GARA > Idatzia > Euskal Herria

Negoziazio prozesuan Imazek eta EAJk ez dutela «ezer irabazi» esan du Urkulluk

p022_f01_111x111.jpg

GARA |

EAJko presidente hautatu berriak, Iñigo Urkulluk, babes osoa eskaini nahi izan dio, beste behin ere, bere aurrekari izan den Josu Jon Imazi. Bere ustez, PSOE ez da «zintzotasunez aritu» EBBko presidente ohiarekin eta, hortaz, Imaz negoziazio prozesuko «jasalea» izan dela nabarmendu nahi izan du.

Urkulluk, ``El Pais'' egunkariaak atzo kaleratutako elkarrizketan, Imazek jasotako aitortzak gogoan izan bazituen ere, «lausengo horietan tranpa» dagoela deritzo. Aitortza horietaz haratago, Imazek prozesuan parte hartzeagatik ez duela deus irabazi kritikatu du.

Bestetik, EAJk prozesuarekiko jarrera «leiala eta zintzoa» izan duela defenditu du Urkulluk eta, bere esanetan, «baketze prozesua babesteaz gain, desberdinen arteko akordio politikoa» bilatu zuten jeltzaleek.

EBBko buruzagi berriaren irudiko, bere alderdiak prozesuan egindako ekarpena «barne mailako kostua» ekarri du, izan ere, bere aburuz, «EAJ barruan dauden joerak banatzeko erabilia» izan baita ekarpen hori.

Kontsulta

Urkulluk, lehendakariak aurkeztutako kontsulta egin, egingo dela baieztatu zuen. Are gehiago, «gaur, urriaren 24a balitz, bihar kontsulta egongo» litzatekeela adierazi du.

Alta, kontsulta bera baino garrantzitsuagoa, «gaurdanik hurrengo ekainera bitartean gerta daitekeena» dela deritzo.

Ildo horretan, Gobernu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok Juan Jose Ibarretxerekin negoziatzeari emandako ezezkoa «alda» daitekeela uste du Urkulluk. Jarrera aldaketa hori gainera, «PSOEk duen gobernu arduraren» araberakoa izango dela mahaigaineratu zuen.

Imazek lehenik bakea, eta ondoren kontsulta egin beharra zegoela adierazi ohi zuen. Urkulluren ustez, ordea, bakea eta autodeterminazioa «elkarri lotuak» daude eta hori nabarmendu du elkarrizketan. Gaineratu zuen bien arteko «orden edota hierarkiarik» ez dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo