CFA
Avironek bi puntu galdu ditu azkeneko minutuan
Zuri-urdinek oso partida txarra egin arren, Paris Saint Germainen bigarren taldea baino dezentez hobeto jokatu zuten, baina gehiegi barkatu zioten
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek azkeneko minutuan bi puntu galdu zituen Paris Saint Germainen bigarren taldearen aurka. Baionarrek oso partida txarra egin zuten, baina irabazi beharrekoa zen atzoko hori, hobeto jokatu zuten-eta.
Lehen zatia oso txarra izan zen, eta arriskuko lehenengo jokaldian, Lalaneri esker etxekoak aurretik jarri ziren. Labarbek bigarrena sartzeko aukera huts egin zuen, eta 1-0koarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarrenean, zuri-urdinek ez zituzten aukerak aprobetxatu, eta minutu baten faltan, kanpotarrek norgehiagoka berdindu egin zuten. Hala ere, azkeneko jokaldian Lestagek bere oinetan izan zuen 2 eta 1ekoa, baina bere jaurtiketa kanpotarren atezainak gelditu egin zuen.
Zaleek Ximun Duhouren estreinaldia itxaroten zuten, baina bulegoetako arazo batzuk medio, Realetik etorri berri den atezainak ezin izan zuen jokatu. Bestetik, Bouet itzuli zen atepera, eta zaleekin izandako istilu batzuen ostean, gehiago ez zuela jokatuko iragarri bazuten ere, atzo bera aritu zen.