GARA > Idatzia > Errugbia

Europako kopa

Biarritzek irabaziz gero, aurrerapauso handia emango luke

J.L. | BAIONA

Biarritzek urrats handia emango luke gaur eguerdian, 13.00etatik aitzinera, Glasgown garaipena lortuko balu. Zuri-gorriek gertuago izango lukete bigarren faserako txartela.

Ez da partida erraza, ordea, eskoziarrek ere garaipena behar dute atzean ez geratzeko, eta horretarako gaur lau puntu eskuratzea garrantzitsua da beraientzat ere.

Biarritz ez da denboraldi hasiera ona egiten ari. Europako Kopa honetan, jokatu dituen bi partidak irabazi egin ditu, baina gabezia asko erakutsi ditu, eta zaleak zalantzaz beterik daude. Hori bai, Ligan joan den larunbatean Baionan lortutako garaipenak indar handia emango die zuri-gorriei.

Hala ere, entseguak egitea asko kostatzen zaie lapurtarrei, eta atzean, berriz, aurreko urteetako sendotasunik ez dute erakutsi. Arazo ugari ditu, baina jokalari berri asko etorri dira Biarritzera, eta denborarekin arazoak konpontzea espero dute Laguisquetek eta Delmasek, Biarritzeko entrenatzaileek. Hauei ere primeran etorri zaie Baionako garaipena, lanpostua kolokan zutela esaten zuten zurrumurroak handiak baitziren.

Hamabostekoak

Bi taldeek erabakita dituzte hamabostekoak. Biarritzen hauek jokatuko dute: Coetzee, Noirot, Avril, Thion, Hall, Betsen, Harinordoki, Vohafolau, Dupuy, Bosch, Thierry, Traille, Fa'afili, Willemse eta Brusque. Hala, Balan, August, Dellape, Cornje, Cibray, Bidab eta Peyroelongue aulkian geratuko dira.

Glasgown, hauek jokatuko dute: Va'a, Thomson, Low, Newman, Turnier, Brown, Borelay, Beanttie, Roks, O'Hare, Gibson, Henderson, Fa'afau, Stortoni eta Miligan. Kolman, Palepoi, Eddie, O'YoungBarraw, Morrison aulkian geratuko dira. Norgehiagokako epailea, berriz, Tiom Hayes galestarra izango da. Satelite bidez ikusten den Sky Sport telebista kateak zuzenean eskainiko du Europako Kopako partida hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo