«Esnegileok, ekoizle huts izan ordez, saltzeko ahalmena izan nahi dugu»
Bere aitak egiten zuen moduan, Danone enpresari saldu dio azken 30 urteotan bere behien esnea. Alta, esneki enpresek ordaintzen dieten prezioak behera egin du 2001etik aurrera. Gehiago ordaintzen dutela ohartuta, 25 ekoizle elkartu dira eta Nafarroako enpresa bati salduko diote beren esnea.
Arantxa MANTEROLA |
Harlouxet nekazari baxenabartarrak bezala, hainbat nekazarik beren esnea Nafarroa Garaiko enpresa bati saltzea deliberatu dute. Erabakiaren arrazoiak azaldu dizkigu Ahatsako esnegileak.
Zergatik erabaki duzue esnea Nafarroa Garaian saltzea?
Duela urte eta erdi konturatu ginen Hegoaldean behi-esnea Iparraldean ordaintzen digutena baino anitz gehiago ordaintzen dutela. Hemengo esneki-enpresek tonako 300 euro ordaintzen digute. Hegoaldean aldiz, 360, 400 eta azken hilabeteotan baita 450 euro ere ematen ari dira tonako. Alde handia da.
Esnea erosten zizueten enpresek zer diote horri buruz?
Hori ikusita hemengo enpresei prezioak berrikusteko eskatu genien, baina hemengo merkatua horrela dagoela eta ezin dutela horrenbeste ordaindu erantzun ziguten. Hala eta guztiz ere, onartu zuten prezioa zertxobait igotzea eta tona 320 eta 330 euro bitartean ordaintzeko prest agertu ziren. Horiek dira hemen orain indarrean dauden prezioak, baina Hegoaldekoekin alderaturik 80 eta 100 euroko tartea dago tonako. Egoera aztertu ostean gure esnea Hegoaldean saltzea deliberatu dugu.
Zein enpresari salduko diozue?
Hiru esneki-enpresekin jarri ginen harremanetan: Iparlat, Quesos de Navarra eta Lacteos Goxua. Azken honekin ukan ditugu negoziaziorik onenak, bai prezioan baita baldintzetan ere. Hiru aldiz elkartu gara eta beraiek ere jin dira Iparralderat hainbatetan. Iparraldeko unean uneko prezioa oinarri hartuta, 35 euro gehiago ordainduko digute tonako. Urtebeteko hitzarmena egin dugu eta horiei salduko diegu gure esnea.
Nola egin duzue administratiboki eta juridikoki hori ahalbidetzeko? Enpresa bat sortu behar izan duzue?
Estatu frantsesean esnea biltzeko baimen berezia behar da. «Onilait» egitura ofizialak ematen du esnea saltzeko baimena baina sei hilabete behar dira, gutxienez, baimen hori lortzeko. Denbora asko zen guretzat eta ezin genuen horrela segitu. Horregatik aspalditik dagoen CLPB (Coopérative Laitière du Pays Basque) elkartera jo dugu. Duela berrogei bat urte existitzen da kooperatiba hori eta esnea biltzeko baimena du; ez du lehengaia transformatzen, bildu eta saldu egiten du soilik. Azken urteetan bere jarduerak beherantz egin du behi-esneari dagokionez, ardi-esnearen bilketa egiten baitu nagusiki. Bertan sartzeko baldintzak onartu ditugu eta aurrerantzean handik bideratuko dugu salmenta.
Zenbat esnegile sartu zarete proiektuan?
Hogeita bost. Batzuk Berria kooperatiban zeuden eta beste batzuek, nik bezala, Danoneri saltzen genion geure esnea. Orain CLPBn sartu gara eta Goxuari salduko diogu.
Nola eginen duzue praktikan?
Gu geuk antolatzen dugu bilketa eta garraioa. Ultzama haraneko Iraizoz herrira eramaten dugu, han baitauka biltegia.
Esnea Nafarroara garraiatu beharrak ez al du kostua handitzen?
Kalkuluak egin ditugu. Jakin behar da Frantzian 2001etik hona esnearen prezioa apaltzen joan dela. Garai hartan nolabait heltzen ginen gure gastuak orekatzera, baina azken urteotan ez. Orain lortu dugun prezioarekin erran dezakegu normaltasun batera helduko garela. Ez da behin betiko erremedioa baina emendatze honek zerbait konponduko du.
Estatu frantseseko enpresak prezio hori ordaintzeko prest agertuko balira, berriro haiei salduko al diezue?
Bai, noski. Hala eta guztiz ere, erabaki honekin urrats berria eman dugu, guk geuk geure ekoizpena zuzenean saltzearena, alegia. Orain ez gara ekoizle hutsak, gure produktuaren saltzaile ere bilakatu gara. Duela 50 urte laborariok bagenuen saltzeko aukera hori , baina pixkanaka esnegintza industriak kendu egin digu. Urrats honi esker ahalmen hori berreskuratzeko bidean jarri gara.
«Iparraldeko unean uneko prezioa oinarri hartuta, esnea 35 euro gehiago ordainduko digute, hau da, gutxi gorabehera, 360 euro tonako».