Itsasura iritsi da ipuina eta artea elkartu nahi dituen ipuinartean II erakusketa
Tolosako Ereite eta Lapurdiko Faiseurs de la belle kultur elkarteen eskutik, mundu osoko ipuinak eta eremu orotariko artistak elkartzen dituen IpuinARTEan erakusketa ibiltaria Lapurdira iritsi da. Itsasun urtarrilaren 9a bitartean egonen da, bere bidaia segitu aurretik.
Eneritz ZABALETA
Lapurdiko lurretara heldu da IpuinARTEan, hogeita hamar ipuin beste horrenbeste artistekin harremanetan jartzea nahi duen erakusketa ibiltaria. Behinola, mundu osoko ipuin horiei, beren begi eta adimen berezitik abiatuta, berrirakurketa artistiko bat egitea eskatu zieten Tolosako Ereite eta Lapurdiko Faiseurs de la belle kultur elkarteek. Hizkuntzetatik harago, eskuen, pintzelen eta argazki objektiboen hizkuntza unibertsaletik, ipuinak berriz kontatzeko, sortzeko, aukera eman zieten. «Baziren behin hogeita hamar ipuinetik abiatuz obra bat egin zuten hogeita hamar artista», hala kontatzen du Aurelio Vicentek, erakusketan parte hartzen duen artistak, IpuinARTEan proiektuaren funtsa zertan datzan.
«Artistek erabateko askatasuna izan dute, ipuinetik abiatu, eta horrek inspiratzen ziena sortzeko», erran digu Julien Lacoste, Faiseurs de la belle elkarteko kideak, eta Itsasuko erakusketako koordinatzaileak: «lehenik eskualde edo herri bat hautatu dute. Gero, herri edo eskualde horretako lauzpabost ipuin proposatu dizkiegu. Haiek, bat aukeratu, eta nahi izan duten obra sortu digute». Ipuina abiapuntu, eta ipuina helduleku. Artea kontalari. Eskultura, pintura, argazkia... mundu osoko ipuinen mihi berri, eta begi berritzaile. Ipuinen istorio eta artisten begiraden bidez, narratiba estilo honen historia ezagutarazi nahi dute erakusketako arduradunek: «estilo guztietako ipuinak hautatzen saiatu gara. Eskolekin ere lan bat abiatu dugu, mitoen, mitologien... eta beste hainbat ipuin estiloen artean desberdintasunak argitzeko», erantsi du Lacostek.
Erakusketa, ipuinen bilketa handi bat egiteko aukera izan da. «Gehienak internetetik lortu ditugu, Ereitekoen lanari esker. Gazteleraz idatzita zeuden. Erakusketarako, itzulpen eta berritzulpen ariketa interesgarria egin dugu» erraten digu Lacostek. Izan ere, AEBtako Sioux indioen ipuinetatik hasi, eta Afrikako Fang, Swahili edo Lingala hizkuntzetaraino, hamarnaka hizkuntza izan dira atzeman beharrekoak. Tibetekoak, Inuitena, Quechua, japoniera, txinera... «itzultzaileei eskerrak eman behar dizkiegu, gaitzeko lana egin baitute», erran digu Lacostek esker onez.
Ipuinen jatorria bezain anitza da, ipuinak berrirakurri dituzten artisten lan eremua. Ipar ala hego, Euskal Herri osoko margolari, argazkilari, eskultorea, beiragile... aurkezten dira erakusketan. Horien artean, proiektuaren lehen urratsetatik erakusketa beren gain hartu duten Alberto Letamendi eta Hector Luna. Jose Luis Zumeta margolaria, Zigor eskultorea, Angela Mejias argazkilaria edo Bruno Aguerre, Gonzalo Etxeberria, Txitxi Orbegozo ere aipa litezke. Euskal Herriko mugetatik kanpoko artistak ere badaude, besteak beste, Hugh Mc Arthy irlandarra, Eduardo Manet kubatarra, Tanja Wilebske finlandiarra, Papin Lucadamo argentinarra... Haien jatorriak bezain anitzak dira sortu dituzten lanak: «estilo eta lan material guztietako zertzeladak ditugu. Egur gaineko olioa, akrilikoa, txinako tindua, serigrafia, eskultura, beira lanketa, bideo-tindu lan mistoak... Biziki aberasgarria, eta muntatzeko zaila ere bada», zehaztu digu Itsasuko erakusketaz arduratzen den Julien Lacostek.
Itsasun urtarrilaren 9a bitartean egonen da IpuinARTEan erakusketaren bigarren edizioa ikusgai. Gero, Tolosan hasi itzuliak Estatu frantsesean gaindi segiko du: «Bordalera joanen gara, eta Okzitaniako Tolosara gero. Esperantza dugu Nantesetik ere pasatzeko. Itzulia, ondotik, Euskal Herrira itzuliko da, eta hurrengo urteko azaro aldean Pasai-Donibanen bururatuko da», dio Lacostek.
Herriz herri, erakusketak zangoak pausatzen dituen gune oro festagune bihurtu nahi du IpuinARTEan erakusketak: «Tolosan festa handia, eta askari multikultural bat antolatu genuen, mundu osoko jakiekin. Performance bat ere egin genuen Alur dantza taldeko adiskideekin. Itsasun, irekitzean kontzertua antolatu genuen Garazi Philantropik orkestarekin. Herri guztietan, horrelako festak antolatzeko asmoa dugu», bukatu du Lacostek. Pausuz pausu, artea festa handia dela dioen ipuin honen bigarren kapitulua aitzina doa, eta bertako istorioek historia kolektibo baten orriak idatziz segi nahi dute.