GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Miren Azkarate, Joan M. Tresserras eta Anxela Bugallo (*)

Kultur lankidetza aniztasunetik

Euskadi, Katalunia eta Galiziaren arteko kultura lankidetza honi esker, eskala ekonomia eta kultura zentralizazioari aurre egiteko kontrapisu horizontala posible izango dira

Galizia, Euskadi eta Kataluniako gobernuak biziki konprometituak gaude gure kulturen biziberritze eta garapenean, eta, nahiz errealitate soziokultural ezberdinak eduki, hiru botere publikoen arteko elkarlana eta gure kultur politiken arteko kontrastea mesedegarriak baino ez dira herri bakoitzarentzat. Hiru herriok, mintzaira desberdina izateaz gain, alderatu eta partekatzeko moduko eskarmentua, informazioa eta jakintza ditugu.

Horrengatik guztiagatik, hiru gobernuok gure borondatea azaltzen dugu kultura politikan lankidetza marko egonkor bat ezartzeko, hain justu, bi arlotan: informazio trukaketa (norberaren komunikazio sistema, kultur errealitatea, agerkari elektronikoen hedapena, kultur plangintzari buruzko eskarmentua...) eta lankidetza behatoki eta egitasmo partekatuak urtero martxan jartzeko, hala nola kultura ondarean, kultura arteetan edo kultura industrietan.

Kataluniar kultura, galiziar kultura eta euskal kultura, kultura integralak dira, bere herritarren behar espresiboei erantzuteko gai direnak. Dena den, bi egoera mota bizi dituzte. Batetik, zuzenbidezkoa baino, egitezko estatu eleanitz baten egoera bizi dute, zeren eta Estatuari ahaztu egiten zaio Konstituzioaren 3.3 artikuluan dioena gaztelania ez diren hizkuntzei buruz, alegia, «begirune eta babes berezia izango» dutela. Bigarrenik, globalizazioa ezaugarri duen mundu baten ondorioak -horren mehatxu eta aukerekin gure kultura eta hizkuntza nazionalentzat- bizi dituzte; baina baita kultur aniztasuna ere, UNESCOk berresten duen bezala.

Estaturik gabeko nazioen kulturak, espainiar estatuaren kasuan, testuinguru honetan kokatzen dira:

Lehenik, globalizazioa mesedegarria izan da Estatu nazio anitzaren barruko komunitate historikoak gehiago kontura gaitezen gure kulturen balioarekin. Kultura horiek eta beren hizkuntzak kultur tresna izan dira historian, eta horietan herri bakoitzak metatu duen eskarmentua bildu da, eta horrekin batera, zaindu, garatu eta garai berrietara egokitu beharreko ondare bizia dira. Beste era batera esanda, globalizazioaren fenomenoarekin batera badira beste indar batzuk, alegia, deszentralizazioa edo aniztasuna, joera indartsuak ere badirenak eta aukera eskaintzen dietenak etorkizunari zabalik diren gizarte egitasmo hauei.

Bigarrenik, oraindik indarra du pertzepzio batek, zeinaren arabera kultura XIX. mendeko estatuaren kultura sinbolikoan lotuta dagoen. Bestela esanda, lurralde baten gainean, estatu nazionalaren eraikuntzan (nation building) garaile suertatutako elite batzuek beren sistema politiko, merkatu, txanpona, armada, kultura eta hizkuntzaren aldeko apustua egin zuten. Bistan da eliteek ez zutela kultura asmatu, baizik eta aurretik zegoen oinarrizko kultura bat erabiliz moldatu zutela, berau, sinkretismorik gabe, kultura nagusia bihurtuz. Beste kulturak, ostera -katalana, euskalduna edo galiziarra- bigarren mailako kulturen multzora pasatu ziren ustezko kultura komun batekiko; edota mundu modernoarentzat ez integral edo desegokitzat jo ziren, edo espazio publikotik baztertzen zituzten; edo garai batzuetan zuzenean mintzo-debekua ezartzen zieten. Elite horien lehentasun politikoak errealitate kulturalak oztopatzen zituen bitartean, estatu bakarra eraikitzen ari ziren, barne homogeneizatzea lortu nahian, kulturala nahiz politikoa.

Hirugarrenik, ezagutzaren eta balore ez-materialen aroan bizi garelarik, kulturaren beraren zabaltzea identifikazio eta kohesio oinarria da, gizarte eta lurralde garapenaren bidean. Hizkuntzaren aldetik, mintzaira indartsu askok sustapena behar badute mundu mailako hizkuntza nagusien aurrean, zer esan egoera diglosikoan bizi diren euskarak, galegoak eta katalanak? Kultura minorizatuetan, eskala ekonomiarik ez dutenez, osoki ziurtatuta dago kultura transnazionalaren, nazioartekoaren eta estatu nazioaren kultura nagusiaren sartze handia. Zaila da, beraz, berezko ekoizpenari irtenbideak ematea. Ondorioz, «kultur salbuespenaren» politika edo, hobeki esanda, aniztasunaren kultura politika, ez da bakarrik estatuetan aplikagarria (mugarik gabeko araubideak, zinemaren legeak...), baita ere, eta arrazoi gehiagorekin, gurea bezalako nazioetan.

Erkidego historikoetan, nortasuna, tamaina eta herritarrarekiko gertutasuna abiapuntuak dira aldi berean proposamenak egiteko, zenbait irizpide erabiliz eta ez bakarrik kultur ezberdintasunetik. Horrela, garapen eredu integral berriak sortzen dira, eraginkorrak eta errespetuzkoak herritarrekin: Gobernantza parte-hartzailea erabakietan; «Ongizate gizartearen» beharra eta aldarria, oparotasunaren sozializaziora heldu gabe, baina haratago gizarte bazterkeriaren kontrako gutxienezko politika soil batetik; Goteborgeko estrategia garapen jasangarria lortzeko; Lisboako itunak guztientzako informazio gizarteari buruz; eta UNESCOren estrategia kultura aniztasunari buruz.

Ahalegin horretan, Euskadi, Katalunia eta Galiziaren arteko kultura lankidetza honi esker, eskala ekonomia eta kultura zentralizazioari aurre egiteko kontrapisu horizontala posible izango dira, bai gaur egungo komunikazio eredu bertikal eta erradialaren aurrean, alegia, materialak (garraioak, azpiegiturak) nahiz ez-materialak (operadore nagusiak telebistan edo irratian). Helburua, beraz, zera da: estatu nazio anitz baten barruan, berezko kulturaren gaineko begirada eta ezberdinen arteko lankidetza irekia bateragarri egitea, guretik mundura zabalik, tokikoak mundua aberats dezan.

(*) Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua, Kataluniako Generalitatearen Kultura eta Hedabideen sailburua eta Galiziako Xuntaren Kultura eta Kirol sailburua, hurrenez hurren

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo