GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala egingo da gaur Donostiako Illunben

Iritsi da eguna eta, azkenean, Gipuzkoan zehar, han eta hemen, saioak egiten hilabeteak eman ostean, zortzi bertsolaririk hoberenak Donostiako zezen plazan lehiatuko dira gaur arratsaldeko bostetatik aurrera.


GARA | DONOSTIA

Gaur dute hitzordua, arratsaldeko bostetan, Donostiako Illunbe zezen plazan.

Han bilduko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu dutenak. Finalera iritsi direnak ere, nola ez, han izango dira: Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Jon Martin, Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Beñat Gaztelumendi, hain zuzen. Antolatzaileek esan dutenez, 7.981 sarrera salduta daude. Web gunearen bidez edo telefonoz jada ezin da sarrerarik erosi, baina Illunbeko lehiatiletan, gaur bertan, 12.00etatik aurrera salgai egongo dira, guztira, beste 800 sarrera, hasieran aurreikusitako kopurua baino 309 gehiago.

Sarreraren bat eskuratu nahi duenarentzako, antolatzaileek goiz joatea gomendatu dute. Txapelketako irabazleak, gaurkoan, txapela Joxe Mari Altunaren eskutik jasoko du, bertso munduan lan handia egindako antiguatarraren eskutik.

Ondoren, 22.00etatik aurrera, Donostiako Doka kafe antzokian festa antolatu dute. Sorpresaren bat edo beste ere badago iragarrita.

Bestalde, GARAko Illunbeko Maletillan parte hartu dutenak 16.30ean zezen plaza inguruan dagoen zezenaren eskulturan elkartuko dira familia-argazkia ateratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo