LE JOURNAL | Aitor Sarasua 2007/12/13
Non da ezkerra ?
Eskuindar bihurtzea pentsatzen ari naiz, eskuin zalea, eskuinekoa, edo ez dakit nola erran behar den. (...)
Zer du ezkerrekotik mundu honetako pribilegiatuenen pribilegioen alde egoteak (lana dugunon soldata eta oporren alde greba egiteak, erran nahi nuen), berdintasunaren izenean hizkuntza guttiagotuen irakaskuntza baldintza minimoen aurka egoteak, edo gure alderdietan disidentzia txikienak ere itotzeko diziplina militarraren alde egoteak?
Zer du ezkertiarretik izaki ahulenen eskubideen alde ez egoteak (amaren sabeletik oraino sortu ez diren umekiak adibidez, erran dezadan garbiago), edo gure jendarte «garatuetan» oraino urterik ere bete ez duten ninien aparkatzeko haurtzaindegi publikoak eskatzeak?
Zer du ezkerzaletik zapaltzen gaituen estatuari funtzionario gehiago egin ditzala eskatzeak eta beren lan baldintza pribilegiatuak aldarrikatzeak?
Hori baldin bada ezkerrekoa izatea, ni lehenago naiz abertzalea, ezkertiarra baino. Eta alta, orain arte uste nuen ene abertzale izatea, ezkertiar izatetik heldu zela. Biak batera sentitzen nituen bederen.
Ez dut garbi ikusten non den ezkerreko eta eskuineko politiken arteko muga. Hamar urteko alabari erantzuteko balio dit betiko diskurtsoak, ezkertiarra langileen eta txikien aldekoa dela, eta eskuinekoa nagusien eta handien aldekoa. Baina nire eguneroko kezkak ez dira definizio horretan sartzen.
Ni hemen euskararentzat legezko tratamentu pribilegiatuaren aldekoa naiz, natura ahal bezain gutti hondatzearen aldekoa, Herri indigenen eskubideen aldekoa, kontsumismo itsuaren aurkakoa, disidentzia politiko txikien aldekoa, langabetuen eskubideen alde borrokatzearen aldekoa, berdintasunaren aldekoa, justizia aldarrikatzen duena zilegitasun legala aitzin, demokrazia zer den ez dakiena, espiritualtasunean sinesten duena, bakezalea... (...)