Marko demokratikoaren beharra aldarrikatu du Landak «salbuespen egoerari» erantzuteko
M.A. |
Ezker abertzaleak marko demokratikorako proposamena herritarrei ezagutarazteko kanpaina abiarazi duela azaldu zuen atzo Karmelo Landak Deustuan egindako agerraldian. Beren ustez, azken negoziazio prozesua bukatu zenetik espainiar Gobernua aurrera eramaten ari den politika ikusita, Euskal Herriak ez du «etorkizunik» eta hori «onartezina» da.
Ezker abertzaleko ordezkariaren ustez, nahiz eta Europatik belarrietatik tiraka ari zaizkion, Zapaterok «salbuespen egoera» bat ezarri du «kartzelaratze masiboen eta pentsatzeko askatasuna urratzearen bidez».
Horren aurrean, marko demokratikorako proposamenak bakeari eta demokraziari ate bat irekitzen diola aldarrikatu zuen. «Aldaketa emateko aukera egon badago, izan ere gizartean barneratuta baitago, eta Europan ere euskal herritarron erabakia errespetatzearen aldeko testuingurua eratzen ari baita. Kosovon posible baldin bada, eta Eskozia eta Flandrian izango bada, zergatik ez hemen?», esan zuen.