Durangoko azoka
Urte polita salmentan, jende asko baina itomenik ez, eta aniztasuna eskaintzan
Azokak eskaini eta jaso duen aniztasuna nabarmendu zuten atzo Gerediaga Elkarteko antolatzaileek zein editoreek eta diskoetxeen ordezkariek. Jende asko joan da aurten Durangora, egun guztietan banatuta gainera, eta salmentak ere ugariak izan dira. Hurrengo edizioari begira, egitarauaren inguruko hausnarketa egiten ari direla iragarri zuten Gerediagakoek. Antolatutako ekitaldietan Azokaren alderdi ludikoa indartu beharrekoa delakoan daude.
Karolina ALMAGIA | DURANGO
Durangoko Azokak eskaini eta jaso duen aniztasuna nabarmendu zuten antolatzaileek, Azokako emaitzen nondik norakoak azaltzeko atzo eskainitako prentsaurrekoan.
Euskal Liburu eta Disko Azokaren zuzendaria den Jon Irazabal «pozik» agertu zen: «Ez dakigu zifra bat, ezin dugu neurtu jende kopurua, baina Azokara etorri direnak asko izan dira. Aurten ez da iaz bezala igarri egun jendetsuagorik, eta ez horren jendetsurik. Egun guztietan egon da jende asko eta pozik gaude izandako erantzunarekin. Eguerdian ere, bazkaltzeko orduan, jende ugari ibili da erosketak egiten».
Jende kopurua erosketekin lotuta egon dela nabarmendu zuten, beren aldetik, bai editoreen elkarteko ordezkari den Jorge Gimenezek, bai diskoetxeen bozeramaile den Angel Valdesek. Biek ala biek «urte ona» izan dela azpimarratu zuten. «Urte polita izan da liburugintzari dagokionez eta geneuzkan itxaropenak bete egin dira» esan zuen Gimenezek. «Eskaintza anitza izan da, ildo askotariko lanak izan dira aurten eta aniztasuna balio bilakatzea oso garrantzitsua da gurea bezalako literatura batean». Bestetik, Azokaren «profesionaltasuna» goraipatu zuen editoreak. «Albiste da ohitu garela inolako antolakuntza arazorik ez izatera».
Ildo berean egin zuen balorazioa Valdesek ere. «Inflexio puntu bat datorrela dirudi. Izan dugun musika eskaintza ere oso anitza izan da eta jendeak era guztietako diskoak erosi ditu. Produktuen kalitatea ere oso ona izan da orokorrean». Bai liburuetan, bai diskoetan aurten «salmenta handi bakar bat ez egon izana» era positiboan baloratu zuten Gimenezek eta Valdesek. «Salmenta ere zabaldu» egin dela agerian utzi nahi izan dute.
«Durangoko Azokak, urteen poderioz, sinesgarritasuna irabazi du», gaineratu zuen Elkar diskoetxearen bozeramaileak.
Durangoko Azokak antolatu duen egitarauari begira, «izan duen erantzuna azpimarratzekoa da», antolatzaileen esanetan. Elkartegian egin diren aurkezpenetara, saioetara eta bestelako ikuskizunetara «gero eta jende gehiago hurbiltzen da eta, zentzu horretan, hesi bat gainditzen ari gara», esan zuen Jon Irazabalek. Gerediaga elkarteko presidentea den Nerea Mujikak Durangaldeko musika taldeen kontzertuak izan zuen arrakasta nabarmendu nahi izan zuen. Bestetik, Payatarrek egin zuten «Oroimenaren Lupa» saioa, baita ere Durangaldeko Bideografik taldearen eskutik ikusi ahal izan zen «Psikoblok, Ur sakonetako bakardadea» dokumentala gogora ekarri nahi izan zituzten Gerediagakoek. Bide horretan, «Azokak sormenaren sustatzaile bidean egin duen apustuari eutsi nahi dio aurrera begira ere, eta era horretako ekimenak bultzatu eta babesteko asmoa daukagu».
Alderdi ludikoan sakondu
Elkartegian egiten diren ikuskizunen aldeko apustua sendotzen hasi da eta «gero eta jende gehiagok parte hartzen du han egiten ditugun saioetan. Azokaren alderdi ludikoa eta serioagoa uztartzeko aukera ematen digu eta bide horretan sakontzeko ahaleginean jarraituko dugu», adierazi zuen Irazabalek.
Sormenaren sustatzaile izateko bidean ere, beste literatura batzuekiko elkarlana bultzatzeko asmoari eutsi dio Durangoko Azokak. Georgiako literatura ezagutzeko aukera egon da aurten, hango idazleak gonbidatu baititu Gerediaga elkarteak. Era berean, Iparraldeko euskal sorkuntza aintzatetsi eta saritu egin du Argizaiola saria Maiatz Elkarteari emanez.
Esan bezala, aurten ez da egon «izar produktu» bat, ez literaturan, ez musika alorrean. Liburuen artean, oso ondo saldu dira, besteak beste, Miren Agur Meaberen «Urtebete Itsargian», Mariasun Landaren «Festa Aldameneko gelan», Aingeru Epaltzaren «Bezperan bezpera», Iñaki Sagredoren «Navarra. Castillos que defendieron el reino III», edo Xabier Silveiraren «A las ocho en el Bule», esate baterako. Itzulpen batzuk ere oso ondo funtzionatu omen dute, John Boyne-ren «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» kasu. Horietaz gain, beti bezala, mota guztietato ipuinak eta haur literaturako aleak primeran saldu dira aurten ere.
Diskoen artean, Zea Mays, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren, Gose, Gari eta Ken 7-ren azkenak daude salduenetarikoen artean. Berri Txarrak, Su ta Gar eta Mikel Laboaren «Lekeitioak» ere aipatu behar dira.
Aurten salmenta handi bakar bat ez egon izana era positiboan baloratu dute editoreek eta disketxeek. Produktuen kalitatea eta aniztasuna azpimarratu dute saltzaileek.