GARA > Idatzia > Errugbia

Heineken Kopa

Biarritzi asko okertu zaio final-laurdenetako bidea

Zuri-gorriek beste behin ere itxura kaskarra eman zuten, puntu bat lortu zuten arren Glasgown

GLASGOW 9

BIARRITZ 6

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Zaplazteko ederra hartu zuen atzo Biarritzek Glasgown galduta; izan ere, irabazteko partida baitzen atzokoa, eta azkenean esku hutsik geratu ziren. Gutxienez, defentsan lortutako puntua eskuratzeko modua izan zuen, eta gaitz erdi.

Atzoko porrotak, gainera, gauzak asko estutu dizkio Biarritzeko taldeari, une honetan sailkapeneko hirugarren postuan geratu baita eta, hein horretan, final-laurdenetatik kanpo geratuko da. Beste ondorio bat ere badago, izan ere, bigarren geratuta, sei multzoetako bigarrenik onenetakoa izan beharko luke, eta orain arteko puntuak ikusita, horretarako ere, ez dirudi oso lan erraza izango dutenik.

Hala ere, oraindik, hiru partida geratzen dira lehen fasea amaitzeko, eta Biarritzek badu astia egoera horri itzulia emateko, gauzak nahiko itxura txarra hartu badu ere.

Zuri-gorriek betiko arazoak izan zituzten atzo erasoan. Atzean ongi aritu ziren, baina erasoan ez dute minik ematen, eta entsegurik ezin izan zuten lortu. Garbi dago, arazo larria dutela, izan ere, sei partidatan hiru entsegu besterik ez baitituzte egin, eta Biarritzen mailako talde batentzat oso gutxi da hori, txapelak lortu nahi dituen talde izatekotan, behintzat.

Partidari dagokionez, emaitzak dena erakusten du, bi taldeek nahiko itxura kaskarra erakutsi baitzuten. Halakoetan ostikoek erabakitzen dituzte neurketak, eta hor etxekoak aukera gehiago izan zituzten, eta amaieran lau puntuak haiek eskuratu zituzten. Biarritzek asko hobetu beharra dauka.

 

Ezintasuna

Zuri-gorriek atzokoan ere ezin izan zuten entsegu bakar bat lortu, eta aurten erasoan dituen gabeziak beste behin ere agerian geratu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo