GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Mozkorrari autoaren giltzak kendu

Autoa eramateko gauza ez den lagun mozkorrari koadriletan egiten zaiona egin diote Bushi. Edo, nahiago baduzu, hankapetik eskailera kendu eta brotxatik zintzilik utzi dute.

AEBtako 2007ko «Nacional Inteligence Estimate»-ak Irani buruz ebatzi du herrialde horrek 2003an baztertu zituela bonba nuklearra egiteko egitasmoak, eta ahaleginak berreskuratuko balitu ere urte mordoa beharko lukeela helburua lortzeko. Eta unerik aproposenean, agintealdiaren azken urtean sartzerakoan alegia, norbaitek «The Washington Post» egunkariari helarazi dio hausnarketa. Hori bai dela suntsiketa politiko handiko arma. Bush bera, eta mozkorraldi horretan lagun bultzagilea den Israelgo gobernua ere konturatu direla ematen du.

Estatu Batuetako 16 inteligentzia zerbitzuen elkarlan gorena baita NIE txostena, duela 50 urte baino gehiagotik. «Jakitunen Orakulu Bateratu» moduko bat, hura irakurtzeko eskumena duten agintari urrien adimen urriak argitzeko. Praktikan, haatik, beste txosten bat, sinatzaileetako edozeinek bere kabuz egindakoekin kontraesanean egon daitekeena. Eta ez bereziki zuhurra: 2002an, esate baterako, Irak bere arma programa nuklear eta biologikoak berregiten ari zela zioen. Noski, orain badakigu zergatik esaten zen hori orduan.

Baina horrek berak funtsa kendu ez baizik gehitu egiten dio Irani buruzko ebazpen honen irmotasunari eta aho batezko ofizialtasunari. Arazoa ez baitago Iranen egitasmoetan (espioi estatubatuarrek kalkulatuko zuten Ahmadinejadek topa egingo zuela hori jakitean, eta haren aurkako zigor ekonomiko eta diplomatikoan ildoan Txinak eta Errusiak ez ezik Europak ere jarraitzea asko zailduko zuela), Bush eta Israelen asmoetan baizik. Eta, horren berri askoz zuzenagoa edukiko dutenez, Inperioaren espioiek deliberatu bide dute astakeria handiagorik egin ez dezaten iritzi publikoaren aurrean «giltza» moduan erabil zezaketena eskuetatik kendu behar zitzaiela. Lehenbailehen.

Ez dakit, ordea, AEBtako espioitza artxibategietan jasota edukiko duten gure lagundian behin gertatu zena (eta Euskal Herriko beste batzuetan ere gertatu dela entzun dudana): mozkortuta, baina etxeratu nahi ezik, bere autoaren giltzak ostuta tabernan utzi genuen laguna halako batean etxean agertu zen bere ibilgailuarekin... zubia eginda. Kontuz Bushekin, horietakoa da eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo