Euskara jagoten eta ikertzen duen erakundea
Euskaltzaindiaren barrunbeetara bidaia
Euskara jagoten eta ikertzen duen erakundearen barrun-beak ezagutu nahi izan ditu GARAk, eta euskaltzainak eta bertze langileak egun hauetan zein lanekin ari diren jakin. Horretarako, Bilbon izan gara Xabier Kintanarekin eta Pruden Gartziarekin; Donostian, Pello Telleriarekin; eta Baionan, garai batean hiriaren babesle izandako Gaztelu Berrian, Beñat Oihartzabalekin.
Maider IANTZI
Xabier Kintana haserre dago «Wall Street Journal» egunkarian irakurritakoagatik. «Erantzun egin behar da», erran du Euskaltzaindiko idazkariak. Bilboko Plaza Barriko taberna batean elkartu gara gosaltzeko, eta Keith Johnsonek euskara baserri hizkuntza dela azalduz idatzi zuen artikulua izan dugu hizpide. Hizkuntzaren normalizazioaren aldeko ekimenak gaitzetsi zituen kazetariak, haren ustez, euskarak ez baitu kalean ibiltzeko balio. Honako adibidea paratu zuen: artzain hitzak hamaika sinonimo du; demokrazia, zientzia eta independentzia solasek, ez.
Ostatuaren ondoan dago Euskaltzaindiaren egoitza, «edozein gauzari buruz mintzatzeko maila nahikorik ez duen hizkuntza» zaintzen duen erakunde ofizialaren etxea. Luze eta zabal solastatu gara bertan Kintanarekin, eta, lehenik eta behin, zereginak bi taldetan banatzen dituztela argitu digu: Iker Saila hizkuntzaren erabilera zuzenaz eta gramatikaz arduratzen da; Jagon, berriz, hiztunen eskubideak babesteaz eta soziolinguistikaz. Euskaltzain bilbotarrak ohartarazi duenez, edozein erakundek azter dezake euskara, baina arauak ematea Euskaltzaindiari soilik dagokio. «Ahalmen eta erantzukizun hori dugu».
Araugintzaz gain, onomastika ere aipatu du, hau da, izen propioen azterketa. Toponimiak tokien izenak biltzen ditu: herriak, mendiak, ibaiak, auzoak... Adibidez, alkateek herriaren izena karteletan nola idatzi behar den galdetzen diote erakundeari. Katalunian derrigortuta daude kontsulta egin eta izenak horren arabera ematera; hemen, legea desberdina denez, eskubidea dute Euskaltzaindiak errana ez betetzeko. Horrelakoak gertatu izan direla kontatu du Kintanak. Salbuespen kasuak dira. «Sopelako alkateak Sopelana jartzea erabaki zuen, nahiz eta inguruko guztiek Sopela esan. Harrokeria ematen du ezjakintasunak».
Exonimiak Euskal Herrikoak ez diren izenak lantzen ditu. Euskaltzaindia taulak prestatzen ari da jatorriz txineraz, errusieraz, arabieraz edo bertze hizkuntza batean idatzita dauden hitzak euskaraz nola eman zehazteko. Antroponimiak, berriz, pertsonen izen-abizenak biltzen ditu. Deiturei dagokienez, euskal formak legeztatu zirenean aldaketa nola egin galdetu zitzaion erakundeari eta hala, liburu bat osatu zen. Erregistro zibil guztietan dago gaur egun eta deitura gehienak ageri dira bertan. Bere abizena aurkitzen ez duena Euskaltzaindira joan daiteke eta, kasua aztertu ondoren, ordenagailuan idatziko dute, liburuaren edizio berritua egiten dutenerako.
