Bigarren maila
Anoeta gotorleku bilakatzeko unea iritsi da
Ansotegiren eta Larrearen itzulera ia ziurrarekin, Malagaren aurkako garaipena errepikatzeko asmoz Colemanek gazteen alde egingo du berriz
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Sailkapeneko lehen postuetako borrokan sartu nahi izanez gero, Realak Anoeta gotorleku bilakatu beharko du aurrerantzean. Malagaren aurkako norgehiagoka oraindik buruan, etxean bigarren garaipena jarraian eskuratzeko helburuarekin, Chris Colemanek gazteen aldeko apustua egingo du berriro.
Hain zuzen ere, azken egunetan izan dituzten oinazeak gaindituta, ia ziurtzat jo daiteke Jon Ansotegi eta Gorka Larrea hasierako hamaikakoan egongo direla. Horiekin batera, Garitano eta Aranburu beteranoen babesean, duela hilabete gutxi Sansen aritu ziren hainbat jokalari elkartuko dira berriro berdegunean. Delibasic atzerritar bakarra izango da hamaikakoan.
Horrenbestez, Malagaren aurkako grina eta, batez ere, emaitza errepikatuz gero, zaleak ilusioz beteta itzuliko lirateke etxera. Eta hori da une honetan behar dena, ekintzek, eta ez hitzek, sortutako ilusioa.
Hiru puntuak ezinbestekoak dira aurreko jardunaldian Sevillan lortutako berdinketari balioa ateratzeko eta gazteek konfiantza har dezaten. Horregatik ere, jokalariek ez ezik, zaleek ere Malagaren aurka izandako jarrera errepikatzea ondo legoke.
Txuri-urdinek partida baino lehenagoko azken entrenamendua ateak itxita gauzatu zuten atzo Zubietan. Ordu eta erdiko saioa izan zen, eta horren amaieran deialdiaren berri jakin zuten. Sevillan txartel gorria ikusi zuen Iñigo Diaz de Zerio zigortuta dagoenez, Sanseko Viguera deialdian sartu da.
Diaz de Zerioz gain, sendatze prozesuan dauden Markel Bergara, Skoubo, Gerardo eta Vaughan baja izango dira.
Donostian irabazi ezinik
Cadiz Diego Rivas gabe iritsi da Gipuzkoako hiriburura. Izan ere, Mantxako jokalaria utzita ari da jokatzen andaluziarrekin, eta Realak bere aurka joka ez dezan klausula ipini zuen bi taldeek sinatutako hitzarmenean.
Cadizek ez du emaitza onik lortzen Donostian, ez baitiote Realari etxean inoiz irabazi. Estadistikei so eginez gero, bi talde hauek hamabi aldiz jokatu dute Donostian: Realak hamar aldiz irabazi du, eta bi berdinketa egon dira. Etxekoek 28 gol sartu zituzten hamabi partida horietan; Cadizek, ordea, 2 besterik ez.
Andaluziarrek duela bi urte jokatu zuten azken aldiz Gipuzkoan. Realak 2-0 irabazi zuen Anoetan, Gabilondoren eta Xabi Prietoren -penaltiz- lortutako bi golei esker. Orduan, bi taldeak Lehen Mailan zeuden.