Lapurreta zela-eta ihesean zirenei tiro egin zieten ertzainak absolbitu dituzte
Biasterin duela hamar urte auto baten kontra tiro egitean pertsona bat zauritu zela-eta, bi ertzain auzipetuak izan ziren «zuhurtziagabekeria» leporatuta . Orain, «ertzainek beren lana bete» zutela erabaki du epaiak.
GARA |
Duela hamar urte lapurreta bat zela medio ihesari eman zioten lau lagunen kontra tirokatu izana leporatuta, bi ertzain auzipetuak izan ziren. Atzo ezagutzera eman zenez, Burgosko epaitegi batek auzipetutako ertzainak absolbitu egin ditu. Gertaerak 1997ko abenduan jazo ziren, Arabako Biasteri herrian lanean zebiltzan bi ertzainek segitzen ari ziren autoari tiro egin ziotenean. Autoan zeudenak, ustez, denda batean indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik susmagarriak ziren, eta Irun eta Madril lotzen dituen N-I errepidean sartu zirenean, kontrako norabidean gidatu omen zuten. Ertzainek gainerako gidarientzat eta eurentzat ere arriskua ikusi zutenean egin omen zuten tiro.
Ertzainek adierazitakoaren arabera, istripu baten arriskua ikusi zuten unean erabaki zuten eskopeta atera eta jarraitzen ari ziren autoaren atzeko gurpilari tiro egitea. Geroago, autoaren barruan lau lagun zihoazela jakin zen arren, une hartan ez omen zuten atzean zegoen laugarren pertsona haren berri eta beraz, ez zuten inor zauritzeko arriskurik ikusi. Gurpiletara jaurti bazuten ere, atzeko eser-lekuan zeudenetako bat eskopetaren postek jo zuten, eta bai buruan bai lepoan zauriak eragin zizkioten.
Garai hartan «Ertzaintza Gaur» aldizkarian argitaratu zenaren arabera, autoa tirokatua izan zenean, gidaria errepidetik atera eta alde batean gelditu zen. Ertzainek adierazi zutenez, hala, balizko istripua ekiditea lortu zuten. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak «zuhurtziagabekeria» leporatuta, zigorra eskatu zuten ertzainentzat baina, orain, Miranda de Ebroko (Burgos) Epaitegiak ertzainen adierazpenak ontzat eman eta, horien defentsako abokatuak eskatu bezala, ertzainen jokabidea «egin beharrekoa betetzea» izan zela deliberatu du.
«Arazorik txikiena eragiteko»
Autoari atzealdetik tiro egitea erabaki zutenean, eskuineko aldera jaurti omen zuten ertzainek, makurtuta zihoala eta ikusterik ez zuten laugarren pertso- na alde hortan zela jakin gabe. Epaileak ontzat eman du adierazpen hori, zauritutakoa makurtuta eta gordea zegoela agerian geratu delakoan epaiketan.
Bestalde, egiazko arriskua ikusi arte ez zela kalterik eragin, eta orduan ere, «arazorik txikiena eragiteko modua bilatuz» pistolaren ordez eskopeta erabili izana kontuan hartu dira epaian. Ertzainen jokabidea auto batek kontrako norabidean gidatzeak dakarren arriskua ekiditeko hartutako neurria izan zela ontzat eman dute epaileek.
Ertzainek auto baten kontra tiro egin zutenean pertsona bat zauritu zuten. «Zuhurtziagabekeria» leporatuz, epaituak izan ziren baina, orain, epaiak istripu-arriskua ekidinez «euren lana egin» zutela esan du.