Pertsona izenekin bertze horrenbertze gertatu zen eta liburu bat plazaratu zuten izen zerrendarekin eta bakoitzaren azalpenarekin. Xabier Kintanak azaldu duenez, Hego Euskal Herrian legeak askatasun osoa uzten du izen arruntak pertsona izentzat erabiltzeko: belarra, izarra, euria... Errespetuz, noski. «Sexua argi azaltzeko baldintza jartzen du, ordea. Gaztelaniaz badakigu `la hierba' femeninoa dela, baina `belarra' zer da, maskulinoa ala femeninoa? Ezin dugu esan. Erdi Aroan izenak nola erabiltzen zi-ren aztertu du Euskaltzaindiak; ikusi dugunez, -a bukaera femeninotzat hartu ohi zen. Badirudi -a eta -e bukaerak egokiagoak direla emakumearentzat: Nagore, Begoña, Muskilda... Eta -u, -o eta -i, aldiz, gizonezkoarentzat, baita kontsonantez bukatzen diren izenak ere. Kasu batzuetan, Erdi Aroan -a eransten zitzaien izenei: Nabar mutil izena zen eta Nabarra neskarena. Legeak eskatzen duena bideragarri egiteko irtenbide bat izan daiteke. Hala, Hodei mutila izango litzateke eta Hodeia neska. Badira salbuespenak, hala ere. Izar egokiago litzateke neskentzat, Estibalitz ere bai, Ama Birjina denez».
Batasuna eta euskalkien erosioa
«Dialektoen gainetik forma kidekorik ez badauka, hizkuntza batek ez du etorkizunik». Aspaldi eutsi zion Euskaltzaindiak baieztapen horri euskara batua sustatzeko. Hala ere, horrek ez du erran nahi euskalkiei arretarik jartzen ez dienik. Kintanaren arabera, aberastasun informatiboa dute: toki batzuetan «erori» erabiltzea eta bertze batzuetan «jausi» aberasgarria da euskara batuarentzat. «Urten»-«irten», «berri»-«barri» eta horrelako aldaerak, berriz, elkar ulertzeko oztopo dira idazkariaren ustez, baina hizkuntzaren garapenari buruzko informazio garrantzitsua ematen dute. «Zoritxarrez, ez dugu duela bi mila urteko lekukotasunik, eta euskal hitzetatik sortutako barianteak aztertuz jakin dezakegu antzina nola izan zitekeen. `Arno', `ardau', `ardo' eta aldaera guztiak konparatuz gero, duela bi mila ur- teko hitz komuna `ardano' zela ondorioztatuko dugu».
Aldaera horiek euskalkietan gorde dira eta hiztunek ezaugarri askori eutsi diete, eskolatu gabe, antzinakoengandik ikasiz. Xabier Kintanak azaldu digunez, orain eskoletan ere ikasten da, gero eta arreta gehiago jartzen diegu komunikabideei, eta horrek berdintasuna ekartzen du. Lehen alde handia zegoen Euskal Herriko txoko bateko eta bertzekoen hizkeren artean eta batzuetan erdarara ere jotzen zen elkar ulertu ahal izateko. Hezkuntzari esker, elkarren berri jaso dugu eta komunikazioa errazagoa da orain. Alde ilunagorik ere badu batasun horrek, idaz- kariaren hitzetan, euskalkiak erosionatzen baititu eta pixkanaka lehen zeuden aldaera horiek galduko baitira. Belaunaldi zaharrak hiltzen direnean altxor hori ez galtzeko, hizkuntzalariek datu baliotsu horiek esku-ragarri izateko, euskalkien formak bildu, eta idatziz eta grabatuta gordetzea da Euskaltzaindiaren zeregina, eta Hizkuntza Atlasaren bidez egiten du hori.
Aspaldian ari da lan horretan eta laster kaleratuko ditu lehenengo bi tomoak. Solasak batean eta bertzean nola erraten diren azalduko dute mapa bidez, begi kolpez ikusteko moduan banaketa geografikoa. Pixkanaka, bizitzako arlo guztietako lexikoa biltzea da helburua, eta tokian tokiko aldaerak jaso transkripzio fonetikoekin.
Agurtu aitzinetik Iruña-Veleiari buruz galdetu diogu Kintanari. Erran digunez, oraindik ez dakite ezer ofizialki, baina era guztietako iritziak daude akademian. «Batzuek baikortasunez ikusten dute eta besteek, eszeptizismoz».
«Trankil, gerra bukatuko da»
Bakean uzteko, bera lekeitiarra zela eta bazekiela igerian. Horixe erantzun zion Azkuek uretatik ateratzen lagundu nahi izan zion gizonari. Bilboko Erriberan zegoen orduan Euskaltzaindiaren egoitza; 87 urteko euskaltzainburua, berriz, Campo Volantinen bizi zen. Iluntze hartan, lanetik etxera bidean zihoala, Ibaizabali segika, irristatu eta erori egin zen. Bere kabuz ateratzea lortu bazuen ere, ur zikina irentsi zuen eta infekzio hilgarria eragin zion horrek. Resurreccion Jesus Maria de las Nieves zuen izena, Nieves Ama Birjinaren egunean jaio zelako, 1864ko abuztuaren 5ean. Azkue Bibliotekako zuzendari Pruden Gartziak azaldu digunez, erakundeari utzi zizkion ondasun guztiak (biblioteka eta artxiboak). 1919an sortu zen Euskaltzaindia eta 1937an sartu ziren frankistak Bilbora. Bertan zuten behin-behineko egoitza. Gartziaren hitzetan, euskararen alde egiteko uneak bereziak eta gutxi izan ohi dira, eta momentu horietako batean elkartu ziren Hego Euskal Herriko lau aldundiak hizkuntza zaintzeko erakundea martxan jartzeko. Euskaltzaindia publikoa da, beraz.
Ahozko historiak erraten du Jose Antonio Agirre lehendakaria Erriberara joan zela egun batean Azkue lasaitzera: «Trankil, gerra bukatuko da eta bere lekua emango zaio Euskaltzaindiari». Gerra ez zen Agirrek espero bezala amaitu, baina Francok ez zuen Euskaltzaindia desegin eta bertako langileei biltzen hasteko baimena eman zien Poli-ziak. Batzuk Estatu frantsesean zeuden muga ezin pasatu; bertzeak, hilda. Azkue ia-ia bakarrik gelditu zen eta berak eutsi zion Euskaltzaindiari 1951n hil zen arte. «Oso pertsona garrantzitsua izan zen eta berak markatutako bidetik jarraitzen dugu», adierazi du bibliotekako zuzendariak.
Nolako liburuak saiatzen dira lortzen? «Euskal Herria zegoen Azkueren bihotzean; hura maitatu eta ikertzen zuen. Euskal Herria eta euskara ez da gauza bera. Hizkuntza, historia, musika, antropologia, zuzenbidea... Humanitateen ildoari jarraitzen ahalegindu gara, eta esan daiteke Euskal Herriari buruzko ondarea osatu dugula. Dena den, biblioteka bakoitzak bere espezialitatea izan behar du, ez dute denek dena egin behar, eta gure espezialitatea gero eta gehiago da euskara eta horren barruan hizkuntza. Sasoi batean ez zegoen ezer euskaraz; gero oso gutxi. Jose Antonio Arana Martixak abiarazi zuen biblioteka 1980an. Berak jarri zion izena ere». Bildu dezagun dena, ez dadila gal-du. Gartziaren arabera, pentsamolde hori zuten Euskaltzaindiko kideek eta euskaltzaleek sasoi batean, baina azken urteotan joera aldatu da; jada ez dira euskarazko liburu guztiak biltzen.
Azkue Biblioteka Euskaltzaindiaren egoitzan bertan dago eta, publikoa denez, edonor sar daiteke liburuak kontsultatzera. Hala ere, ez da herri liburutegiak bezalakoa, ez da irakurtzeko eta etxeko lanak egiteko txokoa, eta erakunde barreneko jendearentzat soilik du mailegu zerbitzua, erakundearentzat lan egitea baitu aurreneko helburu. «Ikertzaileentzat da, baina edozein izan daiteke ikertzaile, ez dugu karnetik eskatzen», argitu du Pruden Gartziak.
Bibliotekako liburu berezienaz galdetuta, «Azkue Bibliotekaren katalogazio erregelak» izeneko lana aipatu digu. Bibliotekonomian ez dago Euskal Herriko legerik eta, horregatik, nazioarteko araugintza euskarara egokitu dute katalogoak osatzeko eta erregelak emateko. Prozesu horren emaitza da «Euskera agerkaria»n argitaratu zen lana.
Makina bat kaxa daude mahai gainean, gutun laranjez beteta. Barrenean Piarres Lafitte euskaltzainari idatzi zioten gutun ugari dago bilduta, mimoz ordenatuta; tartean, Jon Mirandek bidalitako batzuk. Lafitte apaiza zen, «Herria» aldizkariaren jabea eta zuzendaria, eta Uztaritzeko ikastetxeko irakaslea ere bai. Haren artxiboa katalogatzen ari dira egunotan eta adibide modura Mirandek idatzi zizkion gutun batzuk irakurri dizkigu bibliotekako zuzendariak. Idatzi horiek bi euskaltzaleek izan zuten harremanaren berri ematen dute.
Kritikoak, gure burua hondatu gabe
Pello Telleria idazkariordearen iritziz, kantitatea eta kalitatea ez dira beti bateragarri, eta euskararen kalitatea jaitsi egiten da arlo gehiagotara zabaltzen denean. «Kritikoak izan behar dugu, baina geure burua hondatu gabe. Autokritika egin behar dugu, baina etengabeko etsipena ez da ona. Hobetzea da kontua, bakoitza bere arloan, lanaren eta kontzientziaren bidez, ahal bada elkar lagunduz, ez baitago konponbide magikorik». Komunikabideetan ahalegin handia egiten ari direla uste du. «Batzuek estilo liburuak dituzte eta euskara hobetzeko interesa dutela adierazten du horrek . Garai batetik hona gauzak hobetu dira, nahiz eta beti izaten diren hutsak, toki guztietan bezala. Badago asmo bat euskara hobetzeko, ahalik eta hutsik gabekoena erabiltzeko».
Beñat Oihartzabal buruordeak eta Baionako Iker-CNRSko ikerketa zuzendariak azaldu duenez, «oso kezkagarria» da euskararen egoera Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan eta Euskaltzaindiak aspaldi ziurtatua du beharrezkoa litzatekeela hizkuntza ofiziala izatea; eskaera egina du eta erakunde publikoei jakinarazten die aukera duenean. «Estatu mailan hartu beharreko erabakia da hori, eta ez du urrats hori egin nahi izan». Horregatik, «juridikoki egokia ez den egoera batean egin behar ditugu gauzak. Panorama desegoki horren barnean, azken urteotan hobekuntza bat izan da: lehen aldiz euskararen aldeko politika publiko bat antolatzeko erakundea sortu dute hemen, nahiz eta mugak izan eta Frantziako legeen barrenean bideratzea zaila izan». Euskalgintzan ari diren bertze erakundeetan ere gauza bera gertatzen dela dio Oihartzabalek. «AEK bezalakoek, irrati eta telebistetan euskara bultzatzen duten erakundeek, neke handiak dituzte, baina hala ere hobekuntzak daude».
Ipar Euskal Herrian Euskaltzaindiak antolatzen ditu euskararen jakintza neurri batean segurtatzen duen agiriko azterketak. Hegoaldeko lau herrialdeetan erakunde publi- koek prestatzen dute EGA, baina gainerako hiruretan, euskara ofiziala ez denez, ez dute izan orain arte halako ardurarik. Euskaltzaindia huts hori betetzen saiatzen da urtean bi aldiz azterketa bat antolatuta eta D-tituluaren ziurtagiria emanda.
Piarres Xarritonek, Jean Haritschelharrek eta Beñat Oihartzabalek bilera dute Baionako bulegoan, garai batean hiriaren babesle izan zen Gaztelu Berrian. Astero biltzen dira bertan Ipar Euskal Herriko hiru euskaltzain horiek. Aurelia Arkotxa ere biltzen da batzuetan haiekin. Hango bertze euskaltzainak, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Emile Larre, berriz, urrunago bizi direnez, bilkura berezietara baizik ez dira joaten Baionako egoitzara (Xabier Diharce, Iratzeder, ere euskaltzain osoa da, baina osasun arazoak direla-eta, ezin izaten da joan). Xarriton eta Haritschelhar agurtu eta Oihartzabal buruordearekin gelditu gara solasean. Liburuz beteta dago mahai luzea. Uholdeak izan zirelarik liburu anitz galdu zuten Azkaingo eskolan eta, elkartasuna adierazteko asmoz, lan batzuk eskaintzea erabaki dute.
Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Ipar Euskal Herrian ditu ordezkaritzak euskararen erakunde ofizialak. Oihartzabalek azaldu digunez, bertako euskalgintzaren berri helarazten diete Baionatik Euskaltzaindiko organo nagusiei, bertze ordezkaritzek egiten duten bezala. Hala ere, bada berezitasunik: legeria frantsesarentzat Euskaltzaindia ez baita Erret Akademia, Erret Akademia horrekin bat egiten duen onura publikoko elkarte bat baizik. Bitxikeria bat, historiak eta Euskal Herriaren egoerak berak azaltzen dutena: sortu zenetik izan dute tokia Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoakoek Euskaltzaindian, beti egon dira ordezkariak; legez erakunde espainiarra zen, ordea, eta bertako legeak izan behar zituen kontuan.
Egoera horrek luzaz iraun du. Francisco Franco diktadorea hil ondoren Estatu espainoleko erakunde sistema aldatu zelarik ere ez zen puntu hori ukitu. Orduz gero, Euskaltzaindia Erret Akademia da, erakunde berezia lege espainiarraren arabera, eta eskubidea du euskaraz mintzatzen den eskualde guztietako ordezkariak izateko.
Beti saiatu da Euskal Herri osorako izaten eta izaera juridiko hori lanean ari den toki guztietan ezagutua izatea komeni zaio. Duela hogei urte, 1987an, egin zen horretarako lehen urratsa, Ipar Euskal Herriko euskaltzainek elkarte bat osatuko zutela erabaki zenean, Estatu frantseseko legearen arabera. Hala, zeharka bederen, Estatu frantseseko legediaren barrenean sartu zen Euskaltzaindia eta bertako erakundeei dirulaguntzak eskatzea ahalbidetu zuen horrek. 1995ean Euskaltzaindia bera, izaera betean, onura publikoko erakunde gisa ezagutua izan zen. Bi izaera juridiko ditu, beraz: Estatu espainolean Erret Akademia da eta, frantsesean, onura publikoko erakundea. «Gure funtzionamendua gisa horretan lagundua da lehenago baino anitzez gehiago».
Ipar Euskal Herrikoen lana
Baina zer egiten da ordezkaritzetan? Herrialde bakoitzean tokiko jendeek egiten dute ordezkaritza. Euskalgintzan zerbait berezia prestatzen bada, nonbait euskararen aldeko ekitaldiren bat bada, tokiko ordezkaritzatik bideratzen da Euskaltzaindia hor izatea, hala komeni bada. Horretaz gain, zerbitzuak eskaintzen dira bulegoetan; izendegiak eta arau berriak ezagutarazten dira. Baionaren kasuan, euskalgintzaren mundua «franko txikia da; jendeak elkar laguntzen du ahal bezainbat eta elkarren berri izaten du».
Lege frantsesaren arabera, onura publikoko erakundeek zenbait eginbehar dituzte. Biltzar nagusi bat egiten dute urtean behin Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) ordezkariek, Euskaltzaindiko zuzendaritzak eta bertako euskaltzainek. Hitzarmen bat dute bi erakundeek eta itun horren araberako lanak nola joan diren azaltzen dute bileran.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zube-roako euskaltzainek zer lan mota egiten duten galdetu diogu, eta erantzunean adibide bat eman du Oihartzabalek. Herri aginteen eskaeraz herrialdeotako toponimiaren inguruko lan bat hasi zuten duela zenbait urte, eta Onomastika batzordearekin nola bide-ratu aztertzen ari dira. Bertze adibide bat eman du. Heldu den abenduaren 20an, Zaldubi XX. mendearen hastapeneko idazlearen ohorez eginen duten omenaldia pres- tatzen ari dira. Euskaltzaindia, oro har, lehengo idazleak omentzen ahalegintzen da urte osoan; heriotza urtemugak edo mendemugak direnean sortu ziren herrian berean ekitaldiak egiten dituzte. Kasik urtero izaten dira Ipar Euskal Herrian. Herrian bertan hitzaldiak egiten dituzte idazleen inguruan eta biharamunean euskaltzain guztiak biltzen dira osoko bilkura egiteko.
EUSKALTZAINBURUA
Urrutia, Andres. Bilbo, 1954, notarioa eta 2004ko abenduaren 17tik euskaltzainburua.
euskaltzain osoak
Aleman, Sagrario. Etxaleku, 1952, Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria.
Arana Martija, Jose Antonio. Gernika, 1931, jubilatua Euskaltzaindiko liburuzain izatetik; euskaltzain emeritua.
Arejita, Adolfo. Bilbo, 1953, Deustuko Unibertsitatean irakaslea.
Arkotxa, Aurelia. Baigorrin jaioa 1953. urtean, poeta, ikerlaria, Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitatean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna, Literatura irakaslea Baionako eta Bordeleko fakultateetan.
Atxaga, Bernardo. Asteasu, 1951, idazlea.
Azkarate, Miren. Donostia, 1955, EHUko irakaslea, Lakuako Gobernuko sailburu eta eleduna.
Xarriton, Piarres. Hazparne, 1921, jubilatua irakasle izatetik; euskaltzain emeritua.
Davant, Jean-Louis. Ürrüstoi, 1935, jubilatua Hazparneko Laborantza Ikastetxean irakasle izatetik.
Diharce, Xabier, «Iratzeder». Donibane Lohizune, 1920, olerkaria, Belokeko komentuan fraidea, euskaltzain emeritua.
Goenaga, Patxi. Azpeitia, 1948, EHUko irakaslea.
Haritschelhar, Jean. Baigorri, 1923, jubilatua Bordeleko Unibertsitatean irakasle izatetik; euskaltzainburu ohia, euskaltzain emeritua.
Iñigo, Andres. Ituren, 1945, Jagon sailburua.
Kintana, Xabier. Bilbo, 1946, EHUko Magisteritza Eskolako irakaslea, Euskaltzaindiko idazkaria.
Knörr, Henrike. Tarragona, 1947, EHUko irakaslea, Iker sailburua.
Lakarra, Joseba Andoni. Arratzu, 1962, EHUko irakaslea.
Larre, Emile. Baigorri, 1926, bertsolaria, kazetaria, idazlea eta euskaltzain emeritua.
Lizundia, Jose Luis. Iruñea, 1938, jubilatua Euskaltzaindiko idazkariorde-kudeatzailea izatetik, diruzaina.
Oihartzabal, Beñat. Paris, 1949, Baionako Iker-CNRSko ikerketa zuzendaria, euskaltzainburuordea.
Oñederra, Lourdes. Donostia, 1958, EHUko katedraduna.
Peillen, Txomin. Paris, 1932, idazlea, jubilatua Paue eta Aturri Herrialdeetako unibertsitate irakasle izatetik.
Sagarna, Andoni. Donostia, 1947, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea, Elkar enpresa taldeko I+G+b arloko zuzendaria.
Salaberri, Patxi. Uxue, 1959, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.
Salaburu, Pello. Arizkun, 1951, EHUko irakaslea.
Sarasola, Ibon. Donostia, 1946, EHUko irakaslea.
Toledo, Ana. Antzuola, 1954, Deustuko Unibertsitateko irakaslea.
Torrealdai, Joan Mari. Forua, 1942, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, «Jakin» aldizkariaren zuzendaria.
Zabaleta, Patxi. Leitza, 1947, abokatua eta idazlea.
Zalbide, Mikel. Donostia, 1951, Lakuako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara zerbitzuburua.
Zavala, Antonio. Tolosa, 1928, jubilatua irakasle izatetik, Auspoa bildumaren sortzailea, euskaltzain emeritua.
«Euskaltzaindia bezain ibiltaria den akademiarik ez dakit munduan badagoen», hausnartu du idazkariordeak, herriz herri ibiltzen baita ekitaldiak prestatzen. «Plazaberri» agerkariak ekitaldiak gizarteratzea du xede. «Euskaltzaindia.net»en dago eskuragarri, bertze hainbat zerbitzurekin batera. Jagonet da horietako bat, urtero milaka lagunek erabiltzen dutena. Horren bidez, gramatikari, lexikoari, onomastikari edo idazkerari buruzko erabakiak eta aholkuak kontsulta daitezke. Izendegien txokoa erabilgarria izan daiteke pertsona izenen, deituren, leku izenen eta kanpoko izenen berri jakiteko; Azkue Bibliotekako liburuak bila daitezke; «Euskera» agerkariko azken aleak irakurri; Euskaltzaindiak argitaratu dituen liburuak erosi...
42.238
2001ean hasi zen jendaurrean lanean Jagonet zerbitzua, «Euskaltzaindia.net» helbidean. Iaz 42.000 bilaketa baino gehiago egin zituzten erabiltzaileek datu basean.
Sareak zuloak adina lan batzorde eta proiektu ditu Euskaltzaindiak. Pello Telleria idazkariordeak azaldu digunez, 23.000 hitzeko zerrenda bildu zuten Hiztegian eta orain bigarren itzulia egiten ari dira; e letrarainokoak onartuta dituzte dagoeneko, beren adibideekin eta esanahiekin. Gramatikaz arduratzen den taldea mendeko perpausen hirugarren liburukia aztertzen ari da, baita bileretan Jagonet-eko galderen erantzunak prestatzen ere. Onomastikakoak, berriz, kale, auzo, herri, lurralde eta pertsona izenak, deiturak eta toponimoak nola eman erabakitzen dihardu. Nafarroako izendegiarekin ari dira aurten, merindadeka. Gainera, munduko estatu izenak berritu dituzte. Europako eskualde izenak nola eman aztertzen ari dira eta zerrenda luze bat osatu dute kirol probekin. Erakunde eta enpresen bertzelako galderei ere erantzuten diete: «Nola jarriko dugu tunel honen izena?».
Literatura Ikerketaren emaitza handiena 12-13 urtetan prestatzen aritu den literatura terminoen hiztegia dela jakinarazi du Telleriak. Entziklopedia itxura du eta inprimategian dago. Horiek guztiak Iker Sailekoak dira. Jagoni dagokionez, zenbait euskalkitan jaso gabe gelditu diren hitzak proposatzen eta aztertzen ari dira. Hiztegi Batua aberasteko, ahoz erabiltzen diren solasak baina agian liburuetan jasota ez daudenak biltzen ari dira, beren ustez halako erabilera zabala dutenak eta euskalkian garrantzia dutenak. Sakanako hizkera aztertzen ari dira orain. Sustapen batzordea ere bada Jagon Sailean; arlo legala, kanpoko erakundeekikoa zaintzen du.