GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontseiluaren ustez, Nafarroako aurrekontuak eskasak dira

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ohartarazi zuen atzo Nafarroako Gobernuak proposatutako aurrekontuak oso eskasak direla, eta ez direla hizkuntza normalizazioa lortzeko egokiak. Bere aburuz, Perez-Nievasek iragarritako hizkuntza politikaren aldaketa «itxu- razkoa» baino ez da; izan ere, datorren urteko kontuak aurtengoen «jarraipena» direla uste du. «Ez da gure itxaropena bete», agertu zuen.
p021_f02_111x111.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

«Datorren urteko aurrekontuen proposamena aztertu ostean, argi dugu ez direla egokiak hizkuntza normalizazioa lortzeko, 2007koen antza handia baitute», ohartarazi zuen atzo Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek Iruñean emandako prentsaurrekoan. Erakunde horren ustez, 2008ko aurrekontuen proposamenak agerian utzi du Perez-Nievas Hezkuntza sailburuak hainbat alditan iragarritako hizkuntza politikaren aldaketa ez dela «funtsezkoa edo mamizkoa» izango, «aldaketak ez baitira aurrekontu proposamenean jaso. Gainera, Hezkuntza kontseilariak argi utzi du ez dela lege aldaketarik izango».

Gogorarazi zuen Kontseiluak aspaldi ohartarazi zuela Nafarroan euskararen normalizazioa lortzeko nahitaezkoa dela gutxienez aurrekontuen %2 euskararen sustapenerako bideratzea; hots, 85 milioi euro inguru. «Diru hori ziurtatzen ez den bitartean, ezinezkoa izango da».

Kontseiluaren Ildo Politiko-sozialeko arduradun Iñaki Lasak agertu zuen, oro har, legealdiko lehen urteak aurrekontuen egitura definitzen duela, eta gainontzeko urteetan egitura hori aldaketa txiki batzuekin errepikatu egiten dela. Horregatik, datorren urterako proposatutako aurrekontuek «garrantzi berezia» dutela ziurtatu zuen, «are gehiago orain Hezkuntza arduradun berriak bestelako euskara politika egiteko borondatea adierazi duela kontuan hartuz». Dena den, «borondate hori ez da aurrekontuetan islatu».

Baieztapen hori frogatzeko, Lasak euskararen normalizaziorako «funtsezkoak» izan beharko liratekeen aurrekontu sailak banan-banan aztertu zituen. Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen egoera «bereziki larria» dela ohartarazi zuen, aurreko gobernuekin «oso urte zailak» pairatu dituelako.

Hala, gogorarazi zuen 2003an, diru laguntza herenera murriztu baino lehen, 593.696 euroko partida zuela, eta orain, aldiz, partida hori 510.000 eurokoa dela. «Iazko kopuruarekin alderatzen badugu, igoera benetan txikia da, 10.000 eurokoa soilik; hau da, ez da KPIa ere aplikatu».

Era berean, Lasak nabarmendu nahi izan zuen une honetan sektoreak dagokion maila hartzeko, gutxienez 1.000 euroko aurrekontu saila beharko lukeela. «Helduak euskalduntzea hizkuntza baten normalizaziorako funtsezkoa den neurrian, sektore horri zuzendutako kontu sailak nahiko garbi islatzen du Nafarroako Gobernuaren asmoa».

Euskarazko hedabideei emango zaizkien diru laguntzekin ere ez zen konforme azaldu. «Iragan urtearekiko igoera ere oso txikia da, 10.000 eurokoa. Ez du sektorera aldaketarik ekarriko, haren beharrak askoz ere handiagoak baitira», salatu zuen.

Euskarazko hedabideei zuzendutako aurrekontu saila atzerriko hizkuntzei zuzendutakoarekin alboratu zuen. «Azken hori 900.000 euro handitu da aurreko urtearekiko. Beraz, atzerriko hizkuntzen aldeko apustua egin dute; UPNren hizkuntza politikaren ardatzetako bat nabarmen gelditu da», gaitzetsi zuen.

Nafarroako udalek eta kon-tzejuek euskararen sustapenerako jasotzen duten partidak 130.000 euroko igoera izan du. Lasaren ustetan, «abiapuntua oso txikia den neurrian, igoera esanguratsua dela irudi dakiguke, baina berez ez da horrela».

Falta denari erreparatuta

Lasak esan zuen aurrekontu proposamenean «epigrafeen ordena aldatu» egiten dela, «eta horietariko asko sortu berri den Euskararen Institutuaren barnean kokatzen dira». Ondorioz, «aurrekontu hauek jasotzen dutena baino garrantzitsuagoa da hauek jasotzen ez dutena». Horren adibide, «Administrazioa euskalduntzeko planik ez egotea» jarri zuen. «Justiziak eta Foruzaingoak, esate baterako, ez dute ez euskalduntze planik ezta aurrekontu bereziturik ere, eta gauza bera gertatzen da Unibertsitatea, Lanbide Heziketa eta lan-mundua euskalduntzeko beharrarekin», jakinarazi zuen.

Osasunbideari dagokionez, Lasak azaldu zuen ospitale bakoitzak partida ezberdinak dituela, eta Kontseiluak horiek dituzten euskalduntze planak aztertu dituela. Horrela, jakinarazi zuen hainbat ospitaletan euskalduntzeagatik ordezkapenak ordaintzeko 360.000 euro besterik ez dagoela. «Horren atzean ez dago lan planifikaturik, ordezkapen horiek bete ahal izateko diru kantitate batzuk bakarrik», gaitzetsi zuen.

Kontseiluko ordezkariak ondorioztatu zuen «arkitektura juridikoa ez aldatzeak» eta «aurrekontuen proposamena aurreko urteetakoen segida izateak» garbi adierazten duela sailburu berriarekin ere «hizkuntza politikan ez dela euskarak behar duen aldaketarik egongo».

salaketa

Jone Josiek salatu zuen Euskararen Institutuak «oso diru sail mugatua» duela-eta, «horren erdia baino gehiago pertsonen gastuetarako erabili» egingo dela.

alderdiei

Alderdi politikoei aurrekontu proposamenean «hainbat zuzenketa» egitea proposatuko diela iragarri zuen Kontseiluak, «partida bakoitzean zein igoera diren beharrezkoak azalduz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo