Durangoko azoka
«Zalduby» iparraldeko olerkari fina omendu zuten atzo, mendeurrenean
A. BILBAO | BILBO
Gaur, abenduak 10, Gratien Adema «Zalduby» hil zenaren mendeurrena ospatzen dela-eta, iparraldeko olerkariari buruzko hitzaldia ematekoa zen atzo Piarres Xarriton. Alta, eri dago Xarriton, erlastua, eta Xabier Altzibarrek ordezkatu zuen 86 urte beteak dituen iparraldeko mintzalari trebea.
Azokako espazioa eta mendeurrenaren data aitzakia, Gratien Adema euskaltzale amorratuaren bizitza eta obra ezagutarazteko profitatu zuen Altzibarrek, «7ak zazpi» izenburua zuen mintzaldia. Hasteko, idazlearen berri eman duten artikulu eta bildumak aipatu zituen, tartean Xarritonek berak, Ales Bengoetxeak edo Jean Etxeparek idatziak, Mundaiz edo RIEV aldizkarietan, besteak beste. Hala ere, Altzibarren esanetan, oraindik bada zer argitaratu «Zalduby»ren inguruan.
Mintzalariaren esanetan, bere poesiagatik irabazi du sona «Zalduby»k eta «Zazpi Euskal Herriak» du, ezbairik gabe, olerkirik ezagunena. Kanturako idatzi ohi zituen olerkiak, eta lore jokoetako bertsogintza jorratu zuen.
Euskalduna aldizkarian, batez ere, argitaratu zituen bere lanak, tradiziozko bi molde ezberdinetakoak: kantikak -eleiz kantak- bata, eta bestea, alegiak edo politikari eta emigraziori buruzko olerki profanoak. Olerkigintzan gazte hasitako perfekziozalea, hirurogei bat lan ezagutzen zaizkio.
Xuria
Elissambururen garaikide, lagun eta etsai, Senperen jaiotako poeta erregetia modernismoaren eta errepublikaren etsai amorratua omen zen, euskaldunen kalterako ikusten zituen-eta. Beraz, Xuria genuen eta, Elissamburu, kontrakoa, gorria.
Bukatzeko berri pozgarria izan genuen atzokoan. Aurten data berezia ospatzen dela-eta, poetak hiru edo lau hamarkadaz idatzi zuen egunerokoa eskaini dio familiak ikerle sonatu bati, aurki argitara eman dezan.