GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Telebistak dakarrena

Ines INTXAUSTI

Telebista kritikaria

Telebistari esker izango ez balitz, zutabe honek ez luke zentzurik izango. Hala da, argi eta garbi. Esker diodanean, eskertzeko asko diodala diotsuet. Lagun asko egin ditut-eta, hitz hauek direla medio. Batzuk eskutitzen bidez hurbiltzen dira. Beste batzuk zuzenago datoz. Gutun guztiak, gordeta ditut kutxa baten barruan. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izen ezagunak diren batzuen artean ezezagun umil askok ere izkiriatzen dute batzuetan. Markos Zapiain eta bion arteko istorioa -ez dago istoriorik, jakina- adibide gisa, horrela hasi zen. Pantailaz botatakoak irakurri eta gero, uste: nondik demontre atera da emakume hau? Egunotan egunkarietan azaltzeko borondatean ausardia dago. Eta behar da. Are gehiago telebistara joateko. Bertara joan, lasai sentitu eta boutadez boutade mugitu han hemenka. Eztabaidek ere ez dute zentzurik telebistan ematen ez badira. Eztabaidek odol kolorea behar dute emankizun zerrendan agertzeko. Etxeko mahai inguruetan plantatzen garenean, berriz, ez dugu halakorik nahi izaten. Ika-mikak Eguberrietarako uzten ditugu. A, Eguberriak, Eguberriak, Eguberriak! Nola ez gogoratu! Nola ez ahantzi! Badatoz eta hemen gaude zain, labana hortzen artean dugula. Aurten Martin Scorsesse-k esango digu zein markako kaba edan behar dugun. Zinemazaleek desilusio handia hartu dute horregatik. Nik ez. Manipulatzekotan, mesedez, manipulatu nazala Martinek. Ez du bola barruraino irentsi, gainera. Hiru elementu eskatu dizkiote iragarkian (ez dugu izena aipatuko, jakina). «Reserva» hitza, «topa» (edo brindisa) eta botila agertzea. «Reserva» tituluan jarri du. Beraz, iragarki horrek izena du. Eta horrela ekin dio lehenengo oinarri komertzialari. Eta gero, gerokoak. Botila bat edo beste agertzea berdin dio. Edan tekila edo vodka. Scorsessek jarri du kaba enpresa kinka larrian, eta ez alderantziz. Talentua eta dirua bai, baina baita ideolektoa ere. Eta hirugarren beharkizunez, topa egitearena. Edonon sar dezakezu topa bat zinema munduan. Eta nik, Eguberriak baino lehen, nola ez maiteok, zuekin egin nahiko nuke topa, egunez edo gauez, afari ilun batean. Scrooge!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo