Julen MURGOITIO
Balikoa ez da balekoa!
Ene, ene! Gero eta gehiago kostatzen zait prentsakoa ulertzea, kioskora hiztegia eskuan joaten banaiz ere. Askoz arinago harrapatzen dut nik pelikulen etengabeko etenaldietako iragarkien mezua, orduan sukaldeko harrikoa egiteko edo komunean barrua lasai husteko aprobetxatzen badut ere. Horra, kasurako, «hemen kafea baké esaten da» entzun eta segituan dakit nik zein den horren irakaspena: hemen kafea baké esaten bada, hemen bakea kafé esan behar da, ezta? Kafea denontzat hain zuzen, hau da, autonomia klonatuen zuzenbide estatua onartzea besterik ez dugu bakean utzi gaitzaten; eta esnea eskatzen tematzen denari gaingabetua baino ez, estatu horretan gaina lortzerik ez dagoelako, esne-behia izanda ere. Erraza egiten zait niri hori ulertzea. Baina prentsakoaren mezua harrapatzea ez zait hain erraza suertatzen, seguruenik ez diodalako berripaperari behar besteko denbora eskaintzen goizeko kafealdian. Letra larriak baino ez ditut irakurtzen, eta hala eta guztiz ere, larritu egiten naiz, duda-muda hutsean geratzen naizelarik. Horra, kasuko, lehengoan gainetik irakurria, Arabako herri bateko batzokiaren aurka arrautzak bota zituztenekoa; horrelakoetan zergatik pentsatu arazten digute beti «kale-borroka» izan dela? Zergatik ez oilo-borroka? Izan ere, oiloek haserre bizian egon behar dute honezkero agro-erregaien kontu horrekin, artaburu batzuen erabakiengatik euren artoa autoen erregai-tangarako bidean ikusten dute eta.
Tira!, eta Balikoaz zer? Planetako gunerik kutsatuen bilakatu da egunotan Indonesiako hiri hori. Ez nau harritu hango orangutanak oihanera bildu izanak; gizajoak! Hortaz, poeta andaluziarrarena gogoan, gaixo egon baino txarragoa da sendagile gaiztoa izatea. Eta grabitatearen indarra sagarren bidez ikertu zuenarena ere gogoan, ezin da arazo bat konpondu bera sortu duenaren pentsaera bera erabili-ta. Hala ere, batzuk tematu egiten dira orain arteko pentsaeraz aurreranzko ihesbidean, Balikoa balekoa izan dela esatera iritsita. Balitik Lukura. Hiztegiak lehendik ere «i» bi zeuzkan arren, grekoa eta latinoa, orain hirugarrena jaso beharko du, «i baskoa», Lukutik abiatu nahi dutena, hain justu. Abiadura handiko lukuru-asmoa duten elkarteen eskutik hain justu, eskutik eta hondeamakinatik. Hemen iraunkorra irainkorra esaten da. Hemen eta Balin.