GARA > Idatzia > Errugbia

European Challenge

Aviron saiatu zen arren, Salek ez zion ezer egiten utzi

Jokalari ingelesek erasoan min handia egin zuten, eta zortzi entsegu egiteko gai izan ziren

p048_f02.jpg

AVIRON 12

SALE 51

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek European Challengeko final-laurdenak jokatzeko ia aukera guztiak galdu zituen atzo, bai behintzat lehen postua eskuratzeko. Bigarren geratzen diren sei multzoetako bi onenak ere sailkatuko dira, baina atzoko emaitzaren ostean, hori ere oso zaila jarri zaio.

Avironek argi eta garbi utzi izan du beti, Liga dela beraien erronka, eta atzokoan ohikoak diren jokalari batzuk hamabostekoan baldin baziren ere, gehienak ordezkoak ziren.

Puntu gehigarria

Sale talde ingelesa da multzoko talderik onena, eta horretarako ez du inongo zalantzarik uzten. Jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu, eta denetan erasoan egindako puntu gehigarria ere lortu du. Atzo ere horixe egin zuen, zortzi entsegu lortu baitzituen.

Emaitzak dena erakusten du, berdegunean talde bakarra izan baitzen. Salek hasieratik bukaerara menderatu zuen talde zuri-urdina, eta erasoan min handia egin zuen. Lehen zatian, atzean ere zenbait erraztasun eman zituen, eta Avironek bi entsegu egin zituen. Baina bigarrengoan, horretarako aukerarik ere ez zuen utzi.

Partida nola zihoan ikusita, Avironek zuen helburu bakarra lau entsegu egitea zen. Zelaian zegoen aldea ikusita, aurkaria lasaitzea espero zuten lapurtarrek, eta une hori aprobetxatzea, baina hori ere ez zen gertatu, eta bigarren zatian euskaldunek ezin izan zuten puntu bakar bat ere lortu. Ostegunean izango du berriro ere norgehiagoka.

 

Liga Federaleko taldeak kanpoan arituko dira

Liga Federaleko maila nagusian dabiltzan hiru euskal taldeek kanpoan jokatuko dute. Bihar arituko dira hirurak 15.00etatik aitzinera. Donibane Lohizunek Marmanden jokatuko du. Nafarroak, aldiz, Tyrossen, eta Maulek, berriz, Riberacoisen zelaian neurtu beharko ditu bere indarrak.

ASBko neskek Jean Dauguerren jokatuko dute

ASB taldeko neskak, Lehen Mailako lehen postuan daude, jokatu dituzten partida guztiak irabazita, eta gaur ere bide beretik jarraitu nahi dute. Clermont taldea hartuko dute Jean Dauguer zelaian, 14.00etatik aitzinera, eta bien arteko aldea ikusita, berde-moreek ez lukete arazorik izan behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo