GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko azoka

Egur gehiago!

Gizakiok badugu beste joera bat, komunitate jakin bateko kide sentitzeko beharra dugu, eta horretarako antolatzen ditugu halako meetingak «Ama Lur» ikusteko irrikitan nago eta hori da Durangotik igaro ostean egingo dudan lehenengo gauza. Esan dezaket, beraz, berandu xamar baina iritsi naizela herri honetako bi ekimen kultural garrantzitsuetara

Haritz RODRIGUEZ Kazetaria

Amaitu da Durangoko Azoka, momentuz. Bukatu da, akabo. Udaberri aldera izango dute berriro merkatuarekin hitzordua saiakerek, eleberriek, poesiak, ipuinek eta parafernalia guztiak. Johannes Gutenberg-ek asmatutako makinek kea dariela egoteari utzi diote. Estresatuta iritsi ohi dira inprentak «euskal kulturaren zubia» deitu izan zaion asteburu luzera. Mikrofonoek doinuak irensteari utzi diote, grabatu beharrekoak grabatu dira, eta «Moztu!» entzun da zinema estudioetan. Itzali kamerak.

Gure bizitza ziklikoki zatitzeko joera dugu gizakiok, eta inflexio puntuak bilatzen ditugu horretarako, denborazko erreferentziak. Ikasleentzat edo etxetik kanpo bizi direnentzat ikasturteak dira, langileentzat Gabon bueltako aparteko ordainsariak, eta herri asko eta askotan festak. Hernanin Sanjuanak, Bilbon Aste Nagusia, Gasteizen Andra Mari Zuria, Ziburun Bixintxoak, Tolosan Inauteriak, Donostian Sansebastianak eta Iruñean Sanferminak. Amaitutakoan, beti geratzen da urtebete hurrengo festak prestatzeko.

Ni ere berandu ailegatu naiz aurten Durangora. Erredakzioko lanak azken eguna iritsi arte ez dit utzi Azoka bertatik bertara bizitzen, urtero egin ohi dudan legez. Makinak itzalita joan naiz, tentsioa apalduta, mikroa off, lasai antzean, baina goseak jota.

Baten batek esango du urte osoan zehar edozein dendatan aurkitu ahal izango ditudala Durangon salgai daudenak. Gizakiok badugu, baina, beste joera bat, komunitate jakin bateko kide sentitzeko beharra dugu, horretarako antolatzen ditugu horren gisako meetingak. Izan ere, fenomeno masibo horren inguruan sortzen diren elkarrizketa, harreman, agur, begirada eta sentsazioak ez baititut urte osoan Megadendan aurkituko.

Durangora berandu iritsi banaiz, are beranduago iritsi naiz «Ama Lur»-era. Filme mitikoaren aurkezpen ekitaldiaren inguruan egunkari honetan argitaratutako kronikak ikusmina eta egarria piztu dizkit.

«Ama Lur» ikusteko irrikitan nago eta Durangotik igaro ostean egingo dudan lehenengo gauza da. Esan dezaket, beraz, berandu xamar baina batera iritsi naizela herri honetako bi ekimen kultural garrantzitsuetara. 2007ko Azokara azkeneko egunean; «Ama Lur» filma ikusteko, zenbait hamarkada berandu... Uztartu egin dira, baina, nolabait. Belaunaldi arteko katebegia. Berriz ere zikloak...

Umorearen azoka bukatu da. Hala ere, urte bete dugu aurretik eta, ondoren, beste urte bete, eta horrela infinituraino... sortzeko, ekoizteko, saltzeko, irakurtzeko, oparitzeko... Azoka ez litzateke azoka izango urte osoko lanik gabe, hamarkada osoko lanik gabe, mende osoko lanik gabe. Ez legoke ezer erakusteko, standak hutsik leudeke. Hildakoa gogoratzeko baino, bizirik dagoen kulturaren erakusle den bitartean... Durangoko Azoka rocks! Orain, umorearen maixu Groucho Marxek esaten zuen bezala: Egur gehiago!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo