GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aikzora Urrezko lehiaketa

Bikoen oreka agerian geratu da

Peñagarikano-Arria V.a gailendu ziren Mendaroko ekinaldian, eta Ugarteburu-Azurmendi, bestetik, Tolosan nagusitu ziren

Jon LEUNDA | TOLOSA

Peñagarikano-Arria V.ak eta Ugarteburu-Azurmendik irabazi dituzte herenegun eta atzo jokatu diren Urrezko Aizkorako bi saioak. Jendeak, berriz, erantzun bikaina eman du, bai herenegun Mendaron, bai atzokoan Tolosan, sekulako jendetzak batu baitziren.

Herenegun Mendaron jokatu zen neurketan, Peñagarikano eta Arria V.a ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta horretarako izerdi asko bota beharra izan zuten. Gainera, Zubiagak min hartu zuen saioan zehar, eta doi-doi amaitu zuen proba. Zortea ere alde izan zuten, beraz, Errezilgoak eta Beizamakoak. Hala ere, denetan onena, Anjel Arrospide izan zen. Galdu arren, Leaburukoak sekulako lana egin zuen.

Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Bikote baikotzeko aizkolariek, enbor erdia erdibitu behar zuten. Proba horretan berdinketa egon zen, bi bikoek 58 kolpetan erdibitu baitzuten enborra. Bigarren lanean, aizkolariek bi 45 ontzako moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta Arrospidek eta Zubiagak irabazi zuten. 1.39 izan zen beren denbora, eta bost segundoko aldea lortu zuten.

Hirugarren lanean, aizkolariek txanda librean 60 ontzakoa moztu behar zuten, eta berriro ere gipuzkoarra eta arabarra izan ziren onenak. 2.24 izan zen beren denbora, eta hamabi segundoko aldea lortu zuten

Laugarrengo proban ere, aurrekoek irabazi zuten. 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda moztu behar zuten, eta 1.56 izan zen beren denbora. Zortzi segundoko abantaila lortu zuten. Hortik aurrera, ordea, Peñagarikano eta Arria hasi ziren nagusitzen. Bi 60 ontzako mozten, azkarrenak izan ziren. 4.04 izan zen egin zuten denbora eta Arrospideri eta Zubiagari 15 segundoko aldea kendu zieten. Azkeneko proba geratzen zen bakarrik, eta Arrospidek eta Zubiagak 10 segundo aldea zuten oraindik.

Azkeneko lana, txanda librekoa zen, eta biko bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituen, eta 10 segundo atzetik baziren ere, alde handia lortu zuten Beizamakoak eta Errezilgoak. 9.36 izan zen beren denbora. eta 10.14 aurkariena. Amaieran, Peñagarikanok eta Arria V.ak, 20 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutu ahal izateko, eta Arrospidek eta Zubiagak, aldiz, 21 minutu eta 10 segundo.

Atzo Tolosan jokatu zen, saioan, berriz, Azurmendik eta Ugarteburuk irabazi zuten hiru segundogatik. Lehen proban, Mujikak eta Olasagastik irabazi zuten. 42 segundotan erdibitu zuten 45 ontzakoa, eta lau kolpeko aldea lortu zuten.

Bigarren lanean, Ezkiokoa eta Arriarangoa gailendu ziren. 1.35 izan zen horiek egidako denbora, eta bederatzi segundoko aldea lortu zuten. Hirugarren proban, Azurmendi eta Ugarteburu izan ziren nagusi. 2.28 izan zen beren denbora, eta 2.42, bestetik, Mujika-Olasagastirena. Laugarrengoan ere garaipena errepikatu egin zuten. 2.13 izan zen beren denbora, eta bederatzi segundoko aldea kendu zioten aurkariei. Azken aurrekoan ere Azurmendi eta Ugarteburu izan ziren onenak eta, 5.55 beren denbora zela, 18 segundoko aldea lortu zuten. Azkeneko proba hasi aurretik alde nabarmena zuten goierritarrek, baina dena eman beharra izan zuten. Azkeneko proban Olasagasti eta Mujika izan ziren onenak, 9.04ko denbora eginez. 9.46 izan zen aurkarien denbora. 21.43 izan zen Ugartebururen eta Azurmendiren denbora eta 21.47, berriz, Olasagastirena eta Mujikarena. Ekinaldi horretan ere, bezperan Mendaron egindako lan bera egin behar izan zuten.

Amaiera arte

Ez Mendaron, ez Tolosan, azkeneko probak amaitu bitartean ez zen erabakita egon ekinaldia, eta horrek areagotu egin zuen bertaratu ziren zaleen gozamena.

Goi mailako lana

Azkeneko bi egunetan zortzi aizkolariek lan bikaina egin dute, eta goi mailako aizkolariak direla erakutsi dute. Inoiz baino lehiakortasun ikusten da.

Litekeena da Zubiaga hurrengo proban jokatu gabe geratzea

Zubiagak ilusioz gainezka ekin dio aurtengo Urrezko Aizkora txapelketari, eta ez zen harritzekoa, aldamenean Arrospide baitzuen, hain justu. Hala ere, Arabako txapeldunak min hartu zuen lehengo ekinaldian, eta litekeena da hurrengo probarako ez osatzea.

Hori gertatzen baldin bada, eta hala izango dela dirudi, Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak, bere ordezkoa zein izango den erabakita dauka, izan ere atzo GARAri aditzera eman zionaren arabera, Aierbe II.a izango litzateke Zubiagaren lekua hartuko lukeena. Hurrengo probak lehiaketaren etorkizuna erabaki lezake.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo