Kirmen Uribe Idazlea
Mark lagunaren mezua
Kanpotik beste era batera ikusten dira gauzak, dena da errazago. Baina, bestalde, norberak ikusten ez dituen gauzak ikusten dira kanpotik, ahaztuta genituenak
Gabonetan usadioa izan da zorion postalak bidaltzea. Lan kontuak direla, aspaldiko adiskidantzak direla, letratxo batzuk idaztea. Oraindik ere iristen dira gurera horrelakoak, gero eta gutxiago baina. Egungo ohitura da e-postako mezuak igortzea. Horrelako mezuekin ari da betetzen egunotan nire ordenagailua. Batzuen batzuk urte berri ona opa digute besterik gabe, gutxi batzuek argazkiak ere igortzen dituzte zorion mezuekin batera. Mezuon artean, Mark Rudman poeta amerikarrarena heldu zait. New Yorken ezagutu nuen Mark Rudman. New York University-ko literatura irakaslea da eta bere eskoletara gonbidatu ninduen poesiaz hitz egiteko. Behin baino gehiagotan afaldu dugu elkarrekin. Gizon alaia da Rudman, bizizalea. Baita bere andrea ere. Andrea matematikaria da. Bata poeta, bestea matematikaria. «Ez pentsa», esaten du Markek irribarre eginda, «bikote ona gara. Batari falta zaiona besteak soberan du, primeran konpontzen gara, beraz».
Urte berrirako uste onekin batera, Markek poema bat erantsi dit e-postako mezuan. Mezuan esan dit poema niretzat idatzi duela eta, baimena ematen badiot, niri eskainita argitaratuko duela olerkia. Harrituta geratu naiz eta zoriontsu aldi berean, benetan eskertzen diot detailea. Urduri, poema irakurtzen saiatu naiz. Baina ezin izan dut ireki fitxategia, nire ordenagailua ez da gai Marken poema zabaltzeko. Eta goian zerua, behean lurra geratu naiz poemarik gabe. Jakinminez, zer esango zuen bertan. Izenburua bakarrik dakit: “Are you Basque.doc”. Mila galdera pilatu zaizkit buruan. Zer esan nahiko du izenburuak. Zer etorriko da hurrena. “Are you Basque” horrek itauna ematen du, «euskalduna zara?» izan liteke haren itzulpena. Baina itauna etenda ere egon liteke, izan liteke luzeagoa. «Zuek euskaldunok…» esaldiarekin hasitako galdera izan liteke. «Zuek euskaldunok zoriontsu bizi al zarete?», esate baterako. Alferrik nabil baina, ez dut jakingo poemak zer dakarren, ez behintzat, artxiboa irekitzea lortu ezean.
Markekin egon nintzen azken aldian haren lehengusuak ezagutu nituen. Montrealen bizi dira. Euskal Herriaz galdetu zidaten. Solasak aurrera egin ahala, gutaz asko zekitela konturatu nintzen. «Kanpotik begiratuta, inolako zalantzarik ez dago, hala Euskal Herriak, nola Kataluniak izaera propioa dutela. Argi dago urte gutxiren buruan zeuen buruaren jabe izango zaretela». Bitxia zen kontua, ezen nik esan nien euskaldunontzat Quebecekoa itsasargi bat zela, konponbidea hurrerago ikusten genuela bertan. Baina haiek ezetz, gurea argiago dagoela. Izan ere, kanpotik beste era batera ikusten baitira gauzak, dena da errazago. Baina, bestalde, norberak ikusten ez dituen gauzak ikusten dira kanpotik, ahaztuta genituenak.
Poema zabaltzen ahalegindu naiz ostera ere. Baina ez dut lortzen. “Are you Basque.doc”. Blokeatuta dago. Hortxe daukat poema eskura-eskura baina zabaldu ezinik nabil. Ez dakit noiz lortuko dudan poema irakurtzea, ez dakit noiz lortuko dugun gure egoera bideratzea.