Radiokulturak, Internet bidezko irratiak, bi urte bete ditu
Lekuinen kokatutako irrati digital honek bi urte bete ditu berriki. Internet bidez soilik entzun daitekeen irrati honen berezitasuna norberak gustuko duen programazioa hautatzeko aukera izatea da. Urtarriletik aurrera programazioaren maiztasuna aldatuko dute.
Itziar PEREZ | IRUÑEA
Duela bi urte Ipar Euskal Herriko errealitatea ezagutarazi nahian, Radiokultura irratia jarri zuten abian. Proiektu honen abiapuntua bertan bizi den jende ezberdinaren artean zubiak eraikitzea izan zen. Mikel Etxebarria Radiokulturako koordinatzailea eta esataria da eta, hark azaldu duen bezala, «alde batetik, Ipar Euskal Herriko biztanleen %80k ez daki euskaraz eta, beste alde batetik, frantses mundutik datorren jendeak euskal kulturaz, historiaz eta politikaz duen ezagupena oso eskasa da. Horregatik, gure herrian dauden errealitate ezberdin horien arteko zubia eraikitzeko beharra ikusi genuen».
Irrati lizentzia lortzeak zekarren zailtasuna ikusita, Internet bidezko irratia sortu zuten urte eta erdiko lana egin ostean. Azaroan bi urte bete zituzten eta gaur egun hiru langile dabiltza lanean. «Irrati elebiduna sortu dugu, eta entzule orok gustuko duen programazioa, musika edota elkarrizketak hauta ditzake. Etxeberriak azaldu duen moduan, «Euskal Herrian irrati ugari dago, baina gehienak gaurkotasunari lotuak. Guk erreportaje denboragabeak eskaintzen ditugu eta, horrez gainera, didaktikoa eta ludikoa den irratia sortu dugu». Horren adibide dira euskara ikasten ari diren ikasleentzat web gunean eskegi dituzten 1. eta 2. mailako ariketa koadernoak.
Bi urte hauen balorazioari dagokionez, Etxeberria oso kontent azaldu da. «Oso harrera positiboa izan dugu, entzuleei inkestak egin ostean oso kritika positiboak jaso ditugu». Gainera, duela denbora gutxi Frantziako estatuak azken sei urtetan sortutako 10.500 proiektuen artean 20 onenak aukeratu ditu eta Radiokultura hautatutako horien artean dago.
Urtarriletik aurrera Lekuinen kokatutako irrati honek berrikuntza ugari sartuko ditu, programazioaren maiztasuna, esate baterako. Orain arte programazioa hilean behin aldatu izan badute ere, hemendik aurrera hamar egunero berrituko dute. Gaurkotasunarekin lotura duen magazineren bat ere prestatzeko asmoa dute. Programazioaren beste osagaietako bat Euskal Herriko hainbat irratirekin elkartrukatzen dituzten saioak dira, baita kolaboratzaile sare zabala ere.