Baskepensiones BBK Mastersa
Sakea zama astunegia izan da berriz ere Asierrentzat
Huts egindako bederatzi errestoek bizia eta garaipena eman zioten Irujori. Aimar du hurrengo aurkaria.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Juan Martinez de Irujok ikaragarri sufrituta lortu zuen garaipena buruz buruko BBK Mastersaren lehen kanporaketan. Iberotarra markagailuan atzetik ibili zen ia partida osoan, baina azken txanpan bidea zuzendu eta, bederatzi tanto segidan eginda, zuzenean 22ra joan zen. Asier Olaizolak neurketa oso polita jokatu zuen, baina errestoan erakutsitako gabezia berriz ere zama astunegia izan zen Irujori irabazi ahal izateko.
Pena bat da, Asierrek oso itxura ona eman zuelako. Piloteoan aise agindu zuen tanto asko eta askotan, defentsan oso txukun aritu zen, eta aurrean ere tanto ikusgarriak amaitu zituen -hormabikoaz 5-0 eta 6-0 jokoetan, eta zabalean dejada onarekin 11-8koan, esaterako-. Partidaren lehen zatian gertatu zen hori guztia, goizuetarrari 6-0, 10-3 eta 14-8ko abantailak emanez.
Baina sakea oso garrantzitsua da buruz-burukoan, ongi daki hori Olaizolak ere, eta hortxe etorri zen goizuetarraren galbidea. Irujok, unerik zailenetan, sakeari esker eutsi zion lehiari aurreneko zatian, eta azken partzial erabakigarrian bederatzi tantotik lau sakez egin zituen Iberokoak. Guztira, bederatzi tanto Asier Olaizolak sakez jaso zituenak, eta erdiak behintzat eramateko modukoak. Kopuru handiegia 22ra iristeko.
Eta Irujori buruz, zer esan? Bada, duen maila onena ematetik oso urrun dagoela, baina egoera horretan ere, edonori irabazteko gai dela. Ez da gutxi. Norgehiagoka hasieran lekuz kanpo ibili zen. Ez zuen nahi beste gozatu eta piloteoan Olaizolaren mende ibili zen gehienetan. Arriskatu zuenetan ere, nahiko trakets ibili zen. Baina neurketa erditik aurrera, eta Jokin Etxanizen aholkuak zintzo entzun ostean, asko zuzendu zen.
Susperraldi hori sakean oinarrituz, Irujok bere sinadura daramaten bizpahiru tanto egin zituen, partidan sartu eta jendearen txaloak behartuz. Ikusgarriena, agian, 15nakoa: Asier Olaizolak bi pilota ikusgarri eraman zituen, bata atzeko zulotik, eta bestea aurrean, larri-larri, baina tantoa Irujok amaitu zuen, hirugarren aukeran. Aurretik, 15-14koan, txokoan airez utzitako pilota bat eta neurketari amaiera emateko balio izan zuen ezker gantxoa ere nabarmentzeko modukoak izan ziren.
Atzoko garaipenari esker, Martinez de Irujok finalerdietan Aimar Olaizolaren aurka jokatzeko txartela eskuratu du. Datorren astean izango da hori eta goizuetarrak -atzo bere anaiaren botileroa izan zen- egungo txapelduna nor den erakusteko aukera izango du.
Eugi eta Ruiz, Eibarren
Final laurdenetako bigarren norgehiagoka gaur jokatuko da Eibarko Astelena pilotalekuan (18.15, ETB-1). Patxi Eugi eta Patxi Ruiz izango dira bi protagonista handiak, eta irabazleak finalerdietan Abel Barriola egungo txapeldunordearen aurka indarrak neurtzeko aukera izango du.
Bi pilotariak egoera nahiko ezberdinean iritsi dira gaurko partidara. Eugi maila onean ari da binaka eta, aspaldiko partez, jarraikortasunez jokatzen. Buruz buruko azken txapelketan egindako lan ona ere -Olaizola I.a eta Beloki utzi zituen kalean- kontuan izan behar da. Patxi Ruiz, aldiz, hiru hilabetez egon da geldirik eta berragertu zenetik bi partida bakarrik jokatu ditu bikoteka. Bien arteko aurrekari bakarra, ordea, nahiko argigarria da: gazteak 22-1 irabazi zuen. Dirua, behintzat, haren alde irtengo da gaur.