eta emankorra da, beharrezkoa jarduera politikoan, gauzak hain polarizatuak egonda autokritikarako joera galtzen dugulako. Horrela ezagutzen dut Mario, berekin batera lan egiteko pribilegio txikia izan dudalako».

Martinezek jakinarazi duenez, pentsalari bezala eta gogoetei dagokienez oso ekarpen interesgarriak egin ditu desobedientzia zibilaren gaiaren inguruan. Horrelako estrategia bat gure subiranotasunaren aldeko borrokan nola aplikatu hausnartu du eta hainbat jenderekin partekatu du kezka hori.

Azkenaldian buru-belarri ari zen bere doktoretza-tesiarekin. Jada amaitua du. Euskal Herrian ingurumenaren alorrean zer-nolako borrokak izan diren aztertu du puntu indartsu eta ahulekin. Martinez ziur da hemendik gutxira argitaratzen duenean elementu interesgarriak izango dituela. Espetxeratu zutenean kideei azaldu zien kezka nagusietako bat tesiak bere bidea egitea zela, baita Zumalaben etsi gabe lanean jarraitzea ere.

Elkarretaratzea egin zuten Leioako campusean atxilotzeen lehenbiziko erantzun gisa, abenduaren 3an. Hainbat sail eta arlotako irakasleak bildu ziren, tartean Zubiagaren sailekoak, Zientzia Politikoetakoak. Hurrengo egunean, berriz, desobedientzia zibila sinbolizatzeko kateatu ziren, eskubide zibil eta demokratikoen alde, fakultatekoak diren Mario Zubiagaren eta Jexus Mari Zalakainen askatasuna eskatzeko; eta asteazkenean, informazioa emateko batzarra egin zuten. Irakasle, langile, ikertzaile... Ehun bat lagun bildu ziren eskubideen aldeko aldarrikapen horri jarraipena emateko asmoz. «Ondorengo asteetan, sententzia ofizialki argitara ematen denean, unibertsitate arloan ere salatzeko eta gizarteari alarma deia helarazteko hainbat jarduera egingo ditugula pentsatzen dut, oraindik zehazteke daudenak. Indarrak biltzen eta sareak astintzen ari gara, ikasle eta irakasle sindikatuak, baita antolatu gabeko ikasle ugari ere, gertatzen ari dena kezka handiz ikusten dutenak».

Txema Matanzas

Iker Urbina abokatua hiru urtetan aritu da Txema Matanzasekin batera lanean euskal preso politikoen alde, Gasteizen, bulego berean. Irakasletzat dauka. Kontatu duenez, abokatu lanaz gain, urteotan Arabako hiriburuan lan mardula egiten ari zen Matanzas herrigintzan; azken hauteskundeetan udal zerrendetan aurkeztu zuen bere burua. «Jendearekiko, herriarekiko eta politikarekiko sekulako interesa izan du beti; herritarrekin lanean jardutea gustatzen zaio, eta ahalmen handia du horretarako ere. Azkenaldian horretan eman du bere denbora. Badakit AHTrekin ere kezkatuta ibili dela».

Bere izaerari buruz, lan egiteko ahalmen mugaezina nabarmendu du Urbinak, eta baita herriarekiko konpromiso bete-betea ere, maila guztietan, Euskal Herriarekiko eta herritarrekiko. «Jendearengandik oso hurbil dago eta, nire ustez, pertsona ikaragarri azkarra da. Araban oso estimatua da aipatu ditudan balore edo elementu horiengatik».

Harri izeneko seme txiki bat dauka eta bikotea, Maite Diaz de Heredia, orain dela hilabete batzuk espetxeratu zuten Mahai Nazionalaren kontrako sarekadan. Jaiotzez santurtziarra da, baina azken urteetan Gasteizen bizi izan da.

Juan Mari Mendizabal

AEK-ko eta EHEko kide ohia, EiTBko Kontrol Batzordeko ordezkari izana Euskal Herritarrok-en izenean, orain dela urte anitz ekin zion Mendizabalek euskararen aldeko lanari. EHEko kideek ziurtatu dutenez, Mendi-k elkarte horretan eta euskalgintzan orokorrean egin duen ekarpena izugarri handia izan da. Bizitza militante guztian euskalgintzan eta euskararen aldeko borrokan inplikatuta egon da erabat. EHEn bere ekarpena oso garrantzitsua izan zen bereziki 90eko hamarkadan. Elkarteak mintegi bat egin zuen Bakaikun, 1996an, hurrengo urteei begira estrategia finkatzeko. Parte-hartze aktiboa izan zuen bertan, batez ere hartu ziren erabakiak gauzatzeko orduan. Garai horretan sortu zen Kontseilua eta paper garrantzitsua izan zuen jaiotza horretan ere.

EHEk bultzaturiko ekimenen artean, eskolak euskalduntzeko beste hainbat eragilerekin hasitako elkarlana nabarmendu dute. «Euskara eskubide eta abantaila» izeneko kanpainan Mendi pertsonalki inplikatu zen.

Adibide batzuk baino ez dira. «Euskararekiko atxikimenduak eta borrokatzeko prestutasunak bere bizitza eta eguneko ordu gehienak eskaintzera eraman du; beti izan du kezka hori buruan. Are gehiago, auzi honengatik kartzelan egon zen garaian ere ekarpena egiten segitu zuen. Egiten den guztiaren inguruko jakinmina du. Eztabaidetan, bileretan, dinamiketan, mobilizazioetan... guztietan etengabe parte hartu du».

Umiltasuna eta elkarlanerako dohaina nabarmendu dituzte lankideek, eta besteen kezkak eta iritziak entzuteko jarrera, gero ekarpenak ildo horretatik egiteko, eraikitzeko. «Eguneroko lanaren aldeko militantea da, isilean aritzen diren pertsona horietako bat, protagonismo berezirik bilatu gabe baina azkenean etengabeko lana eginez».

burgos, gaur

Zubiagaren lankide eta lagun Zesar Martinezen arabera, Burgosko epaiketa eta beste gertakari batzuk «pixka bat mitifikatuta ditugu, eta ez gara konturatzen gaur egun, ziur asko, horiek bezain larriak diren pasarteak bizitzen ari garela».

zapuzturik

Iñaki O'Sheak bazeukan egun hauetarako zeregina, atsegin handiz egitekoa. «Emakume palestinarrak Euskal Herrira etorri dira, espetxeratu bezperan hain justu. Izugarrizko gogoa zuen haiek ezagutzeko. Hunkituta zegoen Iñaki hango egoerarekin».

ezaugarri komunak

Auzipetu hauen lankide eta lagunek egunkari honi aipatu diotenaren arabera, guztiek dituzte komunean ezaugarri jakin batzuk: herriarekiko eta herritarrekiko kezka, arazoekiko sentsibilitatea, entzuteko eta iritziak partekatzeko prestutasuna...

hutsunea

«Lehendik eragozpen dezente sortu zigun 18/98 prozesuak Olatzek [Altuna] baja hartu behar izan zuelako. Atxiloketak egoera kaskarragoan utzi gaitu, Klusterrari kalte dezente egin dio. Zaila da bere profila ordezkatzea».

Olarra eta Elkoro: PSOE-ren mintzaide bata, alkateen taldeko sustatzaile bestea

Ezker abertzaleak, bere ibilbide luzean, hamaika aurpegi ezagun eman dizkio euskal politikagintzari. Pisu handikoak, herri honen azken hamarkadetako ibilbidean zeresan garrantzitsua izan dutenak. Horietako zenbait 18/98an auzipetu zituen Garzonek, eta orain zigortu egin dituzte. Hona horietako biren pisuaren zertzelada pare bat.

Joxe Mari Olarrak epaiketan bertan, iazko apirilaren 18an, aitortu zuen: Xakiren aurkako operazioaren baitan atxilotu zutenean, 2000ko martxoaren 1ean, Mahai Nazionalak PSOErekin «komunikazio bideak irekitzen jarraitzeko» izendatutako mintzaidea zen. 1999ko amaiera aldera abiaturiko saioa zen, «gatazka konpontzeko modua ahalbidetzeko helburuz». Aukera hori, baina, zenbait eragilek ez ei zuten gustuko. «Estatuak, PP Gobernuan zela, zerbait mugitzen ari zela sumatzen zuen», gaineratu zuen. Hain justu, bere atxiloketaren eta ondorengo galdeketaren arrazoi nagusia «PSOErekin hitz egiten ari ginena ezagutzea» zela ondorioztatu zuen, «beren asmo bakarra aukera hori zapuztea baitzen. Eta lortu zuten, PSOEk, denbora batez, komunikazio ildo hori itxi egin baitzuen».

«Bi urte beranduago berriro ireki zuen, [ezker abertzaleko] beste mintzaide batzuekin, gaur egun bizi dugun egoerara iritsi arte», bota zuen Olarrak, negoziazio prozesua aipatuz.

HBko kidea 1978an sortu zenetik, orain arte Justizia espainolak behin baino ez zuen zigortu Villabonakoa: 1997an, mahaikidea zela, Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik. Baina atxilotu, azken honetaz aparte, 17 aldiz atxilotu zuten 35 urteko militantzian. Espioitza lanen biktima izandakoa, behin lau lagun ikusi zituen bere autoan, gidariaren eserlekuaren azpian pakete bat uzteko ahaleginean. Haietako bat harrapatzea lortu zuen: Armada espainoleko kapitain bat zen.

HBren sortzaile, mahaikide izana, Bergarako alkate, batzarkide, legebiltzarkide Gasteizen, senadore... Jose Luis Elkororen currikulum politikoan nabarmentzekoak asko dira.

Horien artean dago Alkateen Taldea izena hartu zuen ekimenaren baitan eginiko lana, 1975 eta 1979 urteen artean, euskararen ofizialtasunaren, amnistiaren, ikurrina legeztatzearen eta Lizarrako 31ko Estatutuaren aldarrikapenean. 1976ko uztailaren 21ean, Foruak ezeztatu zituztela ehun urte betetzen ziren egunean, Alkateen Taldeak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako udal guztiak deitu zituen Bergarara, osoko bilkurara. Izugarria izan zen. Milaka herritar plazan, alkate horiek aldakarrikatzen zutenarekin bat eginez. Eta Elkoro, guztien izenean, «No es fácil» idatzia irakurtzen. «Orduan abiatu zen Euskal Herria bere eskubideen aldeko borrokan, frankismoaren ostean», esan zuen bergararrak 30 urte beranduago.

Xibertako elkarrizketetan ere parte hartu zuen Alkateen Taldeak, ETA-pm, ETA-m eta euskal indar abertzale guztiekin batera. 1977ko udaberria zen. Dozena erdi bat aldiz bildu ziren. Mahai gainean, bi gai: amnistia eta askatasun politikoak. Eta begi artean, ekaineko hauteskundeak Parlamentu espainolerako. Maiatzaren 10ean Adolfo Suarezekin hitz egitera joandako euskal ordezkaritzako partaide izan zen bergararra, EAJko Juan Jose Pujanarekin, EHASeko Santi Brouardekin, EAE-ANVko Valentin Solagaistuarekin eta ESBko Iñaki Aldekoarekin. Hona eskariak: preso politikoentzako amnistia, alderdien legeztatzea eta autogobernu esparrua. Suarezek ezezkoa eman zien, baina historiara pasatu den hitzordua izan zen: euskal indarrek osatutako mintzaidetza zabala presidente espainolarekin jezarrita, politikaz hizketan. Eta Elkoro han zegoen. M. J.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo