Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria
Google-ismoa. Bilatzailea
Bilatzaile gisa sortu arren, Google Interneteko enpresarik boteretsuenetako bat da egun. Erreferentzia bat da erabiltzaileon artean. Bere izena, Google, Milton Sirotta-k (Edward Kasner matematikari estatubatuarraren iloba) asmatutako googol terminotik dator. Hamar ber 100 zenbakia da: 10 eta 100 zero atzetik. Ez omen da neurri horretako elementurik unibertsoan, ezta atomo kopurua ere. Iduri du Google izenak bilatzaile/sailkatzaile nagusi bihurtu duen informazio kopuru (ustez) «infinitu» horri egiten diola erreferentzia googol kontzeptuarekin.
Google, «garajeetan sortzen diren enpresa» horietako bat dela esan liteke. Larry Page eta Sergey Brin-ek eratu zuten enpresa 1998an. Hiru urte lehenago doktoretza ikasketa zikloa burutzen ari ziren biak. «Liburutegi digital» baten garapena helburu zuen proiektuan lanean hasi ziren orduan. Eta proiektu horretarako datuak bilatzeko sortutako programa da egungo bilatzailerik boteretsuenaren bihotza: PageRank algoritmoa.
Sortu zenetik, bere produktuen eta zerbitzuen erabiltzaile kopuruak gora eta gora egin du. Bere merkatu kuotaren hazkundea esponentziala izan da. Ez du parekorik horretan. Arretaren ekonomian bizi garela diotenez, Googlek bere kalitatezko produktuekin eta doako zerbitzuekin gero eta erabiltzaile gehiagoren arreta eta, are gehiago, leialtasuna ere lortu duela esan liteke. Berrikuntza esparruan ere, ez du parekorik.
Egun Interneteko munstro bat da Google. Eta paradoxikoki Google markaren leloa don't be evil da, «ez izan gaiztoa». Bere handitasunean, hamaika begirada ezberdin bota daitezke Google fenomenoaren analisirako. Bilatzaile nagusia dela, edo Interneteko enpresa garrantzitsuenen jabe dela. Edo ia-ia gure erradiografia anatomikoa egiteko gaitasuna duela guk geuk bere eskuetan jarritako datuekin. Hitz egin dezagun ezin esan daitekeen horretaz, Anarik dioen bezala. Luzerako ematen du. Gaurkoan, bere hastapenetatik abiatu eta bilatzailearen ingurukoak azalduko ditut.
Google bilatzaileak merkatu kuotaren gehiengoa erabat bereganatuta du. AEBetan erabiltzaileen %42k erabiltzen du, Erresuma Batuan %75ek, Australian %80k, Belgika eta frantziar Estatuan %85ek eta Alemanian eta Estatu espainiarrean erabiltzaileen %91 inguruk. Microsoft-en «ordenagailua=windows» ekuazioa jarraituz, laster, beharbada, «Internet=Google» ezagutuko dugu. «Googlen ez dagoena, ez da existitzen!», esan ohi dit beti lagun on batek. Baina berez, gezurra badirudi ere, badaude beste alternatiba batzuk: Copernic, Noxtrum, ask, altavista, Yahoo, Elebila (euskarazko bilatzailea), eta abar.
Arestian aipatu bezala, Googlen egungo bilatzailearen bihotza PageRank algoritmo edo funtzioa da. Googlek berak azaltzen du bere webgunean teknologia horrek nola funtzionatzen duen. Beren hitzetan, PageRank Interneten izaera demokratikoan oinarrituta dago. Web orri baten balioa kalkulatzeko, Interneteko web orriek osatzen duten loturen sarea erabiltzen du adierazle gisa. Alegia, A web orrian B web orrirako lotura bat aurkitzen badu, A web orriak B web orriari emandako boto gisa ulertzen du. B web orriaren boto kopurua, beraz, beste web guneetan egiten dizkioten loturen araberakoa izango da.
Baina ez da hor bukatzen. Ez dute loturaren existentzia hutsa kontuan hartzen. Botoa eman edo lotura jarri duen web gunearen «garrantzia» neurtzen du Googlek. Web orri «garrantzitsuetan» jarritako loturek besteetakoek baino pisu gehiago dute. Web orri garrantzitsuek boto gehiago ematen dituzte lotura bakoitzeko. Alegia, bilatzailearen emaitzetara begira, gehiago balio du web orri «garrantzitsua» izateak milaka eta milaka erabiltzaileen bisita andanak baino. Eta, dio, ez dituela PageRanken postuak saltzen. Filtro interesatuak egiten ditu, behintzat.
Bukatzear den urte honen hasieran, PageRank gainditzen zuen metodo baten eragina minimizatu zuten: Google Bomb. Metodo horrek web orri konkretu bat Googlen emaitzetako lehen postuetan kokatzea ahalbidetzen zuen. Botoen sistemari heltzen zion. Google Bombingaren helburu zen web orriak, emaitzetako lehen postuetan kokatzea nahi genuenak, beste web orri batzuetan loturak izan edo bisitak jaso behar zituen, ahalik eta gehien. Bilatzen zen hitza loturaren testuan jarri behar zen. Modu horretan lortu zen Google bilatzailean miserable failure (porrot egin duen miserablea) bilatuz, Etxe Zuriaren web guneko Bushen biografiaren web orria emaitzen lehen postuan azaltzea. Berdina gertatu zen ladrones hitzarekin. Kasu horretan espainiar Estatuko Egile eta Editoreen Elkarteak (SGAE) irabazten zuen lehen postua. Gustatu edo ez, Google Bomb-ak sareko errealitatearen parte ere baziren. Baina, esan bezala, urtarrilean metodo horren eragina minimizatzea ahalbidetzen duen aldaketatxo bat egin zuten PageRanken. Ez dakit zilegi ote den sinesgarritasun pixkat galdu duela esatea.
PageRank Google bilatzailearen emaitza guztietatik batzuei bakarrik aplikatzen zaie. Ez goian edo eskuinean ondo bereizita azaltzen diren horien kasuan, gainontzeko emaitza guztietan baizik. Goikoak eta eskuinekoak ordaindutako postuak dira. Hortik bizi da Google: marketinetik eta publizitatetik.
Google ez da GKE bat, enpresa bat da. Eta berak ere, Interneteko merkatuan, handienei edota gehien dutenei laguntzen die. Eta ziur asko, botere-merkatuan gutxi dutenek edo txiki direnek gero eta itzal gehiago izango dute Googleren eguzkipean.
Hurrengoan gehiago...